Arkitektura

San Migelen Parrokia. Markalain

Tenplu gotiko goiztiarra da, 1200. urte ingurukoa, gaur egun arte oso ongi kontserbatua iritsi dena.

Lau tarteuneko habearte bakarra du, azken tarteuneak burualde zuzena bezala funtzionatzen duelarik. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin babestua doa. Pareko murruan oinplano errektangeluarreko kapera txiki bat dago, eta honetatik koru jasora eta dorrera igotzeko eskailerara pasa daiteke. Sakristia, bestalde, burualdeari itsatsitako oinplano errektangeluarra duen gela da.

Murruak formatu irregularreko harlanduz egina daude, kanpoaldean hormatal batzuk luzituak daudelarik. Bi leiho moderno daude, alboko kaperan eta burualdearen hegoaldeko murruan. Badira bi leiho orijinalak ere, abozinatuak eta erdi puntukoak biak, elizaren bi alde motzetan, hau da eraikinaren ardatzean. Habeartearen oinetan, bestalde, koru jaso moderno bat dago, zurezko egiturarekin eta dekorazio barrokoarekin.

Habeartea kanoi ganga zorrotz batekin estalita dago, eta profil bereko arku fajoiekin indartua doa, honela bultzadak perimetro-hormetara transmititzen direlarik, elizaren perimetro osotik doan inposta batek bateratzen dituen mentsulen bitartez. Sakristiak kanoi ganga bat jaso zuen.

Kanpoaldean dorrea nabarmendu behar dugu, habeartearen lehengo tarteunearen gainean eraikia. Goiko zatia eraldatua izan dela ematen du. Aterpeak tamaina handiko erdi puntuko bi arkuekin irekita doa, harrizko pilare komun batekin. Bigarren solairu bat du, leiho zuzenekin, parrokiko beste gela batzuei argiztapena emateko. Elizaren atea orijinala da, arku zorrotz abozinatu batekin. Ertz biziko hiru arkibolta ditu, apaigarri geometrikoko kapitel jarraituak dituzten zutabetxoekin. Giltzarrietan, krismoi hirukoiztar bat eta ilgora gainean daraman izar bat ikus daiteke. Euri-babes moduko moldura ere badu, nahiko galdurik dagoen xakeztatu batekin apaindua. Gertu, hormetan sartutako Ama Birjina eta Haurraren erliebe bat dago, XIII. mende hasierakoa.

Presbiterioan erretaula nagusia dago, XVII. mende hasieran Juan de Gastelúzar eskultoreak egina, estilo erromanistan. Trazari dagokionez, bankua du, hiru kaleko bi atal gehi atiko hirukoitza. Orden joniarreko eta konposatuko zutabeekin antolatua dago. Irudigintzari dagokionez, erliebez eginiko eszenak ditu, Baratzeko Otoitza, Atxiloketa, Ama Birjinaren Ikustaldia eta Deikundea, San Migelen erdiko eskulturarekin, mukulu biribilekoa eta era erromatarrera jantzita. Atikoan, azkenik, bi gotzainen eta bi emakumeen erliebeak daude, Hirutasun Santuarekin erdian.

Ebanjelioaren aldeko murruan XVII. mendeko Gurutziltzatu barroko bat ikus daiteke, eta alde bereko kaperan XVI. mendeko San Blasen irudia. Biak dira eredu nobleen interpretazio herrikoiak, bertako artisauek egina. Bataio-pontea erromanikoa da, eta bolekin apaindutako harroin karratua du, fuste zilindriko motza eta katilu semiesferikoa, dekoraziorik gabekoa. Pareko horman ur bedeinkatuko ponte bat dago, XVII. mendekoa, apaingarri geometrikoekin eta moldura horzdun barroko batekin. Sakristian tiradera-altzari manierista bat ikus daiteke, XVII. mendekoa, eta Gurutziltzatu barroko trakets bat. Bukatzeko, bertan dauden zilargintza-lan batzuk ere aipatu daitezke.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 417 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 100 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 144-148 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 134 orr.