Musikari eta konpositore gipuzkoarra, 1886an Donostian jaioa eta 1976an Washingtonen hila.
Turina eta Pérez Casas izan zituen maisu, Madrilgo Orkestra Filarmonikoan kontzertino gisa arituz; Alabarderoen Errege Gorputzeko banda zuzendu zuen. Ondoren, Kubara joan zen, eta han garatu zuen bere bizitza artistikoaren zatirik handiena. Habanako Orkestra Sinfonikoaren zuzendaria izan zen 20 urtez, eta Falla, Ravel, Debussy, Turina, Honegger eta Poulenc bezalako musikari modernoen lana zabaldu zuen Kuban, baita amerikar orkestra garrantzitsuenetako batzuk zuzendu ere. 1934an Estatu Batuetan instalatu zen. Obra askoren egilea da, eta horietako askotan Karibeko musika autoktonoaren eragina nabarmentzen da. Aipatzekoak dira, besteak beste, Pastoralak, Baserritarra, Gaztelako Sonak, Suleika, Paisaia eta tokiak, Liturgia Beltza, Afrodita, Makumba eta Suzko Herensugea .
