Arkitektura

San Martin Parrokia. Abaurreapea

San Martin parrokia Abaurreapeako herrian dago kokatuta. XIV. mendeko gotiko estiloko tenplua da, geroko lanetan gehitutako elementuak ere dituenak.

Bi Abaurreen (Abaurregaina eta Abaurrepea) arteko harreman estua agerian geratzen da beren historiari so, eta baita Martin de Urrutia eta haren seme Joanes harginek egindako lanetan erreparatuta ere. Aipatu bi pertsonok 1590. urtean kontratatu zituzten angeluzuzen formako albo kapera bat egiteko gurutzaduraren parean, ebanjelioaren eta sakristiaren aldean. Hargin horien presentzia ere Abaurregain udalerrian dagoen San Pedro parrokiaren dokumentuetan ere jasotzen da.

Parrokia muino txiki batean kokatzen da, XIV. mendekoa da, estilo gotikokoa, nahiz eta gerora handitzeko lanak egin diren. Nabe bakarra du, elkarren artean ezberdinak diren hiru ataletan banatuta, eta burualdea pentagonala du. Nabea ganga oso zorrotz batek estaltzen da, sekzio karratuko nerbioz hornituta, gurutzeria sinple bat osatuz. Bestalde, kapera nagusia horma-ataldun gangaz dago estalia. Hori guztiori, giltzarrien dekorazio multzo aberats batekin. Estaldura pentagono formako zutabetan sostengatzen da, dekoratutako mentsula gainean altxatuak eta kapitelekin errematatuta.

Koruaren tartea aurreragoko gotikokoa da jadanik, XVI. mendekoa, eta mentsulak modulatuak dira. Haren oinetan dekoraziozko koru bat altxatzen da, estilo gotiko flamigeroa duena.

Koru horren gainean altxatzen da dorrea, piramide formako estalduraz estaltzen den kanpai-multzora baino hartzen ez duena.

Sakristia oinplano karratukoa da eta burualdeari atxikita dago Ebanjelioaren aldean. XVI. mendearen amaierakoa da dokumentuen arabera, baina XVIII. mendean berrikuntzaren bat egin zitzaion.

Parrokia bitan kontsakratu zuten: lehendabizi, eliza, bere aldare eta kanpaiekin, 1511ko azaroaren 26an Pedro de Leizaola jaunaren eskutik, Tripoliko gotzain izandakoa, Labriteko Amadeo kardinalaren apezpikualdian zehar; bigarrenik (aldarea), 1548ko urriaren 5an kontsakratu zen, Juan de Gaonaren eskutik.

San Martinen mantentzen diren piezen artean hauek nabarmendu behar dira: Korupean, Ebanjelioaren aldean, kokatutako bataiarri bat, harrizkoa eta harroina eta fustea poligono formakoak dituena, eta goialdean erliebe-irudiak dituena, aurpegiak, erroleoak, hostoz beteriko adar bat eta katilu erdi esferiko lau bat irudikatuz.

XVI. mendeko data duen burdina-hesi gotiko bat, erdian paratzen den gurutze batekin koroatua eta aldeetan lore handiak eta lirioak txandakatuta errematatzen dena. Burdina-hesi hori kaperarekin elkarlotzen da, gurutzean hildako bat barneratzen duena, erromanista, XVII. mendearen hastapenekoa eta tamaina handikoa; gainera, kapera horretako aurrealdeko murruan Magdalena eta Haurtxoa duen Ama Birjina gurtzen dira. Tailu jesarri horiek XVI. mendeko bigarren herenekoak dira eta estilo errenazentistakoak.

Gainera, bada beste burdina-hesi gotiko bat, XVI. mendearen hastapenekoa, presbiteriorako sarbide modura. Burdina-hesi honek, aurrez deskribatutakoak ez bezala, erremate konplexuagoa ageri du: erdialdean gurutzea, lore handiak eta lirioak ere badituen arren, gotikoaren azken faseko irudiz hornitutako harrizko idulki baten gainean bermatzen da.

Presbiterioaren barnean San Jose gurtzen da erretaula neoklasiko txiki batekin, nahiz eta titularra tailu barroko bat izan, eta atikoko Haurtxoa duen Ama Birjina, kaperako beste irudi batzuk bezala, XVI. mendeko bigarren herenekoa da.

Tenpluan erretaula nagusia gailentzen da, estilo erromanistakoa, 1611. urtetik aurrera Juan de la Hera mihiztatzaileak eta Gaspar Ramos eskultoreak egindakoa, biak Zangozako tailerrekoak. Erretaulak arkitektura klasizista dauka eta erliebe eta tailu zenbait barneratzen ditu: predelean Zigorraldiaren eszenak eta Kristo gurutzearekin eta lehen atalean Baratzeko Otoitza eta Eraistea; bigarren ataleko idulkian Elizako Gurasoak irudikatzen dira, beren baliokidea dutenak atikoan Bertuteekin; erretaulako bigarren atala santu titularraren omenezkoa da; atikoan Kalbarioa ageri da. Erretaula horretako polikromia neoklasikoa da.

Erretaula horren parean San Frantzisko Xabierrekoaren erretaula dago, tailu barroko herrikoi batekin irudikatua, eta atikoan Santa Barbara bat dago, elizan XVI. mendeko bigarren herenekoak diren beste eskultura batzuen antzeko estiloa duena.

Halaber, Epistolaren aldean pulpitu bat dagoela aipatu behar da, 1752ko data duena; eta baita koruko aulkiteria ere, barrokoa, XVIII. mendekoa.

Abaurregain udalerriko San Pedro parrokian gertatzen den moduan, San Martineko eliza honetan bitxigintzako tresneria zilarrezko interesgarria dauka. Bertan hurrengo piezak nabarmentzen dira: Krisma-ontzi sorta bat, neoklasikoak, XIX. mendearen hastapenekoak, aurrealdeak errosetekin dekoratuta dituztela.