Erdi-aroko eliza da jatorriz, XII. eta XIII. mendeen iraganekoa, 1200. urte ingurukoa.
Oinplanoa, xume eta sinplea, tamaina ezberdineko bi tarteuneez osatutako habearte bakarrekoa da, bigarren tarteuneak burualde zuzena bezala funtzionatzen duelarik. Fabrika honek alboko handitze bat jasan zuen, Epistolaren aldeko murruan, bi tarteuneez osatutako kapera bat paratzeko, bertan sarrera ireki zutelarik, aterpe batekin babestua. Iparraldeko murruan koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskailera dago, baita sakristia ere, oinplano errektangeluarreko gela bat.
Murruak harlanduxkaz egina daude, kanpotik atxikitako eraikinek eta eginiko handitzeek jatorrizko fabrika ia erabat estali duten arren. Habeartetik alboko kaperara pasatzeko erdi puntuko arkua dago, eta goialdean bi leiho daude, burualdean irekitako erdi puntuko bao bat eta kaperan dagoen leiho termala. Habeartearen oinetan koru jaso moderno bat dago.
Erdi-aroko habeartea kanoi-ganga zorrotz batekin estalita dago, gotiko goiztiarra, eta tarteuneak profil bereko arku fajoiarekin bereizten da. Kapitel bezala moldura bat duten pilastren gainean doa. Sakristiak sabai lau sinplea jaso zuen.
Kanpoaldean kanpai-horma bat ikus daiteke elizaren oinetan, bukaera triangeluarrarekin eta erdi puntuko bi baoekin, kanpaiak kokatzeko. Aterpe moderno bat ere aurki daiteke, ebakidura lauangeluarra duen pilare baten gainean doazen erdi puntuko bi arkuekin. Elizaren sarrera erdi puntuko arku sinplea da, jatorrizko eliza handitu zen garaikoa.
Burualdean XVIII. mendeko erretaula nagusia dago, errokokoren estetika jarraituz eginiko makina bat. Trazari dagokionez bankua du, hiru kaleko atal bakarra, eta bukaera makurra. Oso dekoratuta dauden zutabeen bidez antolatua dago, eta sagrario manierista bat du, berrerabilia beraz. Ikonografiari dagokionez, zaldi gaineko San Martinen irudi titularra ikus daiteke, kapa eskalearekin banatuz, eta atikoan dagoen Kalbarioa. Bi eskulturak XVII. mendekoak dira.
Kaperan XVII. mendeko Arrosarioko Ama Birjinaren mukulu biribileko eskultura barrokoa dago. Ama Birjina zutik dago, zertxobait frontala eta oso dotore jantzita. Ezkerreko besoarekin Haurrari eusten dio, beste eskuan arrosarioa duen bitartean. Sakristian, azkenik, zilargintza lan batzuk ikus daitezke.
- CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 515-516 orr.
- GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 473-476 orr.
- PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 58 orr.
- LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 219 orr.
