Jatorriz XIII. mendeko tenplua zen, baina XVI. mendean oso eraldatua izan zen.
Oinplanoak habearte bakarra du, tamaina ezberdineko hiru tarteunetan banaturik, gehi gurutzadura eta absidea eremu bateratu batean elkartzen dituen burualde sakona, hiru hormataleko bukaerarekin. Sarrera hegoaldeko murruan dago, eta pilareen gaineko aterpe batez babestua doa. Pareko horman bataio-kapera bikoitza dago, eta sakristia burualdearen Epistolaren aldeko murruan itsatsita dagoen oinplano pentagonal irregularra duen gela da.
Murruak harlandu onez egina daude, batez ere XVI. mendean gehitutako hormataletan. Barnealdean, alboko kaperetan sartzeko bi arku beheratuak daude, eta argiztapena bermatzeko bi leiho, oinetako horman dagoena erdi puntukoa, eta bestea zuzena, transeptuaren eskuineko besoan. Habeartearen oinetan koru jasoa dago, arku beheratu baten gainean eta zurezko balaustrada sinple batekin.
Habearteak kanoi-gangaz estalitako hiru tarteune ditu, arku fajoien bitartez bereiztuak, eta bultzadak tenpluaren barneko perimetro osoan dagoen inposta batek batzen dituen mentsuletara transmititzen dira. Estilo erromanikoko lau kapitel kontserbatu dira, zeinetatik hiruk motibo figuratiboak dituzten. Munstroen aurpegiak irudikatu ziren, gizaki bat jaten kasu batean eta beste bat zuzi antzeko zerbait erakusten. Oso estilo xume eta eskematikoa dute. Burualdeak sei puntako gurutze-ganga izarratua jaso zuen, gurutzadura eta absidearen oinplano bateratuari egokitua. Alboko kaperek gurutze-ganga sinpleak dituzte, eta sakristiak bere oinplano irregularrari egokitutako ganga nerbioduna.
Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehengo tarteunearen gainean altxatu zuten. Fustea motza eta leuna da, eta goialdean adreiluzko erdi puntuko bao bat erakusten du, kanpaia kokatzeko, lau isurialdeko teilatuaren azpian. Dorrearen alde batean, adarbe almenatu baten arrastoa ematen duten lau merloi ikus daitezke, nahia defentsiboa erakutsiz. Pilare karratuen gaineko aterpea ere ikus daiteke, adreiluzko erdi puntuko hiru arkuekin, atea babesteko. Sarrera erdi puntuko arku abozinatu sinplea da, hiru arkiboltekin, eta kapitel eta harroina molduratuak dituzten zutabetxoekin, polikromiaren arrasto nabarmenekin. Ezkerraldean giza aurpegi eskematiko bat ikus daiteke, eta giltzarrian oso galdua dagoen armarria.
Barnealdean, tenpluko titularra den San Pedroren eskultura dago presbiterioan. Errenazentista da, XVI. mendeko hirugarren laurdenean egina, eta Miguel de Espinalek eta Juan de Arbizuk egin zuten erretaularen azken arrastoa da. Saindua pontifize bezala jantzita dago, eserita, esku batean giltza duela, eta bestearekin bedeinkatzen duen bitartean. Arropak puzkorrak dira, ongi eratutako tolestura plastiko eta dotoreekin, simetriarako joera duten arren. Keinuak hotzak eta zurrunak dira, eta aurpegia adiera gabekoa. J.M. Aikuak eta J. Asironek jakin izan zutenaren arabera (1990), erretaula XIX. mende bukaeran saldu zieten Kataluniako antikuari batzuei.
Ebanjelioren aldeko murruan dagoen bataio-kaperan bataiarri bat ikus daiteke, fuste motz zilindrikoarekin, bola batzuekin apaindutako kapitel handi batekin eta katilu semiesferikoarekin. Gertu, XVII. mendeko Gurutziltzatu bat dago. Transeptuaren iparreko besoan interes handirik ez duen erretaula neogotiko bat dago, irudigintza modernoarekin.
Epistolaren aldeko murruan beste erretaula neogotiko bat dago, transeptuaren hegoaldeko besoan hain zuzen ere, eta ate ondoan 1746ko data daraman ur bedeinkatuko ponte bat. Sakristian Gurutziltzatu erromanista bat ikus daiteke, Iruñeko Pedro de Arraidu artistak egina, baita zilargintza lan batzuk ere.
- CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, III. tomoa, N.A.K. 1982, 64 orr.
- GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, IV* tomoa, Merindad de Sangüesa, Abaurrea Alta-Izalzu, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1989, 265-268 orr.
- PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 234 orr.
- LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 277 orr.
- MENÉNDEZ PIDAL, Faustino; MARTINENA, Juan José: Libro de Armería del Reino de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2001, 205. zk.
- A.A.B.B. El Valle de Elorz. Naturaleza, Historia y Arte. Iruñea, Elotzibarreko Udala, Bianako Printzea, 1990, 194-198 orr.
