Arkitektura

San Seberinoren eliza. Balmaseda

Balmaseda 1199an sortutako hiribildua da Kadagua ibaiaren bazterrean eta komertzialki toki estrategiko batetan, Burgosetik kostaldera zihoan komertzio bidean baitago. Erdi Aroko urbanismoan ohikoa den legez hiru kale nagusi ditu, ibaiaren paraleloan kokatuak, eta hiru kale horiek elkartzen diren tokian, hiriaren ertz batean, dago San Seberinori dedikatutako eliza. Beraz, eliza eta bere inguruko plaza izango da Erdi Aroan zehar Balmaseda hiribilduaren tokirik nabarmena.

Pentsatu dezakegu San Seberinoren lehenbiziko eraikuntza XII. mendeko eliza erromaniko bat izango zela eta hiria handitu ahala eliza ere hainbatetan eraldatuko zutela. Baina jatorrizko elizarik ez zaigu iritsi, gaur egun ikusi daitekeena XV. mendetik aurrera eraikitakoa baita. Garai honetakoa edo pixka bat lehenagokoa da oinplanoa eta eraikuntzaren estruktura nagusia. Oinplanoa laukizuzena da baina barruan gurutze formako oinplanoa dauka. Hiru habearte ditu, bakoitza lau tramukoa, eta erdiko nabea albokoak baina alturagoa eta zabalagoa da. Horrekin batera, gurutzadura osatzen duten tramuak ere erdiko nabearen altuera eta zabalera berekoak dira, horregatik esan daiteke gurutze formako oinplanoa daukala baina laukizuzen baten barruan. Burualdea poligonala da eta horma-atal bakoitzean leiho bikoiztu luze batzuk daude, estilo gotiko aberatsak izan ohi dituen bezala. Honek argia sartzen uzten du barrura. Garai batetan kolorezko beirateak edukiko lituzkete eta argiztapen artifizial bat emango lukete barrualdera, gotikoak bilatzen zuen espazio mistikoari erantzunez, baina gaur egun dituen beirateak berriak dira.

Estalkiei dagokionez, gurutze-gangak dira guztiak. Ganga horien pisua jasotzen duten nerbioek kolometan deskantsatzen dute, eta horrekin gurutze formako oinarria duten koloma hauei kolomatxoak atxikitzen zaizkie, koloma faszikuludunak osatuz. Kapitel estu batzuk ere badituzte koloma hauek, batzuk historia giroko apaingarriekin eta beste batzuk landare dekorazioarekin. Historiarekin lotutakoak direnek Azken Judizio bat irudikatzen dute eta baita bertutea eta bizioaren arteko kontrajartzea ere. Elizetan hainbatetan agertzen diren gaiak ditugu hauek.

Barrualdea argiztatzeko, lehen aipatutako burualdeko leiho luzeez gain, hainbat leiho gotiko daude. Deigarriak dira leihoak luzexkak direlako, altueran kokatuak eta txaranbelduak. Batzuk gainera hiru zatitan banatuak daude, arku lobulatuak dituzte, mentsulen gaineko hauts-babesak dituzte, eta kurbadun dekorazio ugari dute. Leiho hauek erakusten dutena da gotiko aberatsean eginak daudela, Euskal Herrian ez daudela horrelako obra askorik eta Burgosko gotikoaren eragin zuzena jasotzen dutela. Gogoratu behar dugu Balmaseda Burgosetik kostaldera zihoan merkataritza bidean dagoela eta horregatik bere jarduera artistikoetan Burgoseko eragina jasotzen duela, Gaztelako hiria garai honetan zentro artistiko bikaina zen eta.

Elizak bi sarrera ditu. Sarrera nagusia gurutzaduraren besoan dago, hegoaldera begira. Gaur egun bere jatorrizko itxura gotikoa eraldatuta du, barrokoaren alde egina, XVII. mendeko berrikuntza batzuk direla eta. Gotikoak ditu egitura nagusia, sarrera, okulua eta alboetako leihoak, eta barrokoa da errematea eta goiko zati osoa. Sarrerari dagokionez, habeartearen zabaltasuna hartzen du, txaranbeldua da eta izaera gotiko argia dauka, beste eliza batzuk baino gehiago. Mainel batek banatzen ditu bi arku beheratu, eta bertan Salbatorearen irudi bat dago. Alboetako janbak bi gorputzez osatuak daude eta droselez errematatuko nitxoak dituzte, hutsik orain baina eskulturak izateko sortuak. Tinpanoak arku gotikoak ditu, arkitektura-diseinua du eta Toledoko katedraleko Lehoien atearen eragina daukala esaten da. Portada honen gainean okulo eder bat dago barrualdea argiztatzeko eta bere diseinua izar eta begetal itxurakoa da, naturalista eta apaingarria, gotikoan ohikoa den bezala. Fatxadaren alboetan beste leiho gotiko luze batzuk daude eta kontrahorma batzuk bertikalki banatzen dute.

