Arkitektura

Salbatzailearen Parrokia. Arteta

Erdi-aroko tenplua da jatorriz, 1200. urte inguruan eta estilo gotiko goiztiarrean egina, beranduago eraldaketa batzuk izan zituen arren.

Oinplanoa hiru tarteuneetan banatutako habearte bakarrekoa da. Lehen tarteunea modernoa da, luzera berdina duten beste biak erdi-arokoak diren bitartean. Transeptua nabarmena da oinplanoan, eta burualde erdizirkularra du. Sarrera Epistolaren aldeko murruan doa, hirugarren tarteunean, eta aterpe batekin babestua dago. Elizaren oinetan koru jasora eta dorrera igotzeko barne-eskaileraren bolumena sumatu daiteke. Sakristiari dagokionez, Ebanjelioaren aldeko murruan atxikia dagoen oinplano irregularreko gela handia da, burualdearen zati bat estaltzen duelarik.

Murruak harlanduxkaz egina daude, eta barnean pilastra eta zutabe adosatuen bitartez antolatua doa, habeartearen tarteuneak bereiziz. Kanpoko argia ahalik eta hobekien jasotzeko hiru leiho zuzen ditu Epistolaren aldeko murruan, eta fabrikaren oinetan zurezko koru jaso modernoa aurki daiteke.

Elizak estalki-sistema anitza du. Lehenengo tarteuneak, modernoa lehen aipatu den moduan, zurezko habeak eta igeltsuzko gangatilak dituen sabai laua jaso zuen. Beste bi tarteuneak, gurutzadura eta transeptuaren bi besoak kanoi-ganga zorrotzarekin doaz, profil bereko arku fajoiekin antolaturik, landare-dekorazioa daramaten kapitelak dituzten pilastren gainean. Arku toralek fajoi bikoitzak dituzte, eta pilastrak atxikitako zutabe erdiekin indartuak daude. Burualdeak, azkenik, labe-ganga jaso zuen, sakristiak kanoi-ganga beheratua daraman bitartean.

Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehen tarteunearen gainean altxatu zuten, Nafarroako erdi-aroko landako tenpluetan ohi den bezala. Fuste motz trinkoa du, goialdean kanpaiak kokatzeko erdi puntuko bi bao dituen arren. Aterpea pilare lauangeluarren gaineko erdi puntuko bi arkuekin doa, eta teilatu sinple batekin estalita dago. Atea arku zorrotz abozinatua da, profil bereko ertz biziko hiru arkiboltekin. Apaindura bakarra giltzarrian dagoen krismoi hirukoiztarra da. Arkiboltak, bestalde, zutabetxoen gainean doaz, sagarrekin apaindutako kapitelekin.

Presbiterioan Gurutziltzatu gotikoa dago, XV. mendekoa eta tamaina naturala baino zertxobait txikiagoa. Kristo hilik irudikatu zuten, burua apur bat alboratua eta eite lasaiarekin. Konposizioa lerrozuzena da, gorputz-adar luze eta sendoekin, eta enbor zilindriko batekin, nahiko eskematikoa. Garbitasun-oihala gorputzari itsatsita dago, tolestura geometrikoekin. Ohi den bezala, sakristian zilargintza-lan batzuk aurki daitezke, eta esan ohi da Bartzelonako Museo de Arte de Catalunyan parrokia honetako eliza-frontal bat dagoela, gotikoa eta XIII. edota XIV. mendekoa.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 516 orr.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 346 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 469-473 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 41-42 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 221 orr.