Arkitektura

San Martinen Parrokia. Beorburu

XIII. mendeko erdi-aroko tenplua hondatu zen mendeen poderioz, eta 1980. urtean bota egin zuten, eraikin zaharretik dorrea eta murru batzuk bakarrik gelditu ziren, egun frontoi bezala erabiltzen direlarik.

Gaur egun, beraz, eremu sakratua garai bateko habeartearen lehen tarteunera murrizten da, dorrearen azpian, eta gelditutako irekidura estaltzeko, elizaren jatorrizko sarrera kokatu dute. Atea arku zorrotz bat da, baketonak dituzten sei arkiboltekin eta euri-babes moduko moldura batekin. Giltzarriak krismoi batekin eta erroseta batekin apainduak doaz. Arkibolten azpian zutabetxoak daude, harroin erdizirkularrekin, fuste meheak eta moldura jarrai batekin, kapitelen moduan, loreekin apainduak. Euri-babesa, berriz, oso eskematikoki egina dauden giza buruekin dekoratuak dauden mentsuletan amaitzen da. Lehen aipatu bezala, dorrea itxi dute alde honetatik berreraikitako harlanduxkaz eginiko horma batekin, eta sarreraren gainean dorrearen fusteari eusten dion garai bateko habeartearen arku fajoia dago. Goialdean kanpaiak kokatzeko erdi puntuko bi baoak daude, baita leiho modernoren bat, eta lau isurialdeko teilatua. Desagertutako elizaren oinplanoa oso ongi mugatua dago oraindik, burualde zuzena frontoirako ere erabiltzen delarik. Beste horma batetan, gaurko frontoiaren sarreran, ur bedeinkatuko ponte bat ikus daiteke, eta elizaren ardatzean kalitate handiko leiho erromaniko bat. Oso estua da, ia-ia gezi-leiho baten modukoa, eta nahiko desitxuratua dagoen erdi puntuko arkutxo batekin amaitzen da. Haria arkibolta batekin eta euri-babes batekin apaindua doa, baita kapitel kiribilduak dituzten zutabetxoekin ere. Tinpano moduko bat dago non, oso era trakets eta azalekoan, zirkulu batean dagoen ilgora bat, giza aurpegi bat eta krismoi hirukoiztar bat landu dituzten.

Gaurko tenpluaren barnealdean, estua benetan, garai bateko erretaularen arrastoa den San Martinen eskultura dago, parrokiaren titularra. Santua zaldi gainean irudikatu zuten, eta bere azpian eskalea dago, ohi den bezala. Pedro de Landa eta Miguel de Marsalen obra da, eta XVI. mendearen bukaeran egin zuten. Gertu, Ama Birjina eta Haurraren mukulu biribileko irudia dago, 1981. urtean Orella eskultoreak errestauratua. Clara Fernández-Ladredak irudi hau errealitatean modernoa dela uste du eta, berak dioenez, obraren egileek erdi-aroko ereduak imitatu omen zituzten. Horma batetan XVII. mendeko Gurutziltzatu barroko bat dago, eta ondoan erdi-aroko bataio-ponte bat, fuste prismatikoarekin eta katilu lauarekin.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 418 orr.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 348 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 41-50-115-118 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 137-139 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 59 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 134 orr.