Tenplu modernoa da, 1920. urtean eta estilo historizistan egina, baina Nafarroako erdi-aroko arkitektura erlijiosoaren ezaugarriak imitatuz. Lehen esan bezala, herriaren zonalde baxuan zegoen tenplu zaharra ordezkatzeko egin zuten. Garai hartatik osagai batzuk berrerabili dituzte, hala nola bataio-pontea eta Ama Birjina eta Haurraren eskultura bat.
Oinplanoa xume eta ordenatua da, gurutze latinokoa, tamaina berdineko bi tarteuneez osatutako habearte bakarrarekin, transeptu nabarmena eta burualde zuzenarekin. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin babestua doa. Pareko murruan koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskaileraren bolumena ikus daiteke. Dorreak oinplano karratua du, eta habeartearen lehenengo tarteuneari atxikia doa, hegoaldeko aldean, burualdeari atxikiak beste bi gela dauden bitartean, sakristia eta beste sala bat.
Murruak harlanduxkaz egina daude, harlanduzko kateekin hormataletako izkinetan eta baoen markoetan. Behar bezalako argiztapena bermatzeko zulatuta daude bi idi-begiekin, transeptuaren bi besoetan, baita burualdean eta Epistolaren aldeko murruan erdi puntuko bi leihoekin ere. Habeartearen oinetan koru jaso modernoa dago.
Habearteak, gurutzadurak eta burualdeak gurutze-ganga dute, transeptuaren bi besoek kanoi-ganga duten bitartean. Erdi puntuko arku fajoiekin antolatuak doaz. Burualdeari atxikiak doazen sakristian eta beste gelan sabai lauak daude.
Kanpoaldean dorrearen fuste kubikoa dago, elizaren oinetan atxikia, Epistolaren aldeko murruan. Altueran hiru ataletan banatua dago, eta kanpaiak kokatzeko erdi puntuko baoak ditu goialdean, xapitel batekin amaituz. Atea erdi puntuko arku xume bat da, eta aterpe batekin babestua doa, pilare lauangeluarren gaineko erdi puntuko bi arkuekin irekia.
Barnealdean hiru erretaula ikus daitezke, estilo neogotikoan eta fabrikaren garaikideak. Irudigintza ere modernoa da, erdiko erretaulan dauden XVI. mendeko hiru irudi izan ezik, Ama Birjina eta Haurraren eskultura, San Migel eta Kalbario bat. Ebanjelioaren aldeko murruan Gurutziltzatu barroko herrikoia dago, eta pareko murruan bataio-ponte bat, jatorri zirkularreko motibo herrikoiekin apaindutako fuste prismatikoarekin, eta dekoraziorik gabeko katilu semiesferikoarekin. Sakristian, azkenik, tamaina txikiko Gurutziltzatu barroko bat dago, baita zilargintza-lan batzuk ere.
Parrokia honi dagokio Iruñeko Elizbarrutiko Museoan dagoen Ama Birjina eta Haurraren irudi gotiko bat, XIII. mendekoa. Irudi frontala da, eta Ama Birjina eserita dago, Haurra magalaren erdian duelarik, garaiko estiloari dagokion bezalaxe.
- CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 515-516 orr.
- FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 343 orr.
- GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 566-469 orr.
- PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 26 orr.
- LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 220 orr.
