Eskolak

Santa Ana ikastetxea. Ordizia

Autoritate zibila eta eklesiastikoekin mantendu zituzten harremanak aldagarriak izan ziren eta urteetan zehar aldatu ziren. Horrela hasieran apaiz-parrokoarekin harremanak ez ziren oso onak izan, batez ere, honek akademia laguntzen zuelako, baina urte batzuk beranduago egoera hura aldatu zen. Ordea, herriko autoritateekin harremanak beti oso onak izan ziren. Baina ikus dezagun.

Eskola martxan jarri bezain laster, lehenengo istiluak hasi ziren apaiz-parrokoarekin, zeinek 1950eko irailaren 18an, Anaia Zuzendariari etxebizitzako egongela eskatu zion organistak haurrei klase emateko arratsaldeko bostetatik zazpietara eta, aldi berean, umeek jolastuko zuten. Baimen hura eman baino lehen Zuzendariak Parrokoari eragozpenak zeudela jakinarazi zion. Baina Parrokoak ekin eta ekin zion eta Zuzendariak Anaia Ikuskatzailearen eskuetan proposamena utzi zuen. Haien artean egonezina nabaria zen eta urte bat baino gehiago iraun zuen. Presioa sartzeko Parrokoak akademiari buruz hitz egin zion eta gogorarazten zion hurrengo igandean "Santísima Trinidad" eguna ospatuko zutela. Egun hartan organistak parte hartu zuen, baina ez parrokiako organista, Gurrutxaga jauna baizik, eta hau ez zen Parrokoaren gustukoa. Are eta gehiago, Gurrutxaga eta parrokiako organistaren artean harremanak txarrak ziren eta parrokoak, noski, bere organista defendatzen zuen. Testuinguru honetan apaiz-parrokoa haserre zegoen eta ideia bitxi bat bururatu zitzaion: kapelan apaiz batuk zeuden meza ematen eta parrokoak Anaia Zuzendariari "zerbait" eman ziezaiola esan zion. Zuzendariak, zalantzarik gabe, eskua patrikan sartu zuen eta zazpi pezeta eman zizkien apaizei, baina hauek ez zituzten hartu eta haserre ziren. Kasu honetan, Zuzendariak errefusa hura ez zuela onartzen erantzun zien eta Parrokoari kontatuko ziola. Urte batzuk pasatu behar izan zituzten egoera bideratzeko.

Udalak, bere aldetik, beti oso ondo portatu zen Anaiekin, esate baterako, 1954ean Zuzendariak bi gelako eta kapelako konponketak Alkateari eskatu zizkion eta honek, berehala, proposamena Plenora eraman zuen eta zalantzarik gabe onartu zuten proposamena. Aldi berean, Alkateak Anaia Zuzendariari etxeko etxabea eskatu zion Miserikordiako Kapilauarentzat. Anaia Ikuskatzaileari egin zioten kontsulta eta honek bere oniritzia ematen zuen zalantzarik gabe.

Beste aldetik, 1962an Lehenengo Hezkuntzako Ikuskatzaileak bisita bat egin zuen eta harreman onak ere islatu ziren. Honek asteko oporra aldatze proposatu zuen, hau da, ostegunetan arratsaldez jaia zeukaten eta Ikuskatzaileak jaia hura larunbata arratsaldera pasatzea proposatzen zuen, "herrian egun hartan klasea ematen zuten bakarrak gu ginelako". Horrela da, arrazoia zeukan, baina lasaliatarrek ohitura hura zeukaten eta momentuz, Anaia Zuzendariak proposamena alde batera utzi zuen eta jarraitu zuten bere ohitua mantentzen, alegia, ostegunetan arratsaldez jai izango zuten, baina Zuzendariak ere aipatzen zuen "ziur aski bueltatzen denean, kontu hau berriro proposatuko digu".

Urte bat beranduago Udalarekin zituzten harreman onak berriro islatzen ziren. Urte hartan Udalak bisita bat egin zion Santa Ana eskolari eta bisita hartan Alkateak, zinegotziek eta Anaia Ikuskatzaileak, Alberto Lucas Anaiak, parte hartu zuten. Azken honek aukera aprobetxatu zuen hitz batzuk esateko eta Anaiei beraien zeregina eskertzeko.

1966an gertakizun berezi bat izan zuten. Lehenengo aldiz meza euskaraz egin zuten, Jesus Errandoneak, hain zuzen ere, "Credo eta Gloria" izan ezik. "Anaien gustukoa izan zen oso arrunta izan zelako". Kasualitatez, urte hartan ere Lazkaon ikastaro bat hasi zen, "euskarazko metodologia" eta asteartero bi Anai joaten ziren, oso pozik, eta helburu batekin: "ea posible den hau egitea barruti osoan". Euskararen alde jarrera hau urrutiago joan zen eta 1965eko "Historikoak" horrela bukatzen zuen "Zorionak eta urte berri on" Erroman euskaraz jakingo bazuten bezala.

Ordea, nahiz eta eskolaren ibilbidea ona izan, 1965ean Anaia Ikuskatzaileak eskolak "bere etorkizuna argi ez zeukala ikusten zuen. Irakaskuntzako Zentro Nagusiek haurrak "xurgatzen" dituzte". Urte hartako azken bisitan Anaia Ikuskatzaileak "Lehenengo hezkuntzako klaseak ez daude ondo antolatuak, irakasle sekularren prestakuntza ez daukatelako eta Anaiek ikuskaritza egiten ez dutelako" esan zuen. 1969ko "Historikoan" azken berriak ditugu Santa Ana eskolari buruz. Une hartan Anaiek "gure ikasleen familiak bezala bizi gara" esaten zuten. Ez dago argi baina dirudienez, Anaiek Santa Ana ikastetxea utzi zuten Lehenengo eta Ertain Hezkuntza ezin zituztelako mantendu eskaintza eskolarra zabalagoa zelako eta, beste aldetik ezin dugu ahaztu Anaiek beste zentro bat Beasainen zeukatela. Hala ere, Ordizian Gurasoen Elkarte bat sortu zuten eta Patronatu bat sortzen saiatu ziren. Hauek, berehala Santa Ana ikastetxean zeuden altzariak eskatu zituzten. Egun batzuk beranduago Udalak bere ardurara utzi zuen eta Patronatua jada ez zen saiakera bat errealitate bat baizik.