Arkitektura

San Antonen eliza. Bilbo

Bilboko San Antonen eliza alde zaharraren ertz batetan dago kokatuta, izen bereko zubiaren ondoan. Bilboko historian berebiziko garrantzia izan duen eliza da, zubiarekin batera hiriko armarrian agertzen baita. Beraz, Bilboko ikurretako bat da. Berezko adbokazioa San Antonio abadea bada ere, San Anton izenaz da ezaguna.

Itsasadarraren urbazter batean dago kokatuta, toki estrategikoan. Hor bertan haitz natural bat zegoen, eta 1334ean Gaztelako Alfontso XIk toki horretan alkazar bat eta baserriak eraikitzea agindu zuen. Handik urte gutxira gotorlekuaren parte bat bota zuten eliza eraikitzeko. Eliza hau 1433an sagaratu zuten eta nabe bakarreko eliza txikia zen, gangaz estalia eta burualde poligonal batekin, azken indusketa arkeologikoak jakitera eman duen bezala. Baina mende honetan bertan, populazioaren gorakada zela eta, zimendatze arazoekin batera, eliza berria eraikitzea erabaki zuten. Hori 1478 inguruan gertatu zen. Horretarako haitza kendu behar izan zuten, orubea prest utziz eliza handiagoa eraikitzeko.

Orubean egindako moldaketa hau izango da hain zuzen eliza honen morfologiaren berezitasunik garrantzitsuena. Oinplano laukizuzena du, ia karratua, eta launa tarteko hiru habearte ditu. Lehen aipatutako berezitasunak absiderik ez izatea eta burualde karratua edukitzea dira. Gainera, hegoaldeko hormaren ertz bat, burualdearen ondoan dagoena, alakatua da, itsasadarrari egokitu ahal izateko.

Estalkiak gurutze-gangak dira, erdiko habearteak tertzeletezkoak direlarik. Ganga hauen nerbioek estalkiaren pisua koloma batzuetara eramaten dituzte, kolomatxo eta pilastra batzuk atxikita dituen koloma batzuetara hain zuzen. Alboko habearte kasuan nerbioak mentsula batzuetan bukatzen dira, haietako batzuk animalien irudi batzuekin apainduak. Koloma hauen kapitelak soilak dira, dekoraziorik gabekoak, baina burualdeko kapitelek bolatxo batzuk dituzte, eliza XV. mende bukaerako dela adieraziz.

Elementu guzti horiek eliza gotikoa dela adierazten digute, baina barrualdeko osagairik gotikoena eliza inguratzen duen triforioa dela esan daiteke. Triforioak eliza osoa barrualdetik inguratzen du, eta korridore estu bat da. Garai batetan meza oztopatu gabe elizan ibiltzeko tokia zen. Diseinu arkitektonikoa aberasten duen elementua ere izan ohi da. Hain zuzen, San Antonen elizakoak arku zorrotzez osatzen dira eta lau petaloko loreak gogoratzen dituen diseinua dauka balkoitxoan. Santiagoko katedralekoekin antzekotasun handia dute, garai beretsuan eginda baitaude.

Euskal Herrian ez daude triforiodun eliza asko, eta daudenak gotikoaren fase heldukoak dira, hala nola, Gasteizko Andre Mariaren katedrala, Bilboko Santiagoren katedrala, Debako Andre Mariaren eliza edo Lekeitioko Andre Mariaren basilika. Eliza hauek XV. mendearen bigarren erdialdekoak dira eta mendeak aurrera egin ahala arkitektura aldatuz joan zela nabari daiteke haietan; eskulturaz betetako portadak desagertzen dira, eta elizak gotikoaren bereizgarri diren osagaiekin apaintzen dira, adibidez, pinakuluak, gargolak, erlaitzak, arbotanteak edo triforioak. Multzo horretan dago San Antonen eliza, eta horren erakusle dira kanpoaldean dituen elementu gotikoak. Kanpoaldetik argi ikusten da adibidez, erdiko habeartea albokoak baino altuagoa dela. habearte altu honetako gangak sostengatzeko arbotante batzuk erabiltzen dira, pisua kontrahorma sendo batzuetara eramanez eta bidenabar elizari itxura guztiz gotikoa emanez. Arku zorrotzeko eta trazeriaz koroatutako hainbat leihoek ere laguntzen dute horretan.

