Erdi-aroko fabrika da jatorriz, baina XVI. mendean bi kapera gehitu zizkioten, eta beranduago aterpe barroko bat. XX. mendean, azkenik, eraldaketa sakona jasan zuen.
Oinplanoa tamaina ezberdineko hiru tarteuneez osatutako habearte bakarrekoa da, gehi hiru hormataleko burualde poligonala. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe itxi batekin babestua doa. Pareko murruan, berriz, koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskaileraren bolumena dago. Laugarren tarteuneari alboko bi kapera atxiki zizkioten, simetrikoki kokatuta, eta sakristia burualdearen iparraldeko murruari itsatsitako erronboide-formako oinplanoa duen gela da.
Murruak harlanduxka txikiaz doaz, eta behar bezalako argiztapena bermatzeko zulatu dituzte argizulo batekin, oinetako murruan, eta itxura eta tamaina ezberdineko leihoekin, bateren bat modernoa, hegoaldeko murruan. habeartearen oinetan, azkenik, koru jasoa modernoa eraiki zuten.
Habeartea kanoi-ganga zorrotzeko lau tarteuneekin estalita doa, profil bereko arku fajoiekin, eta bultzadak perimetro-hormetara transmititzen dira, hormetan txertatutako mentsula batzuen bidez. Burualdeak hiru hormataleko ganga du, alboko kaperek eta sakristiak gurutze-ganga sinplea jaso zuten bitartean.
Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehenengo tarteunearen gainean doa, Nafarroako erdi-aroko landako tenpluetan normala den bezala. Fuste motz eta sendoa du, goialdean kanpaiak kokatzeko bi bao beheratu dituen arren. Hegoaldeko murruan harrizko aterpe barroko bat ikus daiteke, lehen aipatu bezala. Itxia doa, adreiluzko erdi puntuko sarrera orijinala izan ezik. Barnean, aterpeak hiru tarteune ditu, erdikoa handiagoa eta ertz-ganga sinple batekin estalita, alboko tarteuneek lunetazko ganga barrokoa jaso zutelarik. Elizaren atea gotikoa da, XIV. mendekoa hain zuzen ere. Arku zorrotz abozinatua du, lau arkibolta molduratuekin. Giltzarrietan bi krismoi hirukoiztar landu dituzte. Arkiboltak, bestalde, zutabetxoen gainean doaz, harroin poligonalekin, fuste molduratuekin, eta gaizki kontserbatutako kapitelekin, non landare-dekorazioa ikus daitekeen, beste motibo batzuekin nahasturik, hala nola bi hegazti hankak elkarri mokokatuz, gizaki bat animalia batekin borrokan, eta San Martin, tenpluaren santu titularra, eskalearekin kapa banatuz.
Barnealdean, presbiterioan XVIII. mendeko erretaula nagusia dago. Trazari dagokionez bankua du, atal bakarra eta aletoien artean doan atikoa. Zutabe salomondarrekin antolatua dago, eta erretaularen arkitekturaren garaikidea den sagrarioa darama. Irudigintzari dagokionez, XVI. mendeko mukulu biribileko Ama Birjina eta Haurraren eskultura dago, berrerabilia beraz. Maria eserita dago, eta arroparen tolesturak puzkor eta zurrunak suertatzen dira, aurpegia sinple eta fina den bitartean. Haurra biluzik dago, eta era dinamikoan irudikatu zuten, bere amari begira eta beso bat luzatuz. Gainerako eskulturak barrokoak dira, trazaren garaikideak, eta kalitate okerragoa dute. Atalean San Gregorio Handia, San Fermin, San Frantzisko Xabierkoa, San Martin Toursekoa eta San Antonio Paduakoa daude, atikoan Kalbarioa irudikatu zutelarik.
Ebanjelioaren aldeko murruan Arrosarioko Ama Birjinaren erretaula dago, XVII. mendearen lehen erdialdean egina, estilo barroko goiztiarrean. Trazari dagokionez bankua du, hiru kaleko atala, eta atiko hirukoitza, frontoi triangeluar kiribilduarekin. Orden korintoarreko zutabeekin antolatua doa, fusteetan kartelak eta pinturak daramatzatelarik. Bankuan, gruteskoen dekorazioaren artean, San Markos eta San Lukas ebanjelariak daude, erliebez egina. Atalean Santa Katalinaren eta Santa Barbararen mukulu biribileko irudiak daude, Ama Birjina eta Haurraren irudiaren inguruan. Eskultura dotoreak dira, konposizio onekin eta ongi irudikatutako mugimenduekin, tolesturak harmoniatsuak eta justifikatuak suertatzen diren bitartean. Atikoan Kalbarioa dago, eta oholaren gaineko bi santuen pinturak. Gertu, Arrosarioko Ama Birjinaren eskultura gotikoa ikus daiteke, XIII. mendekoa, nahiz eta hurrengo mendeetan asko eraldatu duten. Korupean Gurutziltzatu barroko bat dago, eta erdi-aroko bataio-ponte bat, bolekin apaindutako harroin lauangeluarrarekin, fuste motz zilindrikoa eta dekoraziorik gabeko katilu semiesferikoarekin.
Epistolaren aldeko murruan San Joan Bataiatzailearen erretaula dago, arestian komentatutako erretaularen traza berdinarekin, eta simetrikoki jarrita. Ikonografia ere beste erretaularen osagarria da eta, honela, bankuan beste bi ebanjelariak daude, hau da San Mateo eta San Juan. Atalean San Pedro eta San Pablo daude, San Joan titularraren bi alboetan, eta atikoan Kalbarioa dago berriro, behin honetan San Ferminen eta San Antonio Abadearen oholaren gaineko pinturekin. Gertu, XVIII. mendeko pulpitua dago, igeltsuez egina, baita XVI. mendeko ur bedeinkatuko pontea.
Sakristian, hornidura liturgikoko tresneriaz aparte, XVI. mendeko Kalbario erromanista bat aurki daiteke, zutabeen artean kokatua eta frontoi triangeluar batekin.
