Arkitektura

San Migelen parrokia. Gasteiz

Gasteizko San Migelen eliza hiriko esanguratsuenen artean kokatu behar dugu, izan duen garrantzia historikoa dela eta. Historiako lehen aipamena 1181ekoa da, Gasteiz hiriaren fundaziokoa hain zuzen, eta bertan herriko agintariek haien kargu publikoak zin egiteko tokia bezala agertzen da. Beraz badakigu XII. mendea baino lehenagotik existitzen zela eliza toki horretan. Nahiz eta elizaren existentzia XII. mendetik ezagutu, ez da XIV. mendea baino lehenagoko arrastorik kontserbatzen. Pentsatu dezakegu lehenbiziko eliza erromanikoa zela, baina gaur egun ikusi daitekeena gotikoa eta errenazimendukoa da gehienbat, XVII, XVIII eta XIX. mendeetan egindako moldaketez gain.

Elizaren parterik zaharrena portada eta burualdetik gertuen dagoen tramuaren bi sostengu-kolomak dira, eta XIV. mendearen erdialdean datatu ditzakegu. Kolomen kasuan, borobilak dira eta kolomatxo ezarriak dituzte eta kapiteletan landare gaiak dituzte, XIV. mendean ohikoa zen bezala. Gasteizen bertan dauden eraikin gotikoekin alderatuz gero berdinak direla ikusi dezakegu, momentu honetan -XIII. eta XIV. mendeetan hain zuzen- hiriak gorakada nabarmena izan baitzuen eta orduan eraiki baitziren hiriko eliza gotikoak estilo berean. Ataurrearekin ere gauza bera gertatzen da: Gasteizko eliza gotikoen artean portiko nabarmena izango zela pentsa dezakegu baina kontserbazio egoera oso kaskarrean iritsi zaigu. Arkibolta guztiak falta zaizkio -ziur aski XVII edo XVIII. mendean txikitu zituzten- bai eta maineleko eskultura ere. Tinpanoa da geratzen den bakarra eta hura zeharo hondatuta dago gainera. San Migelen kondairaren hainbat pasarte agertzen dira, adibidez Gargano mendiko kondaira. Baina tinpanoko eskulturako ikonografiaren berezitasuna, Azken Judizioko Psikostasian (arimen pisaketan) eta Paternitas erako Hirutasunaren irudian datza, bi gai hauek portiko honen aurrean egiten ziren epaiei erreferentzia zuzena egiten baitie. Modu honetan tinpanoko ikonografia eraikinaren erabilpenari modu zuzen batetan lotua dagoela ikusi dezakegu, gotikoan gertatzen den bezala, eta honekin gainera Gasteizko hiriaren fundazioan eliza honi ematen zaion funtzio juridikoa berretsi daiteke. Eskultura hauen kontserbazio egoera kaskarra dela eta ezin daiteke zizelkatze lana ongi sumatu, baina hala ere nabaritzen da naturaltasunez egindako irudiak direla eta irudien orrazkera eta jantzietan erreparatuz, bistan da Gaztelako eskulturaren eragina daukatela.

Elizaren zatirik handiena XV. mendearen bigarren erdialdean eraiki zen. Garai horretakoak dira hormak, gangak eta dorre zaharra, bai eta Hedegile kalera irekitzen den ate arku zorrozduna ere. Ate honetan dago San Migelen eskultura oso interesgarri bat. Estalkiei dagokionez, nabe nagusian izar-gangak daude eta albokoetan aldiz, gurutze-gangak. Guztietan ikusi daitezke ganga-giltzarri interesgarri batzuk, elizaren historiari buruz datu interesgarriak ematen dizkigutenak, Ama Birjina, San Migel edo Hirutasuna irudikatzeaz gain, hiriko sendi boteretsuen armarriak ere daudelako. Arriaga, Adurtza, Eskoriatza, Mendieta, Narria-Oñate edo Sanchez de Bilbao familien armarrien presentziak elizaren finantziazioari buruz hitz egiten ditu eta sendi bakoitzak ordaindu zuen zatia agerian uzten du. Armarri hauen artean Errege-Erregina katolikoena ere dago, eta bertan granada bat agertzen denez ganga hori 1492 urtearen ondotik egina dagoela ondorioztatu daiteke.

XVI. mende hasierakoak dira korua eta portikoa, bi arku handiekin ataurrea babesten duena eta Andre Mari Zuriaren irudia gordetzen duena, bai eta burualdean dagoen hilobi arkitektonikoa ere. Elementu guzti hauetan Errenazimenduaren hasierako gaiak aurkitu ditzakegu, gruteskoak kasu, oso nabarmenak eta deigarriak burualdeko Arriagatarren hilobiaren eskultura lanean. Grutesko hauek dira hain zuzen Errenazimenduak Gasteizen eragindako lehen obrak. Eskulturaren elementu moderno eta berriztatzaile hauek ordea, arkitekturaren izaera kontserbadorearekin uztartzen dira, eta horren erakusle dira portikoko izar-gangak eta koruko balkoi flamigero kalatua.