Goiko partea XVIII. mendearen lehen erdialdean Marcos de Santa Teresa fraide karmeldarraren proiektuarekin egina dago eta itxura gotikoa kentzen dio elizari. Pinakulu barrokoz osatutako erremate bat jarri zioten eliza osoari bueltan, eta fatxada nagusiaren kasuan, San Mikelen irudi batek koroatzen duen horma triangeluar bat ere bai.

Bigarren sarrera elizaren oinean dago eta nagusia baino xumeagoa da. Ez du dekoraziorik eta egiturari dagokionez, aurrekoa bezalakoa da: kontrahorma soil batzuk banatzen du horma bertikalki, leiho zorrotz batzuk ditu alboetan, atea erdian eta okulua goian. Honek ere erremate barroko bat du. Fatxada honetan ikusi daitekeen elementurik barrokoena dorrea da. Oinarri gotikoa duen arren XVIII. mendean egina dago eta horren erakusgarri da kanpaiak gordetzen dituen gorputza: zortzi aldekoa (karratua da baina ertzak alakatuak dituenez oinplano oktogonala du), balaustrada dinamiko batekin eta lorontzi ugari ertzetan. Euskal Herriko kanpandorre barrokoen artean erreferente bat da.

Eliza honek baditu kapera interesagarri batzuk. Haietako bat da Kristo Santuaren kapera, edo Urrutiatarrena, Juan Urrutiak eraikiarazi zuen 1541 eta 1545artean. XVI. mendekoa izanagatik ere izaera gotikoa dauka, eta elizako parterik aberatsena dela esan daiteke. Oinplano karratua dauka eta bere elementurik garrantzitsuena zortzi puntako izar ganga da, erdian kalatua dena eta lau tronpen gainetik altxatzen dena. Kanpotik hainbat kontrahorma ditu kupularen pisua sostengatzeko. Kapera hau Juan de Rasines kantabriar harginak egin zuen eta 1545. urterako bukatuta zegoen, barruan duen inskripzio baten arabera. Kaperaren sarreran eta barrualdean Juan de Urrutia patroiaren armarriak daude. Ohikoa zen garai honetan Balmasedan jaio eta kanpoan aberastutakoek jatorrizko herrian kaperak eraikitzea, eta hau da Juan de Urrutiaren kasua, Sevillan bizi zen merkatari bat baitzen. Amerikara egindako merkataritzarekin aberastu ziren Urrutiatarrak, eta haien merkantzien artean esklaboak ere zeuden. Sendiaren hil kapera izateko eraikiarazi zuten Kristo Santuaren kapera hau.

Kapera aberats honen arkitekturak ere Burgoseko arte gotikoaren eragin zuzena du, nahiz eta XVI. mendekoa izan. Arkitektura kontserbadore baten ondoan aldiz, erretaula moderno bat ikusi dezakegu, Bizkaiko artelan bikainenetako bat dena hain zuzen. Kaperaren garai berean egina dago baina estiloari dagokionez Errenazimendu bete-betean kokatu behar dugu. Erretaularen arkitektura trazak erromatar garaiko garaipen-arku bat imitatzen du: erdi puntu arku beheratu bat da, koloma klasikoak alboan dituelarik. Erdian Kalbarioaren eszena bat du eta haren ondoan San Andresen eta San Petriren irudiak. Bankuan Pasioaren hainbat pasarte erliebetan. Erretaula hau Beaugrant sendiko eskultoreek egin zuten XVI. mende erdialdean eta garai honetako eskulturaren ezaugarririk onenak dituzte: espresio bizia, mugimendua eta naturaltasuna, besteak beste. Beaugrantarrak frantziarrak ziren eta Euskal Herrian eta Errioxan egin zuten lan, eta Bizkaian lan egin zuten eskultorerik garrantzitsuenak dira.

Kapera honen ondoan badago beste bat, Sorkuntzearena edo Quadra-Molllinedo kapera deitzen dena. Hau ere partikular batzuek ordaindutakoa eta horren adierazle dira familia honen armarriak nonahi. 1582 eta 1587 inguruan eraiki zuten hil kapera izan zedin eta oinplano karratukoa da. Honek ere izar-ganga apaingarria du estalki moduan.

Balmasedako San Seberinoren eliza Euskal Herriko gotikoaren adierazle bikain bat da, gotikoaren fase helduan egina baitago, Bilboko San Antonen eliza, Getariako Santa Mariarena edo Aguraingo Santa Mariaren eliza bezala, batzuk aipatzearren. Horren adierazle dira leiho ugariak eta apaingarriak, koloma faszikulatuak, landare-dekorazioz betetako okuluak, eta portikoen diseinu apainduak ere.

Eraikuntza gotiko eder bati elementu barrokoak gehitu zizkioten eta itxuraldatu zuten, nolabait "eguneratzeko" asmoz XVIII. mendean. Horrekin izaera gotikoa desagertzen da baina ohikoa izaten da mendeetan zehar erabilpena izan duten eraikuntza hauetan eta horrek ere aberastasun artistikoa duela kontutan hartu behar dugu, historiaren testigantza zuzenak dira eta.