Euskarazko idazlea, Zumarragan (Gipuzkoa) 1966ko abenduaren 9an jaioa.
Euskal Filologia ikasi ondoren, Oñatiko Mikel Aozaraza ikastetxean aritu da euskara irakasle, eta ikastetxe horretan poesia zer den eta bizitzan duen erabilgarritasuna ikasleei erakusten ahalegindu da. 2002. urtean Ipar Euskal Herriko Hatsa elkarteak bere ikasleek poesiari buruz egindako poemen eta gogoeten bilduma argitaratu zuen.
1992an eman zituen lehen urratsak kulturaren munduan, Hits&Fits literatur taldean sartuta. Zumarragako eta Urretxuko bizilagunentzako hitzaldi kulturalak antolatu zituen eta JosAnton Artze Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat ikuskizunean parte hartu zuen. Poesia eta etorkizuna gipuzkoar poeta gazteen antologian olerki bat argitaratu zuen (Gipuzkoako Foru Aldundia). 1999, 2000 eta 2001. urteetan Hatsa Elkarteak Lapurdiko Saint-Pée-sur-Nivelle herrian (Senpere) egin zuen jai poetikoan parte hartu du, eta ondoren bere hainbat poema argitaratu dira jaialdiari buruzko argitalpenean.