Arkitektura

San Bizente eliza. Ardanatz

Ardanatzeko parrokia-eliza San Vicenteren gurtzari dago eskainia. Jatorriz erdi arokoa da, 1200 ingurukoa, nahiz eta beranduago aldaketak egin zaizkion, bere itxura nabarmenki eraldatu dutenak.

Jakina da 1595. urtean Miguel de Altuna hargin-maisuak parte hartu zuela, nahiz eta hark egindako aldaketen arrastorik geratzen ez den. Eta dagoeneko 1868an zaharberritze-lanak egin ziren bertan.

Elizak bost ataleko nabe angeluzuzena dauka, burualde zuzena barne, eta bi kapera ditu gurutzadurara irekiak. Nabea oso modu bitxian egokitzen da burualdeko murrura. Horrenbestez, garai batean abside erdizirkular bat egon zela pentsa daiteke. Estaldura modernoa da, baina erdi aroko zenbait aztarna mantentzen ditu, esate baterako, lobulu ugariz hornitutako mentsulak dituzten euskarriak. Koruaren atalean erdi aroko estaldura mantentzen da oraindik, arku sendogarria duen kanoi erdiko bat; bestalde, alboetako kaperak kanoi erdiko ganga sinple batekin daude estalita, eta Epistolaren aldamenean arkosolio zorrotz bat irekitzen da. Sakristiak oinplano apur bat angeluzuzena du, eta sabai dintelatuaz dago estalia. Oinetan zurezko koru bat dago.

Kanpoaldetik, silarrixka-multzo bat hautematen da, altuera ia uniformeekin, non dorrea ia ez den nabarmentzen. Burualdea kontrahormaz dago sendotua eta gezileiho erdizirkular txiki bat ikus daiteke. Epistolaren aldetik elizara sartzeko ate txikia estilo erromaniko berantiarrekoa da. Ate horri bi arkibolta zorrotz eta euri-babes bat gaineratu zitzaizkion gotikoan zehar. Halaber, erromanikoa da erdi-puntuko molduraz eta alde bakoitzean bi zutabez markoztatutako krismoidun tinpanoa. Zutabe horietako kapitelak irudi ezberdinekin daude dekoratuak, esate baterako, zentauro bat, bola batzuk, lehoi baten bekoz beko dagoen arranoa eta, azkenik, hostotzadun irudi batzuk. Kapitel horien gainean bozel marduleko bi arkibolta zorrotz bermatzen dira, estetika gotikoa dutenak. Dorrea XVI. mendearen bigarren erdialdean eraiki zuen Juan de Aduna harginak, oinen gaineko gorputz prismatiko txikiaren forma emanez.

Elizan barneratuta, aipatzeko moduko pieza ugari mantentzen dira, besteak beste, bataiorako ezarritako kaperan dagoen bataiarria. Kapera bera berezko dekorazioa duen XVI. mendearen amaierako zurezko hesi batekin ixten da. Bataiarriaren harroina kono-enbor formakoa da, fustea zilindro formakoa, galoiduna, eta katiluan azpi-kopa erdi esferikoa eta kopa zilindriko galoiduna ditu, biak bereizteko moldura oxkardunaz.

Halaber, Ebanjelioaren aldean bitan pintatutako Gurutziltzaketa bat dago, 1600 ingurukoa, eta anatomia erromanista indartsu bat ageri duena.

Alboko kaperan Santa Katalinari eskainitako erretaula txiki bat dago, proportzioak ongi zaindutako traza erromanista batekoa, Domingo de Bidarte mihiztatzaileak eta Domingo de Lussa eskultoreak egindakoa 1628 inguruan, eta garai hartako polikromia txukuna erakusten duena.

Burualdean erretaula nagusia dago, tamaina ertainekoa. Erretaula hori nork egin zuen ez dago oso argi. Barroko goiztiarrari dagokion traza ageri du, polikromia neoklasikoak itxuraldatua. Santutegi-tabernakulua erromanista da, trapezoide formakoa, beheranzko bi gorputzekin, eta bietan erliebeak ikus daitezke. Lehen gorputzean Baratzeko Otoitzaren eta Ikuzketaren eszenak ikusten dira eta bigarrengoan, Melquisedec, Abrahan, Isaac eta Daviden Sakrifizioa, azken tailu horiek multzoaren erremate modura.

Epistolaren aldean, gurutzadurako kaperan, Andre Maria Arrosariokoaren erretaula txikia dago, estilo barrokokoa, XVII. mendeko bigarren erdialdekoa. Erretaula horren buruan, horma-hobi batean, Jesarritako Ama Birjinaren tailu bat dago, estilo erromanikokoa, eskema aldetiko zurruntasun handikoa eta irmotasun handikoa jantzien nahiz Haurtxoaren trataeran. Atikoaren buruan San Miguelen erliebe zabar bat dago, erretaularen garai berekoa. Aldarearen mahai gainean tailu bat dago, San Jose Haurtxoarekin erakusten duena.

Eta sakristiari dagozkion geletan Prozesio-gurutze barroko bat dago, zurezkoa, zutabe eta beso lauak dituen tenplete-korapiloaz. Gainera, bertan aurki daitezke zilarrezko bi pieza, kaliza lau bat, eta Iruñearen PP markak (Pamplona) dituen ilargitxo bat, BICONDO zilargilearena, 1826. urtekoa.