Bere egitura nagusian gotikoa bada ere, historia luzeko eliza hauetan garai ezberdinetako elementu ugari pilatzen dira, eta eliza bukatu bezain laster hainbat kapera eta portada bat gehitu zizkioten, XVI. mendean. Portada, iparraldeko horman dago. Jatorrian San Antonen zubia elizaren alde honetara iristen zen eta aurrealdean gainera garaiko plaza nagusia zegoen. Beraz elizak toki zabal batetara zuzentzen zuen bere atea. Portada honek gainera badauka berezitasun bat, hots, bi solairukoa dela, eta goikoa, tribuna antzekoa dena, udaleko agintariek erabiltzen zuten plaza nagusiko ekimenak ikusteko. Egitura guzti hau 1559an eraiki zuten Juan de Lariz arkitektoaren planoekin.

Beheko partea berriz, elizaren sarbidea dena, Juan de Garitak diseinatu zuen 1544ean eta Beaugrantarren tailerreko ofizialak ziren Lorenzo Frances eta Ochoa de Murueta eskultoreek egin zuten. XVI. mendearen erdialdekoa izanik, Errenazimenduko fase espresibistan kokatu behar dugu, eta horren adierazle da duen diseinu klasizista. Garaipen arku baten itxura dauka, elizaren egiaren garaipenari aipamen eginez. Atea arku beheratu bat da eta albo bakoitzean nitxo bat dauka, koloma klasizista batzuekin inguratuta. Goian orain hutsik dagoen espazio laukizuzen bat du, dintelduna eta bolutak izango balira bezalako landare batzuk ditu. Egituraren apaingarriak XVI. mende erdialdekoak dira: puttiak, txirlak, tondoak, bustuak, erdi gizon erdi landare diren izaki manieristak, girlandak eta burezurrak, besteak beste. Arkuaren giltzarrian Jesus Haurraren irudi bat dago eta 1548 data ikusi daiteke bertan. Goiko pisuan San Petri eta San Paulo irudikatzen duten bi frontoi erdizirkular daude, eta atearen alboetako nitxoetan berriz, mukulu borobileko bi harrizko eskultura daude, santu berak irudikatuz. Pentsa dezakegu bi irudi horiek XVI. mendearen bukaera aldekoak direla, edo gehienez jota XVI. mendearen 80-90. hamarkadakoak, erromanistak direla argi ikusten baita.

XVI. mendean ere egin zen korua Domingo de Garitaren diseinuarekin eta Juan de Lete eskultorearen lanarekin, eta mende honetakoak dira ere iparraldeko horman dauden kaperak, hirurak karratuak eta gurutze ganga batekin estaliak. Lehenbizikoa Santa Luziaren kapera da, 1530 ingurukoa, Lezama-Leguizamon probestuak fundatua. XVII. mende hasieran datatu dezakegun burdin sare bat du, eta XVIII. mende bukaerako rococo itxurazko erretaula ere bai, eskultura zaharrago batzuk eta 1907ko pintura batzuk dituena. Kapera hau Kontsulatuarena izan zen XVII. mendetik aurrera.

Albokoa Errukiaren Ama Birjinaren kapera da, Martinez de Recaldetarrak eraikiarazia XVI. mende erdialdean. Kapera honen burdin hesia, 1538koa, Bizkaiko hoberenen artean kokatu behar dugu, barruan duen erretaula bezala. 1540 inguruan egin zuen Juan de Beaugrant eskultore bikainak eta Errukiaren irudia du. Beraz Bizkaiko Errenazimenduko bi obra bikain ditu kapera honek. Hirugarren kapera da txikiena, Ibasetatarrena, San Rokeri dedikatua, eta Juan Pascual de Mena eskultorearen irudi bat du, XVIII. mendearen erdialdekoa.

Kapera hauek egin ostean egin zen dorrea XVII. mendean. Lehenagotik ere izan zituen dorre ezberdinak, baina orain ikusi daitekeena 1774tik aurrera egin zuten Juan de Iturburu arkitektoaren diseinuarekin. Barrokoaren ezaugarriak ditu: oinplano oktogonala, anguluetan boluten gaineko lorontzi ederrak, frontoitxoak, inposta lerro nahasia, eta orokorrean izaera nahiko dekoratiboa dauka.

Eliza honi gehitu zitzaizkion azken elementu aipagarriak sakristia, bigarren portikoa, eta parrokoaren bulegoak dira, 1902an eraikiak Enrique Epalza arkitektoaren ideiari jarraituz. Gehigarri hauek nahiko ongi integratzen dira elizaren egituran, estilo neogotikoa dutelako.

Bilboko ikurra den eliza honek hiriko historia islatzen du. Hasieran gotorlekua zen, eta gerora eliza eraiki zen orubeak emandako berezitasun batzuekin. Gotiko goreneko eliza bat da, bere triforioak adierazten duen bezala, eta Bizkaiko eraikin gotiko oso ederra da horregatik.