Eskultoreak

Rebolé, Áureo

1910eko martxoaren 11n Oibarren jaio eta 1994ko apirilaren 6an Iruñean hildako eskultore nafarra.

Berehala Irunberrira joan zen eta ikasketak Iruñean egin zituen. 1940an Nafarroako Foru Aldundiak beka eman zion Madrileko San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademian ikasketak egiteko.

Iruñeko Udal Aurrezki Kutxak antolatutako erakusketa ugaritan parte hartu du, esate baterako, Colectiva de Artistas Navarros Pro-Monumento a Sarasate (1956) izenekoan, Certamen de Arte Pamplona-Bayona (1960) izenekoan edo Exposición de Pintura Navarra (1971) izenekoan.Bere lanei dagokienez, hauek nabarmendu daitezke: Monumentua Loiolako San Ignaciori (Joan Flotatsek egindako jatorrizkoaren kopia, 1950) Iruñean, San Frantzisko Xabierrekoa Hiru Erregeen Mahaiaren tontorrean (1952), Iruñeko hilerriko Ama Birjina (1953), El Salvador Iruñeko Marcelo Celayeta etorbidean (1965), Monumentua Joaquin Larreglari Irunberrin (1965), San Miguel Iruñeko Unibertsitate Klinikan (1966), Monumentua Teobaldo II.ari Espinalen (1970) edota Jesusen Bihotza Irunberrin (1970).

Halaber, adierazgarriak dira erlijiozko iruditeriari dagokionez, Iruñeko (San Frantzisko Xabier, El Salvador eta Sortzez Garbia elizak, eta Katedrala) Irunberriko (Jasokundearen eliza, Hirutasunaren ermita) edo Almandozeko (San Pedro eliza) tenpluen barnean paratzeko bere sormenak.