Toki altuan dago, eskailera luzea duen muino baten gainean. Mendeetan zehar tenpluak eraldaketa ezberdinak jasan ditu, estilo arkitektoniko ezberdinetan. Honela, burualdeak erromanikoa da, XII. mendekoa, baina habearteko arku fajoi zorrotzak gotiko goiztiarrak dira, 1200. urte ingurukoak, eta oraindik ere beste eraldaketa handi bat egon zen beranduago, XVIII. mendean eta estilo barrokoan.
Oinplanoak luzera berdineko lau tarteuneetan banatutako habearte bakarra du, gehi burualde absidial bat. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin babestua doa. Pareko murruan, kapera txiki baten bitartez koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barneko eskailerara pasa daiteke. Sakristiari dagokionez, aterpearen jarraipena da, eta oinplano karratuko gela da.
Murruak ongi eskuairatutako harlanduxkaz egina daude, eta hegoaldeko murruan irekitako erdi puntuko hiru leiho dituzte, baita elizaren oinetan dagoen leiho zirkular bat ere. Habeartearen lehengo tarteunean, bestalde, koru jaso modernoa dago.
Habearteak kanoi-ganga zorrotza du, estilo gotikoa iragartzen duena, profil bereko arku fajoiekin antolatua. Bultzadak perimetro-hormetara transmititzen dira, murruetan txartatutako mentsula batzuen bitartez. Laugarren tarteuneak, gurutzaduraren papera betetzen duenak, ertz-ganga barrokoa jaso zuen, bere garrantzia nabarmentzeko, eta absidean labe ganga bat ikus daiteke. Sakristia, azkenik, sabai lau sinple batekin doa.
Kanpoaldean dorrea azpimarratu behar dugu. Habeartearen lehengo tarteunearen gainean altxatu zen, Nafarroako landako tenpluetan normala zen bezala. Fustea motz eta trinkoa da, eta goialdean irekitzen dira kanpaiak kokatzeko erdi puntuko bi bao, hegal luzeko lau isurialdeko teilatu baten azpian. Habeartearen gainean zuzenean dagoen horma, bestalde, zurezko bilbaduraz egin zen, puntu honetako bultzadak arintzeko. Aterpe itxi bat dago, sarrera dintelatu batekin soilik irekia, eta elizaren atea erdi puntuko arku bat da, profil berdineko bi arkiboltekin, eta euri-babes moduko moldura batekin. Arkiboltak zutoinen gainean doaz, eta apaingarririk gabeko tinpano laua darama.
Presbiterioan XVIII. mendeko erretaula barroko bat ikus daiteke. Bere trazak bankua du, hiru kaleko atal bakarra eta bukaera makurreko atikoa. Zutabe salomondarrekin antolatua doa, eta sagrarioa trazaren garaikoa da, orijinala beraz. Ikonografiari dagokionez, San Ferminen eta San Frantzisko Xabierkoaren bi eskultura moderno daude, baita XVI. mendeko San Martinen irudi bat.
Ebanjelioaren aldeko murruan XVII. mendeko Arrosarioko Ama Birjinaren erretaula manierista dago. Bankua du, hiru kaleko atala eta frontoi triangeluarra duen atikoa. Fuste ildaskatuko zutabeekin antolatua dago. Irudigintzari dagokionez, modernoa da, nahiz eta XVIII. mendeko Ama Birjinaren irudi titularra eta San Joan Bataiatzailearen irudi erromanista ere ikus daitezkeen. Gertu, Gurutziltzatu barroko bat dago, trakets eta herrikoia.
Epistolaren aldeko murruan San Pablori dedikatutako erretaula dago, XVII. mendekoa. Bere trazak bankua du, hiru kaleko atal bakarra eta atiko zuzena. Fuste ildaskatuko zutabeekin antolatua dago, bikoiztuak erdiko kalean. Ikonografiari dagokionez, San Pedroren, San Andresen eta San Pabloren Bokazioaren erliebeak daude, baita santu titularraren mukulu biribileko irudi titularra.
Korupean erdi-aroko bataio-pontea dago, fabrika gotiko goiztiarraren garaikidea. Bolekin apaindutako harroin karratua du, fuste motz zilindrikoa eta katilu semiesferikoa. Sakristian Gurutziltzatu barroko bat ikus daiteke, baita zilargintza-lan batzuk ere.
- CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 415 orr.
- GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 148-152 orr.
- LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 134 orr.
- MENÉNDEZ PIDAL, Faustino; MARTINENA, Juan José: Libro de Armería del Reino de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2001, 119. zk.