XVI. mendearen erdialdetik aurrera egin zen burualde oktogonala, zaharra botata. Lan hau Pedro de Elosu harginak egin zuen 1560tik aurrera. Ohikoa den legez izar-ganga jarri zion estalki bezala, eta kanpoaldetik, Aihotz plazatik, ikusi daiteke oktogonala dela eta ertzetan kontrahorma sendoak dituela, gangen pisua sostengatzeko. Garai honetakoak dira elizako kolometan ikusgai dauden harrizko armarriak ere, koloma bakoitzean egon ziren hilobi eta erretaulen azken erakusgarri. Burualdea bukatzean zegoenean eta hura apaintzeko, elizak Juan de Anchietari erretaula nagusia enkargatu zion 1575ean. Honek bi kontratu sinatu zituen Lope de Larrea eta Esteban de Velasco arabar bi artistekin batera. Anchieta eskultoreak ez zuen erretaula bukatzerik izan baina egindako lanak gaur egun Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoan daude erakusgai eta Arabako eskultura erromanistaren piezarik garrantzitsuenak dira, Anchieta maisuak Araban egindako bakarrak baitira.

Dorre zaharra, XV. mendekoa, 1579an erori egin zen elizari kalteak eraginez, eta berria 1587an hasi zuten Juan de Elorriaga, Domingo de Iturrieta, Martin de Ollona eta Juan de Lazpeiti harginek. Dorrearen oinarria karratua da eta XVI. mendean eraiki zuten, baina kanpaien gorputza 1661tik aurrera egina dago eta barrokoa da. Gorputz hau hexagonala da, erdi puntuko arkuak ditu kanpaiak kokatzeko eta horma leiho obalatu itsu batzuekin dinamizatua dago, barrokoak agintzen duen bezala. Nonahi harrizko lorontzi barrokoak ditu gainera. Dorrea burutzen duen txapitela 1771n egin zuten, eta bertatik botatzen dute Zeledon pertsonai herrikoiaren panpin famatua Gasteizko jaiei hasiera emanez, abuztuaren 4ean.

Elizak hainbat kapera ditu. XVI. mendearen bigarren erdialdean izendatzen dira elizaren gorputzari itsatsiak, guztiak laguntza pribatuaren fruitu. Kapera hauek XIX. mendean eraldaketa sakonak jasan zituzten eta ez dute berezko altzari, burdin hesi edo pinturarik kontserbatzen, ez eta jatorrizko izenperik ere. Haietako bat da hain zuzen gaur egun Gasteizko zaindaria den Andre Mari Zuriaren kapera. 1556an fundatua da Doloreetako Ama Birjinaren izenean, baina 1854ean, Andre Mari Zuriaren debozioaren gorakada zela eta, asko eraldatu zuten. Erretaula neoklasiko batek babesten du Andre Mariaren irudia, prozesioan aterako zutena urtero. Irudia 1854koa da eta Alejandro eta Inocencio Valdivielso anaiek egin zuten.

1621an Juan eta Marcos de Mendiolak fundatu zuten San Martinen kapera karratua, orain Sortzez Garbiaren babespean jarrita eta oso eraldatua. Jatorrizko elementutik kontserbatzen duena bere portada da, orain elizaren kanpoaldean portiko azpian dagoena, eta Barrokoaren hasierako klasizismoa erakusten duena.

Eliza honek gordetzen duen altzaririk garrantzitsuena erretaula nagusia da. 1624tik aurrera egin zuen Gregorio Fernandez eskultoreak bere Valladolideko tailerrean, eta 1632an elizan muntatu zutenean benetako mirespena sortu zuen. Euskal Herrian Barrokoari hasiera ematen dion artelana dugu, eta garai honetan obra bikainetatik bikainena da.

Oro har San Migelen eliza gotikoa dela esan daiteke bere arkitekturari erreparatzen badiogu. Jatorri zaharragoa duen arren XV. mendearen bigarren erdialdetik aurrera egindakoa da iritsi zaiguna. Ohiko historia dauka eliza honek. Gotikoan eraiki, gotiko berantiarrean bukatu, XVI. mendean burualdea eta kaperak egin, XVII.ean kapera gehiago eta dorrea. Oinarrian gotikoa bada ere, Errenazimenduak eta Barrokoak indar handia dute, batez ere altzarietan. Hala ere, XIX. mendean eraldaketa sakonak jasan zituen eta aurreko estiloak gorde zitzaizkion.