Kontzeptua

Plazak. Arkitektura

Euskal Herriko herri eta hiri gehienek plazak dituzte, ziurrenik sortu ziren unetik. Zaharrenak aipatu ditugun hasierako funtzioak betetzeko prestatuta zeuden -politikoa, erlijiosoa eta ekonomikoa-. Horren ondorioz, bertan ere herri eta hirietako eraikin esanguratsuenak aurki ditzakegu, hau da, udaletxea, eliza, jauregi nagusia edota epaitegia. Plaza mota honetako eredu asko baditugu ere, bat nabarmentzekotan Bilboko Santiagoko Plaza izan liteke. Alde zaharrean dago, Santiagoko elizaren aurrean.

Eredu horietatik, gure artean interesgarrienak XIX. mendearen hasierakoak dira. Neoklasizismoa esaten diogun estilo arkitektonikoa landuz burutu ziren. Orduan eraiki ziren zabalgunetan plaza berri asko, aipatutako funtzioak betetzeko asmoz, baina baita ere garai berri haien ezaugarriei helduz. Egoera berri horren adibide dira, Gasteizen Espainiako Plaza -Justo Antonio de Olaguibel-, Donostian Konstituzio Plaza -Pedro Manuel de Ugartemendia eta Alexo Miranda-, Bilboko Plaza Berria -Silvestre Perez, Antonio de Echevarria eta Avelino de Goicoechea- edota Tafallan Nafarroako Plaza, Martin de Saracibar arkitektoaren lana. Plaza horietan guztia kontrolpean dago eta funtzio zehatzak betetzeaz gain argi dago xede gehiago badaudela ere, esaterako, gizartearengan kontrola zorrotzagoa ezartzea.

Plazen diseinu hau XIX. mendearen amaierarako aldatzen hasiko da. Plaza eredu berriak azaltzen diren heinean, garai berriekin lotura zuzena izango dute. Egoera berri horren adierazle gisa Donostiako lehen zabalgunean kokatzen den Gipuzkoako Plaza har dezakegu. Bertan lorategiak protagonismo berezia du eta berez aurreko garaietako funtzioak baztertzen dira.

XX. mendeak aurrera egiten duen heinean, plaza berrien diseinuan alde batetik ibilgailuek gero eta garrantzi handiagoa badute ere, oinezkoentzako espazioak eratzen dira, esaterako, uharte gisa kokatuz plazen erdigunean -Bilboko Moyua Plaza honen adibidetzat har dezakegu-. Beste alde batetik, apustu berri eta ausartak ere aurkituko ditugu, Durangon Ezkurdia plazan bezala -Juan Daniel Fullaondo eta Fernando Olabarria egileak izanik-, bertan arrazionalismoaren zenbait printzipiok bat egiten baitute organizismoarekin, edota Luis Peña Ganchegui arkitekto gipuzkoarrak garai honetan -hirurogei eta hirurogeita hamargarren hamarkadan- aurrera aterako dituen zenbait diseinutan, bereziki hiru nabarmenduz: Donostian Trinitateko eta Teniseko Plazak, eta Gasteizen Foruen Plaza. Plaza horietan Peña Gancheguik hainbat gauza desberdin eta osagarriak lortuko ditu: historia eta zehazki iragana kontutan hartzea eta errespetatzea, natura plazaren diseinuan osagai bezala txertatzea eta, batez ere, gizakia espazioaren protagonista bihurtzea.

Hurrengo hamarkadetan plaza gogorren diseinua gure artean modan jartzen da eta hainbat ereduekin topo egingo dugu. Esanguratsuenak honako hauek dira: Patxi Mangadoren lanak Oliten -Karlos III Plaza- eta Lizarran -Nafarroako Plaza-, eta Bizkaian Elorrioko herrian eliza nagusiaren aurrealdean Fernando Ruiz de Ocenda eta Iñaki Usandizagaren lana. Hala ere, joera hori azken bi hamarkadetan aldatu egin da, eta orain nabarmendu ditzakegun plazen artean sentsibilitatea bestelakoa da, irekiagoa, anitzagoa berriro ere. Hainbat lanen artean, bi nabarmenduko ditugu: Portugaleteko Pormetxeta Plaza eta Bilboko Mariaren Bihotza Plaza, lehenengoa Javier Fresneda, Javier San Juan eta Javier Peñaren lana izanik, eta bigarrena 5+1 Estudioarena.