Pop edo pop-rock erako musika izena jarri zaio 1950-60 hamarkadak geroztik, nagusiki erritmo anglosaxoi eta frantziar-italiar abestien eraginpean, nazioartean egin den musikari. Euskal Herrian “euskal kanta berri” deitu denaren interpreteak izan ziren batez ere musika proposamen hau (gehiago pop eran rockean baino) gure kultura herrikoian txertatu zutenak, “kanta berri” katalana, gaztelarra, galiziarra eta abarrekin gertatu zen modura. Pop-rockaren benetako asimilatzea musika taldeen garaiei egokitzen zaio, 60. hamarkadako urteetan. Egiazko rocka 70. hamarkadako urteetan finkatu zen, desbideratzeko, jada 80. hamarkadan, punk, zaratara eta “gazte” deitutako musikak, mundu osoan, ezagutu eta izan dituen dozenaka aldaketara.
Euskal poparen lehen sarraldietan batez ere euskararen erabilera izan bazen berezitasuna eman ziona, nolabaiteko autonomia, bestelakotasun edo nortasun handiena musika tresna elektrikoak edo elektronikoak betiko bertako tresna (txalaparta) edo berriagoak (trikitixa) nahastuz eta era bereko beste aldaeren bidez lortu du. Baita ere egungo abestietan aitortu ohi dira bertako betiko kantutegiaren moldeko lirikoen eragina eta, beste muturrean, euskal rock talde askoren erradikaltasuna edo behintzat gogortasuna, moduetan eta muinean.
Euskal kantari aitzindarien artean, Mikel Laboak (bere lehen sasoietan “Azken” deitua) Atahualpa Yupanqui kantari argentinarra edo Bob Dylan estatubatuarrak aipatu ditu beregan itzal gehienetako izan dutenen artean. Benito Lertxundik beti aipatu ditu Elvis Presley edo The Shadows eragile gisa eta Donovan pop kantari eskoziarraren abesti bat euskaraz grabatu zuen. Xabier Letek aitortu izan du kantagintza frankofonoaren eragina bere abestietan, besteak beste Georges Brassensena. Eta Lurdes Iriondo behin eta berriz Joan Baezekin erkatua izan zen.
Taldeen garaiak Bergarako Urretxindorrak euskara itzuli zuten Anushka abesti pop aski ezaguna edo Atahualpa Yupanqui beraren Gurdi Ardatzak. Erlak taldeak gauza bera egin zuen Mary Hopkinsen Those Were The Days, Bakardadea izenarekin eta bere Kennedy gure laguna zan abestiak zenbait hamarkada geroago Negu Gorriak taldearen erantzuna jaso zuen. Ameslariak taldeak Les Surfs, Nina & Frederick edo Los Brincosen abestiak itzultzen zituzten euskarara. Euskal kantagintza arloan nazioarteko pop-rockak izan zuen eragin motela baino halabeharrezkoaren eredu batzuk dira, euskara eta gaztelania era berean (eta gutxiago frantsesa Iparraldean) erabiltzeaz gain askotan ingelesera ere jo zuten, ohitura linguistiko orokorra belaunaldi pop-rock berrien artean.
Euskal kantaren lehen saldo hau besteak beste honoko hauek osatzen dute: Michel Labéguerie Iparraldeko aurrendari handia, 1963an lehen aldiz grabatu zuena, Ez Dok Amairu kolektiboa, lehen aitatutako zenbait izenekin eta beste batzuk adibide Artze anaiak, Irigaraitarrak, Julen Lekuona, eta abar…; “Cuarteto Soroa” (abesti anglosaxoiak euskara itzuli zituena), Ameslariak, Oskarbi, Bozkari, Naikari, Estibaliz, Maite Iridin (Yupanquiren kanta euskaratuen abeslaria hasiera batean, Gabriel Aresti Bilboko poeta urratzaileak itzuliak), Iparraldeko Estitxu, Amaia Kasasola, Bittor Egurrola, Txomin Bengoa, Antton Valverde eta franko gehiago.