Arkitektura

San Blasen Parrokia. Oltza

Fabrika bi epealdi ezberdinetan egina dago. Lehengoa 1200. urte ingurukoa da, eta momentu honetan tenplu gotiko goiztiarra eraiki zuten, XVI. mendean sakonki eraldatuko zuten arren.

Oinplanoa ohikoa den baino zertxobait konplexuagoa da, lau tarteuneetan banatua dagoen habearte bakar batekin, gehi burualde sakon eta zuzen bat. Lehenengo bi tarteuneak garai bateko erdi-aroko tenpluaren arrastoak dira, eta errespetatu zituzten haien gainean dorrea altxatzen delako. Hurrengo bi tarteuneak eta burualdea, modernoak, nabarmenki zabalagoak dira. Laugarren tarteuneari atxikitako oinplano karratuko bi kapera daude, transeptu antzeko bat sortuz, eta Epistolaren aldeko kapera luzatzen da hurrengo tarteunera, alboko habearte baten antzera, bi eremuak zutabe sendo batekin bereizita doazelarik. Pareko horman koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskaileraren bolumena dago. Sakristia, azkenik, burualdearen hegoaldeko murruari itsatsitako oinplano errektangeluarreko gela da.

Murruak harlandu irregularrez egina doaz, barnealdean luzituak, eta estereotomia hobeagorekin XVI. mendeari dagozkion hormataletan. Barne argiztapena lortzeko erdi puntuko bi leiho daude, transeptuaren iparraldeko besoan eta oinetako murruan. Eremu berean arku beheratu baten gainean doan koru jaso modernoa dago.

Habearteak estalki-sistema anitza du. Lehenengo bi tarteuneek, besteak baino estuagoak, gotiko goiztiarrari dagokion kanoi-ganga dute, profil bereko arku fajoiekin. Elizaren gainontzeko eremuek gurutze-ganga jaso zuten, tertzeletezkoa burualdean eta izarratuak besteak. Sakristia, azkenik, kanoi-ganga batekin doa.

Kanpoaldean, lehen aurreratu dugun moduan, dorrea habeartearen lehen tarteunearen gainean dago. Fuste motz trinkoa du, eta goialdean erdi puntuko bi baorekin doa, kanpaiak kokatzeko, lau isurialdeko teilatu baten azpian. Atea errenazentista da, estilo klasizistan egina. Dintelatua da, eta idulki molduratuen gaineko orden toskanarreko bi zutabeen artean dago. Gainean taulamendu bat doa, San Pedro, San Pablo eta Aita Betikoaren erliebeekin, erdi puntuko arkutxoen barruan, eta goian piramide eta bola eskorialdarrak dituen frontoi triangeluarra dago. Atearen aurrean armarri bat kokatu zuten lurrean.

Presbiterioan San Blasen XVI. mendeko erretaula errenazentista dago, Juan Marsal eskultorearen eta Pedro de Lasao pintorearen lana. Trazari dagokionez, bankua du, hiru kaleko bi atal, eta atiko hirukoitza, aingeruekin eta frontoi triangeluarrarekin. Orden konposatuko zutabe eta pilastrekin antolatua dago, eta sagrario modernoa du. Irudigintzari dagokionez, eskultura dago bankuan eta erdiko kalean, eta oholaren gaineko pinturak gainerakoan. Bankuan, pilastretan Lau Ebanjelariak daude, eta haien artean erliebez eginiko bi eszena, Kristoren aurreko Dolamenak eta Berpizkundea. Zentzu narratiboarekin eta espresibitate onarekin eginiko erliebeak dira, konposizioak infantilak eta trakets xamarrak diren arren. Lehenengo atalean Deikundea, mukulu biribileko San Blas titularra eta Magoen Gurtzaren ohola ikus daitezke. Bigarren atalean Ama Birjinaren Koroatzearen eta Jaiotzaren oholak daude, erdian Jasokundearen irudia dagoen bitartean. Atikoari dagokionez, Kalbarioa dago erdian, eta gainean frontoi triangeluarra dago, bertatik Aita Betikoak bedeinkatzen duelarik. Alboetan Dabid eta Isaias profeten pinturak daude, filakteriekin, eta San Blasen eta beste gotzain baten irudiak. Pinturen kalitatea eskulturena baino hobeagoa da da, eta konposizioetan giza irudiak nagusitzen dira, bigarren mailako gaiak zokoratzen diren bitartean.

Ebanjelioaren aldeko murruan, transeptuaren besoan dagoen kaperan hain zuzen ere, Jesusen Bihotz Guztiz Santuaren erretaula dago, XVII. mendekoa eta barrokoa, duen eskultura modernoa den arren. Gertu, erdi-aroko bataio-pontea dago, elizaren fabrikaren garaikidea. Fuste motz zilindrikoa du, eta katilu esferikoa ere, arkutxoen bi zerrendekin apaindua. Epistolaren aldeko kaperan San Migel Goiaingeruaren erretaula dago, arestian komentatutakoaren simetriko eta berdina. Irudigintzari dagokionez, XVI. mendekoa da. San Migel eta San Estebanen irudiak daude, baita desagertutako San Bartolomeren baselizatik ekarritako santu titularra ere. Gurutziltzatu bat ere ikus daiteke, erromanista berantiarra eta tamaina naturala baino txikiagoa, non Kristo hilik dagoen, ongi irudikatutako anatomia naturalistarekin. Sakristian, azkenik, munta txikiagoko beste irudiren bat dago, baita zilargintza-lan batzuk ere.