1968an Donostian jaiotako tenore gipuzkoarra.
Baionako (Ipar Euskal Herria) Goi Mailako Musika Kontserbatorioan hasi zituen kantu ikasketak Tibére Raffalli maisuarekin. Ondoren, Eduard Jimenezekin perfekzionatzen jarraitu zuen Bartzelonan.
Jon Plazaola finalista izan da "Luis Mariano Nazioarteko Kantu Lehiaketan" 1995ean, "Jaume Aragall Nazioarteko Abeslarien III. Lehiaketan" 1996an eta "Manuel Asensi Nazioarteko II. Lehiaketan" 1999an. Halaber, euskarazko lan baten interpretazio onenaren lehen saria jaso zuen "Bilboko Nazioarteko VI. Kantu Lehiaketan", 1996an, eta lehen saria, tenore mailakoa, "Eugenio Marco Nazioarteko Kantu Lehiaketan" (Sabadellgo Farándula Antzokia), 1998an.
Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Sabadellgo Teatro de la Farándulan, Palmako Principal Antzokian, Bartzelonako Santa María del Mar Auditorio eta Basilikan, Genovako Teatro Carlo Felicen, Donostiako Musika Hamabostaldian eta Rosi Operako Nazioarteko Jaialdian abestu du.
Era berean, Eduardo Mocoroaren Leidor euskal operaren munduko estreinaldian parte hartu zuen.
