Konposatzaileak

Remacha Villar, Fernando

1898ko abenduaren 15an Tuteran (Nafarroa) jaiotako konpositore, pedagogo eta interpretatzailea. 1984ko otsailaren 21ean Iruñean hil zen.

Bederatzi urterekin biolina ikasten hasi zen Joaquin Castellanorekin, Tuterako Katedraleko Kaperako maisuarekin. 1911an Madrilera joan zen eta bertan Conrado del Camporekin ikasi zuen. Garai honetakoak dira bere lehen lanak, hala nola, La maja vestida balleta eta Alba y Tres piezas para piano olerki sinfonikoa.

1923an Konposizioa bukatu eta Roma Saria eskuratu zuen, honek lau urtez Malipierorekin ikasi eta Monteverdi edo Verdi bezalako klasikoen hizkuntzak zuzenean ezagutzeko aukera eman ziolarik. Madrilera itzultzean, biola jotzen eta Filmofono zinema ekoizpen-etxean lana eginez ateratzen zuen bizimodua. Bertan konposatu zituen Don Quintín el amargao edo Centinela alerta (Luis Buñuelena) bezalako pelikuletarako musika konposatu zuelarik. 1930ean Madrileko Taldea aurkezten da eta Remacha bertako partaide bihurtu zen Bacarisse, Bautista, Pittaluga, Mantecon, Ascot eta Halffter anaiekin batera. 27ko belaunaldiaren barnean kokatu dezakegu Remacha, nahiz eta batzuetan bere lanak konpositore hauengaitik bereizten dituen ezaugarriak eduki.

1933an Musikako Lehen Sari Nazionala eskuratu zuen Cuarteto para violín, viola, violoncello y piano lanarekin eta 1938an aldiz, bigarrena eskuratzen du, Cuarteto para cuerda-rekin. Gerraren bukaerak Bartzelonan harrapatu zuen ustekabean eta Tuterara itzultzea erabaki zuen familiarteko burdindegiaren ardura hartzeko. Han pixkanaka, musika jarduerari ekin zion berriz eta 1951an Iruñeko Udaletxeak "Vísperas de San Fermín" egiteko enkargua luzatzen dio. Hemendik aurrera bere lana oso aldakorra izan zen. 1957an Iruñera joan zen Pablo Sarasate Kontserbatorioa martxan jartzeko. Irakaskuntzari denbora asko eskeiniko dio. 1963an Cuencako Erlijio-Musika Astean Tomas Luis de Victoria Saria eskuratu zuen Jesucristo en la Cruz kantata konposizioarekin. 1980an hirugarren aldiz Musikako Sari Nazionala eta 1981an, Pablo Iglesias saria eskuratu zituen.

Konpositore gisa eragin oso ezberdinak jaso zituen eta eklektikotzat eduki dezakegu, inpresionista, espresionista eta neoklasiko alorren artean dabilelarik, Marcos Andresen ustez azken korronte hau delarik garrantzitsuena. Askotan hizkuntza neomodala bere egiten du, baita batzuetan gregorianoari erreferentzi zehatzak eginez ere. Garrantzi haundiagoa ematen dio harmoniari melodiari baino, askotan motibu oso laburretan egituratzen delarik. Disonantziarekiko gustu handia erakusten du bere Concierto para guitarra lanean ikus daitekeen bezela. Guzti hau dela eta, bere ekoizpenaren gehienean tonalitatea nagusitzen da, nahiz eta atonaltasuna eta dodekafonismoa ere landu.

Erritmoari dagokionez, polirritmia eta stravinskiar erako irregulartasun metrikarekiko gustua dauka, bere Sinfonía en tres tiempos lanean nabari den bezala. Bere lanaren izaera nazionalista dela eta, fandango eta jota bezelako erritmoak erabiltzen ditu beren estilizazioa bikainak eskuratuz. Alor honetan aipa daitezke, Rapsodia de Estella, Clarín de fiestas eta bere azken estreinaldia izan zen La bajada del ángel, Tuterako katedralean aurkeztu zen lana eta 1975ean adopziozko-seme izendatu zuen jaioterriari eskeini ziona.

Formari dagokionez egiturarekiko duen ardura erabakiorra da, askotan forma klasikoetan oinarritzen da baina beti ere, murriztasun eta koherentziaren bilaketan. Bizitza guztian zehar eduki zituen arazoak direla eta, bere obra kopuruz laburra da, ez aldiz kalitatez. Bere lanen artean ondorengoak aipa ditzazkegu: bi eszena-musika, bederatzi musika sinfonikoan, sei ahots eta pianorako, lau talde instrumentalerako, hamar bat pianorako, dozena luze bat erlijio-musikarako eta pelikuletako lau soinu-banda.

Bere pedagogi jarduerari dagokionez, Pablo Sarasate erreferentzi zentru bilakatu zuen, Hispania mailan musika metodo berritzaileak sartuaz, adibidez, Orff pedagogia. Aipatzekoak dira kontserbatoriotik kanpo eginiko hainbat ekimen, hala nola, 1958tik Pariseko Institutu Gregorianoarekin batera antolatutako gregoriano asteak. Bestetik, musikako lehen hezkuntzengatik oso arduratua zegoen eta bere eskutik iritsi ziren Espainiara lehen aldiz Chevais eta Orff-Schulwerk bezelako metodoak.