Muino baten gainean dago, hirigunetik zertxobait aparte, eta aspaldian hondatu zen. Perimetro-hormak, estalkirik gabe, Iberoko gaur egungo hilerriaren hesi bezala erabiltzen dira. Eliza zahar hau XV. mendean edo hurrengo mendearen lehen erdialdean eraiki zen, estilo gotikoan oraindik.
Lau tarteuneez osatutako habearte bakarrekoa da, eta burualdeak hiru hormataleko oinplano poligonala du. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean eta bi kontrahormen artean irekia. Sakonera gutxiko bi kaperek, presbiterioaren aurreko tarteunean atxikiak, transeptu motz bezala funtzionatzen dute.
Murruak harlanduez egina daude, goiko zati guztia galdu den arren, beste zehaztasun batzuk ezabatuz. Alboko kaperetan tertzeletezko gangak zeuden, eta nerbioak murruetan sartutako mentsula konikoetan amaitzen ziren, bultzadak perimetro-hormetara transmititzeko.
Oraindik kontserbatzen da elizaren jatorrizko atea. Zorrotza eta abozinatua da, profil bereko lau arkiboltekin, gehi kanpotik doan euri-babes moduko moldura bat. Arkiboltak dekoraziorik gabeko kapitelak dituzten zutabetxoen gainean doaz. Tinpano moduko bat du, non erdi-puntuko arku bat landu duten. Eliza honen altzariak eta hornidura liturgikoa eraman zuten aspaldian, baina Ebanjelioaren aldeko murruan oraindik ikus daiteke, berrerabilia, harrizko sarkofago erromatar bat, bi isurialdeko estalkiarekin.
- ASIRON, J.: El palacio señorial gótico en la Navarra rural. Palacios de cabo de armería, torres de linaje, casas fuertes. Argitaratu gabeko doktore-tesia.
- CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 435-436 orr.
- GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 54, 134, 135, 137 orr.
- GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 427-433 orr.
- PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 119 orr.
- LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 121 orr.
