Arkitektura

San Joan Bataiatzailearen Parrokia. Arazuri

Tenplua erdi-arokoa da jatorriz, XII. mendean eta estilo erromanikoan egina, oraindik kontserbatzen duen portadaren arabera. Hala ere, XVI. mendean eliza berreraiki zuten, oraingo fabrika une honetakoa delarik. Azkenik, arestian errestaurazio bat jasan zuen.

Gurutze latinoko oinplanoa du, luzera ezberdineko hiru tarteuneez osatutako habearte bakar batekin, gehi bost hormataletako burualde poligonala. Hirugarren tarteuneari tamaina ezberdineko bi kapera atxikiak doaz, transepto baten moduan. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, eta elizaren oinetan zegoen jatorrizko portada ere kontserbatu da. Pareko murruan koru jasora igotzeko horma-barruko eskailera eta dorrera igotzeko eskailera kiribila daude. Sakristiari dagokionez, burualdearen Ebanjelioaren aldeko murruari itsatsitako oinplano irregularreko gela da.

Murruak harlanduxka irregularrez egina daude, eta barnealdean luzituak doaz. Behar bezalako argiztapena bermatzeko bi errosetoi daude hegoaldeko murruetan, burualdean eta alde bereko alboko kaperan, hain zuzen ere. Oinetako horman beste leiho bat dago, arku zorrotz batekin eta, kanpoaldean, palmetak dituzten kapitelekin. Fabrikaren oinetan, bestalde, koru jaso errenazentista bat egon zen, baina hondatu zen aspaldian. Bakarrik geratu dira giza irudiekin eta munstroekin dekoratutako kapitelak dituzten lau zutabe.

Habeartea XVI. mendeko tertzeletezko ganga batekin estalita doa. Tarteuneak erdi puntuko arku fajoiekin antolatua doaz, eta bultzadak perimetro-hormetara transmititzen dira hormetan txertatutako mentsula batzuen bitartez. Burualdeak ganga izarratu bat jaso zuen. Nerbioak loreekin eta izarrekin dekoratutako giltzarrietatik ateratzen dira, burualdean dagoena izan ezik, bertan bandera bat daraman gion bat landu zuten eta. Alboko kaperak gurutze-ganga sinpleekin doaz, eta sakristiak sabai lau sinplea darama.

Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehen tarteunearen gainean eraikia dago, Nafarroako erdi-aroko landako tenpluetan ohi den bezala. Fuste motz eta trinkoa du, eta goialdean kanpaiak kokatzeko erdi puntuko bi bao daude. Lehen esan bezala, elizaren oinetan portada erromaniko bat dago, jatorrizko fabrikaren arrasto bakarra. Erdi puntuko arku abozinatua da, profil bereko lau arkiboltekin. Hauek zutabetxoen gainean doaz, bolak, palmetak eta burutxoak dituzten kapitelekin. Epistolaren aldeko murruan XVI. mendeko atea dago, arestian paratutako porlanezko aterpe moderno batekin babestua.

Parrokiak gaur egun galdu den erretaula erromanista bat izan zuen, Martín de Elordik egina. Horren ordez bi erretaula neogotiko eta beste bat neoerrenazentista daude, XX. mende hasierakoak, irudigintza modernoarekin hornituak. Gertu, XVII. mendeko zurezko pulpitu bat ere ikus daiteke. Bataio-pontea, Epistolaren aldeko alboko kaperan kokatua, gaurko fabrikaren garaikidea da, eta fuste prismatiko molduratua du, katilu semiesferiko batekin.

Sakristian, zilargintza lan batzuez aparte, horma-barruko konketa bat dago, erdi puntuko arku batekin babestua, eta jatorri zirkularreko motibo herrikoiekin apaindua. XVII. mendeko erretaula barroko txiki bat ere ikus daiteke. Atal barroko bakarra du, frontoi makur batekin, eta ezkatekin eta landare-dekorazioarekin apainduak dauden zutabeekin antolatua doa. Erdian, trazaren garaikidea den Gurutziltzatu erromanista berantiar bat dago.

  • ASIRON, J.: El palacio señorial gótico en la Navarra rural. Palacios de cabo de armería, torres de linaje, casas fuertes. Argitaratu gabeko doktoretza-tesia.
  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 437-441 orr.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 386-387 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 134, 135, 150 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 410-415 orr.
  • MARTÍNEZ DE AGUIRRE, J.: "Castillos y Palacios góticos en Navarra". El Arte en Navarra, Pamplona 1994, I. tomoa, 192 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 30 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 216 orr.
  • MENÉNDEZ PIDAL, Faustino; MARTINENA, Juan José: Libro de Armería del Reino de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2001, 129 zk.