Arkitektura

San Martinen Parrokia. Munarriz

XIV. mendeko tenplu gotikoa da, aurreko beste fabrika erromaniko baten aztarnak gelditu diren arren.

Oinplanoa hiru tarteune berdinetan banatutako habearte bakarrekoa da, burualdeak bost hormataleko disposizio poligonala duelarik. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin babestua doa. Pareko horman koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barneko eskaileren bolumena ikus daiteke. Hirugarren tarteuneari bi kapera atxiki zitzaizkion, simetrikoki kokatuta, transeptu motz baten modura, eta sakristia burualdearen hegoaldean itsatsitako oinplano irregularreko gela da.

Murruak estereotomia oneko harlanduez egina daude, eta goialdean helburu defentsiboekin eginiko handitze bat sumatzen da. Barneko argitzapena bermatzeko leiho bat ireki zuten burualdearen ardatzean, gaur egun itxita, baita beste bi leiho gehiago ere, burualdearen hegoaldeko murruan. Aipatutako bi leihoetako bat erdi puntukoa eta erromanikoa da, eta bestea XV. mendekoa eta gotikoa, bikoitza, arku hiru gingildunekin eta erdiko mainelarekin. Habeartearen oinetan oso eraldatua dagoen koru jasoa dago, arku beheratu baten gainean. Ebanjelioaren aldeko kaperan, bestalde, tribuna gotiko bat eraiki zuten XV. mendean, arku beheratu eta molduratu baten gainean. Harrizko balaustrada ederra du, zuzena eta lau koadroetan banatuta, garaiko motibo geometrikoekin kalatuak. Balaustrada honen azpian hormoin bat ikus daiteke, oso molduratua ere, eta honako inskripzioa: ESTA OBRA FUE ACABADA EN EL MES DE MARÇO DEL AÑO DE LA INCARNACION DE JESUCRISTO. MIL CCCC IXXXI.

Habeartea gurutze-gangako lau tarteuneekin estalita doa, eta burualdeak bost hormataletako ganga jaso zuen. Giltzarrian dekorazio figuratiboa ikus daiteke, hala nola Santa Katalinaren Epaiketa, Jasokundea, Agnus Dei bat edota Ama Birjinaren Koroatzea. Nerbioak mentsulatan eta kapiteletan amaitzen dira, azken hauek tamaina handiko filakteriak daramatzaten aingeruekin apainduak. Transeptuko kaperek ere gurutze-ganga sinplea dute, korupeak trazeria mistilineoak dituen ganga nerbioduna jaso zuelarik. Lehen aipatu bezala, habeartearen gangaren gainean espazio iragangarri bat kokatu zuten, funtzio defentsiboetarako.

Dorrea jatorrizko tenpluarekin batera eraiki zuten, eta adarbearen mailaren gainetik gutxi ateratzen bada ere, atal sendoa da, trinkoa eta itxia, goialdean kanpaiak kokatzeko baoak dituen arren, lau isurialdeko teilatuaren azpian. Elizaren hegoaldeko murruari atxikia harrizko aterpe bat dago, horma-bularren gaineko erdi puntuko bi arkuekin. Sarrera bi kontrahormen artean doan arku beheratu batean irekia dago. Arku zorrotz abozinatua du, tenpluaren lehen garaian egina, profil bereko dekoraziorik gabeko zortzi arkiboltekin, giltzarri batetan krismoi hirukoiztarra ikus daitekeelarik. Arkiboltak zutabetxoen gainean doaz, harroin eta kapitel jarraituekin. Azken hauetan, gainera, gai figuratiboak bereiz daitezke, hala nola Deikundea, Ama Birjinaren Ikustaldia, Jaiotza, Magoen Gurtza, Errugabeen Heriotza eta Egiptorako Ihesaldia. Portadaren gainean beste erliebe bat dago, Kalbarioa irudikatuz. Estiloa infantila suertatzen den arren, ikonografikoki koherentzia handiko portada da, eta penagarria da benetan bere kontserbazio-maila txarra.

Presbiterioan erretaula nagusi neoklasikoa dago, Ama Birjinaren Itxaropenari dedikatua, Juan José Vélaz eta Francisco Sabando artistek XIX. mende hasieran egina. Irudigintza garai berekoa da, XVI. mendeko Kalbarioa eta Aita Betikoaren irudi errenazentistak izan ezik.

Ebanjelioaren aldeko murruan San Antonioren erretaula dago, XIX. mendekoa, XV. mendeko San Antonioren irudi titularra gotikoa den arren. Gertu, XVI. mendeko San Sebastian bat ikus daiteke, baita erdi-aroko bataio-ponte erromaniko bat ere, XIV. mendean eraldatua, arkuteria batekin apaindu zuten eta.

Epistolaren aldeko murruan Salbatzailearen erretaula dago, Pedro de Gabiriak estilo platereskoan egina, 1570. urte inguruan. Bankua du, hiru kaleko bi atal, eta frontoi triangeluarra duen atikoa. Orden konposatuko eta joniarreko zutabeekin antolatua dago. Ikonografiari dagokionez, bankuan Apostoluak daude, erdi puntuko arkuteria batetan, eta lehen atalean San Matias, San Pedro eta San Bartolome. Bigarren atalean Salbatzaile titularraren eta Santiagoren irudiak daude, eta goialdean Kalbarioa, gotzain baten eta San Antonio Abadearen bi eskulturekin. Gertu, ur bedeinkatuko pontea dago, molduratua eta XVII. mendekoa.

Koruan XVI. mendeko aulkiteria errenazentista bat aurki daiteke, lehoien buruekin eta kiribildu naturalistekin apaindua. Sakristian, azkenik, zilargintza-lan batzuk daude.