Arkitektura

San Migelen Parrokia. Egillor

Eliza mota hau, Nafarroan XII eta XIII. mendeen artean arrakasta handia izan zuen tipologia batean koka daiteke.

Oinplanoa tamaina ezberdinez osatutako habearte bakarrekoa da, hiru hormataletako burualde poligonalarekin. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin babestua dago. Iparraldeko murruan, berriz, koru jasora eta dorrera igotzeko barne-eskaileraren bolumena ikus daiteke. Hirugarren tarteunean sakonera gutxiko kapera bat atxiki zuten, sakristia burualdearen Epistolaren aldeko murruan itsatsitako oinplano irregularreko gela den bitartean.

Murruak harlanduz egina daude, eta eraldaketetan eginiko hormataletan tamaina handiagoa eta hobeto eskuairatutako harlanduak ikus daitezke, hau da sakristian eta hegoaldeko aterpean. Hiru leiho daude goialdean. Burualdearen ardatzean dagoena erretaularekin estalita dago, baina kanpoaldean bere traza, zorrotza eta hiru gingilduna, oraindik ikus daiteke. Beste leihoak Epistolaren aldeko murruan eta elizaren oinetan daude, eta modernoak dira.

Habeartea eliza eraiki zen garaiko kanoi-ganga zorrotzarekin doa, profil bereko arku fajoiekin indartuta, bultzadak perimetro-hormetara transmititzen direlarik, murruetan txertatutako mentsula gingildunen bitartez. Burualdeak hiru hormataletako ganga bat jaso zuen, nerbio sendoekin bereizita, eta mentsulatan ere amaitzen dira.

Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehenengo tarteunearen gainean dago, mota honetako tenpluetan ohi den bezala. Harlanduz egina dago, gangaren gainean zuzenean dagoen horma harlankaitzaz egin zuten arren, bultzadak arintzeko. Fuste motz trinkoa du, nahiz eta goialdean kanpaiak kokatzeko baoak dauden. Lehen aipatu bezala, hegoaldean geroago atxikitako aterpe bat dago, eta harrizko pilare baten gainean doazen bi arku zorrotz ditu frontean, gehi profil bereko hirugarren arku bat albo batean. Elizaren atea arku zorrotz sinplea da, bederatzi dobela garatuez osatua, eta dekoraziorik gabe, salmerrean dagoen moldura bat izan ezik.

Presbiterioan XX. mende hasieran estilo eklektikoan eginiko erretaula moderno bat dago. Irudigintza modernoa du gehien bat, interes gehiegirik gabekoa, baina XIII. mendeko Amabirjina eta Haurraren eskultura bat du. Clara Fernández-Ladredaren ustez modernoagoa ere izan daiteke, estilo arkaiko bat erabiliz egina. Longidako Aoseko Ama Birjinarekin antza handia du, eta Maria frontala eta eserita agertzen da, Jesus bere ezkerreko belaunaren gainean eserita dagoen bitartean. Oso eraldatua izan omen da mendeetan zehar. Gertu, XVII. mendeko igeltsuzko pulpitu bat aurki daiteke.

Ebanjelioaren aldeko murruan XVII. mendeko Gurutziltzatu barroko bat dago, lakar eta herrikoia, eta alde bereko kaperan San Kristobalen mukulu biribileko irudi erromanista bat, izen bereko baselizatik ekarrita.

Atearen ondoan hilarri bat dago, bi armarri barrokoekin. Horietako batek kasketa du, eta honako inskripzio hau: ESTA SEPULTURA ES DE LORENZO MUNARRIZ Y MARIA DE GOÑI SU MUGER Y DE SUS SUZESORES AÑO DE 1678. Sakristian, zilargintza-lan batzuetatik aparte, Santa Engraziaren XIII. mendeko irudi gotikoa dago, izen bereko baselizatik ere ekarrita.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 515 orr.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 353 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 476-479 orr.
  • PÉREZ OLLOP, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 81 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 219 orr.