Eskolak

San Martin de Loinaz ikastetxea. Beasain

1953an irakaskuntza industrialaren egoerak oniritzia behar zuen, eta Anaia Ikuskatzaileak eta Zuzendariak elkarrizketa bat izan zuten Beasaingo Alkatearekin oniritzi ofizial horren alde. Horretarako memoria bat eta plano batzuk prestatu zituzten "Lan Eskola Berria"-ri buruz eta Ministerioari eraman zioten. Baina bat-batean, alkateak Anaiekin kontsultatu gabe, Udalak zeukan guztia, Sindikatuei utzi zien. Horrela, Eskola Sindikala 1953ko martxoaren 23an funtzionatzen hasi zen eta, Anaien ezusterako, Alkateak gonbidapen bat egin zien eta haiek gonbidatuak zeuden. Bilera hartan Patronatu bat sortzea pentsatzen zuten eta Patronatuan, enpresariek, Udalak eta Anaiek parte hartuko zuten, eta bide batez, aurreko proiektua bukatutzat emango zuten. Herriko prentsak izugarrizko oihartzuna eman zion berriari, batez ere alkatea oso pozik zegoelako, bai Anaiei bai Sindikatuei irtenbide on bat ematen zielako. Ordea, ez zuten aipatzen egoera Falangeren menpe geratzen zela. Aldi berean, Anaien etxebizitzaren egoera konponduta geratzen zela usten zuten, baina hori ez zen lortu. Gainera, eskolaren kokapenak zailtasun batzuk aurkitu zituen, hasieran Falangeko eraikinean eskola ezartzea pentsatu zutelako, baina azkenean berriro eskolara bueltatu ziren.

Eraikinaren kontua azkar konponduko zela pentsatzen zuten, baina ez zen horrela izan eta bi urte pasa behar izan ziren lokal batzuetan praktikak egiteko. Ordea, "Historikoak" esaten zuen bezala, "pixkanaka-pixkanaka, ikastetxea bukatzen joan dira eta kexurik gabe, horrexegatik, sindikatuaren izaeragatik erabaki hori egokiena zela pentsatzen dugu, bestela Anaiak morroi txikiak izango ziren". Momentu hartatik egoera okertu zen eta sindikatuen eta Anaien harremanak ahuldu ziren sindikatuaren jarreragatik. Adibidez, argi elektrikoa moztu zuten aitzaki sinple batekin "ikasleek beraien praktiketarako karraka bat besterik ez dute behar" edo tailerrera sartzea debekatu zuten. Azkenean, Anaiek irtenbidea aurkitu zuten, alegia, ikastetxeko gela batean oinarrizko tailerra antolatu zuten ikasle ohien eta beste jaunen laguntzarekin.

1964an eraikin berria egina zegoen eta Anaiek eskaintza eskolar on bat eman behar zioten herriari, baina egoera hura iristeko Anaiek zeregin guztiak egin behar zituzten, esate baterako, sasitzaren garbiketa, zuhaitzen mozketa, oilategi eta komunen eraistea, garabiren kokatzea eta abar, baina azkenean, "lehenengo zutabeak agertu ziren eta hauek dira eraikinaren egitura". Beraz, proiektua posible zela ikusten zen eta frontoi estalita, areto nagusia, tailerra, hamar gela, marrazketa gela, laborategia, liburutegia, estalgunea, kalefakzioa, logelak eta beste zerbitzu batzuk hamabi Anaientzat posiblea zen. Are eta gehiago, etorkizunari begiratzen beste solairu bat edo bi egin zitezkeen.

1964/65 ikasturtearen inaugurazioa Unánimes aldizkarian agertu zen urriaren 15ean "ekitaldi eroso batean". Anaia Ikuskatzaileak, herriko autoritateek, Udala osoak, beste ikastetxetako zuzendariek, enpresaren ordezkariek, Jose Osinalde ongileak eta Pablo Hunolt-ek, diputatuak parte hartu zuten ekitaldi hartan. Haiek guztiak elizan sartu ziren Agur Jaunak abestia jotzen zen bitartean eta dantzariek beraien arkuak altxatu zituzten. Izan ere, ekitaldi honek ez zuen esan nahi eraikina bukatuta zegoela, garai hartan oraindik frontoia eta tailerrak falta baitziren. "Historikoa" idazten zuenak zerbait azpimarratu nahi zuen ondorengo hau esaten zuenean: "egia esan eraikineko inaugurazioa pixka bat behartuta izan zen gauza batzuk falta zirelako, haien artean, gelen kristalak". Baina denak oso pozik zeuden bere eraikin berriarekin eta berehala jarduera desberdinak prestatzen hasi ziren. Azkenean, haietako kezka nagusia desagertuta zegoen, hau da, eraikin eskolarra. Hori dela eta, zentroak beste ibilbide bat hartuko zuen eta inguruko errealitatearekin harremanak ezarri zituen. Gainera, Anaia gazteak etorri ziren eta horrek ere lagundu zion filosofia berriari. Hiru helburu planteatu zituzten: lehenengoa, prestakuntza espirituala; bigarrena, euskararen irakaskuntza eta hirugarrena, egoera berri arlo eskolarrean Beasainen.

Hurbiltasun hura errealitatera bere eragina izan zuen euskararekiko 1968ko "Historikoak" aipatzen zuen bezala:

"herriko bizitzari begiratzen badiogu euskal kulturaren balore guztiak ikus ditzakegu: hizkuntza, dantzak, ohiturak eta, nola ez, ikastolak. Ikastoletatik ikasle asko etortzen zaizkigu, beraz, ezin dugu euskal kultura ahaztu eta gure zentroetan egoera hau kontuan izan behar dugu".

Gauzek horrela, ikasturte hartan ordutegitik kanpo izan arren euskara ematen hasi ziren eta hurrengo ikasturterako ordutegiaren barruan sartzen saiatuko ziren. Izan ere, 1976an zentroko helburuak bi besterik ez ziren: prestakuntza erlijiosoa eta euskara bultzatzea:

"euskara sakondu eta zabaldu behar dugu, eta baita herriko kultura ere. Irakasleria osoak egunero euskara ordu bat ikasiko du hilabete batzuk barru denek Aitorrren hizkuntza erabil dezaten".