Arkitektoak

Pizarro Asenjo, Jose Antonio

Arkitektoa. Donostia, 1944.

Jose Antonio Pizarro arkitekto gipuzkoarrak ez ditu bere ibilbidean zehar eraikin asko burutu. Dena den, lan esanguratsu eta garrantzitsuen egilea da, bereziki hilerriaren inguruko tipologiari dagokionean. Bere hizkuntza arkitektonikoa dela eta, bere ibilbidea postmodernitatean murgildurik hasi bazuen ere, gero arrazionalismorantz bideratu du.

Jose Antonio Pizarro Asenjok 1968an Bartzelonako Arkitektura Eskolan titulua lortu zuen. Garai hartan arrazionalismoak eta funtzionalismoak gure artean kritika gogorrak jasotzen ari ziren, Bigarren Mundu Gerraren ostean Europako arkitektura mailan estilo nagusiak bihurtu eta gero. Espainia eta Euskal Herrian hirurogeigarren hamarkadatik aurrera gertatu zen fenomeno hori. Belaunaldi berrien artean arkitektura egiteko aukera hori ez zen begi onez ikusten, uste baitzuten burutzen ziren eraikinak nortasunik gabekoak zirela, gehienak traza berdinekin eginak. Testuingurutik kanpo omen zeuden eta edertasunik gabekoak ziren. Aurreko hamarkadan organizismoa egoera hori konpontzen saiatu bazen ere, belaunaldi berriko zenbait arkitekto gaztek uste zuten organizismoak arrazionalismoaren akats berdinak egiten bukatu zuela, hots, konponbide berriak formalista hutsak zirela. Horregatik, belaunaldi horrek klasizismo berri baten -postmodernitatea deitu izan dena- aldeko aldarrikapena egin zuen -aurretik Aro Berrian Errenazimenduan eta ondoren Aro Garaikidearen hasieran Neoklasizismoan gertatu zen bezala. Euren ustetan, garai klasikoko zenbait ezaugarrien eguneratzea arkitektura garaikidearen onerako izango zen. Baina apustua ez zen izan soilik elementu formalen eta apainketaren berreskurapenaren arloan. Arkitektura klasikoak eskaintzen zituen beste ezaugarri baliagarrien aldeko jarrera berria zabaldu zen, honako ezaugarri hauetan oinarrituz: tipologien arauen erabilera, egitura konplexuen aplikazioa, eta abar. Pizarro, beste arkitekto euskaldun asko bezala, belaunaldi berri horretako kidea izan zen. Arkitektura ulertzeko moduan eta bere lanetan garai horretako hausnarketa guzti horren isla ikusten da. Hala ere, denboraren poderioz, ibilbideak bilakaera izan du eta azken lanetan zenbait aldaketa ere gertatu dira.

Sarreran aipatu dugun bezala, Jose Antonio Pizarrok burutu dituen eraikinen kopurua ez da handia. Ziurrenik Donostiako Arkitektura Eskolan irakasle lanetan aritu delako, hainbat udaletan hirigintza lanak ere aurrera eman dituelako -Zumarragan, adibidez-, edota zenbait erakunde publikoetarako aholkulari gisa ere jardun delako, Pizarroren lan zerrenda ez da luzea. Gainera, askotan lehiaketetan aurrera egitea ez da erraza izaten, eta berak ez du bide horretan arrakasta handirik lortu. Hala ere, Pizarrok Euskal Herriko Arkitekturaren historia garaikidean leku propioa merezi du bere hizkuntza arkitektonikoa berezia izan delako, guztiz desberdina, postmodernitatearen irakurketa pertsonala eginez. Gainera, gauzatu dituen eraikin batzuk benetan bikainak dira, garrantzitsuak eta esanguratsuak.

Bere lanen artean, lehenengo lan interesgarria Elgoibarreko ikastola (1970) izango da, eta aurrenetakoa bada ere, bertan argi ikusten da Pizarrok hasieratik eta gaztea izanik gauzak oso garbi zituela. Adreiluz egina, simetriaren erabilera esanguratsuarekin. Bi isuri aldeko sabaiak erabili zituen arkitektura klasikoan tinpanoak eskaintzen zuten sendotasun bera transmitituz. Elgoibarreko ikastolak erakusten digu, garai hartako beste ikastetxeekin konparatuta, Pizarro ez zuela eraiki nahi ikastetxe bat edozein bulego eraikinaren antzera, eraikin arrazionala eta funtzionala besterik gabe sortuz. Aitzitik, tipologia berak eta testuinguruak eskaintzen zuten berezitasuna kontutan hartu zituen.

Lan egiteko modu hori berriro agerian geratuko da eta nabarmenki erakutsiko du bere hurrengo proiektuan, Zumarragako Hilerriko kripta (1984). Ziurrenik hori da bere lan esanguratsuena eta ospetsuena. Tipologia horretan gure artean inoiz egin den lan interesgarrienetako izateaz gain, bere arkitekturaren ezaugarri guztiak laburbiltzen ditu. Pizarrok lan horretan erakutsi zuen iraganeko arkitekturatik gauza asko erabili zitezkeela -arkua eta argia, adibidez-, eta postmodernitateak ez zuela ezertan garai klasikoko apainketen berreskurapen soila izan behar. Berez, eraikin horretan ez dugu apainketarik aurkitzen, Vicente Larrea eta Reinaldo Lopez Carrizoren bi eskultura izan ezik. Beste esanahi eta adierazpen guztiak eraikinak berak, forma eta argien bitartez sortzen ditu.

Bere hurrengo lan garrantzitsua Zumarragan egingo du eta bertako udaletxearen eraberritze lana izango da (1986). Oraingo honetan elementu klasiko gehiago erabili zituen, nolabait denbora eta iraganaren arrastoa erantsiz. Tipologia honen aurreko zenbait ezaugarri errespetatu zituen, baina beste zenbait berriak ere txertatuz. Jarrera hori oso nabaria da eraiki dituen etxe multzotan, hirurogeita hamargarren hamarkadan Zarautzen adibidez -Lecera etxebizitza multzoa-, edo bi hamarkada beranduago Donostian, Intxaurrondo auzoan (1994). Azken etxebizitza multzo horretan, neurri batean Pizarro arrazionalista eta funtzionalago bat aurkitzen badugu ere, beste zenbait elementuetan -atariei ematen die garrantzia, eraikin elementu bertikalen erabilera- historia eta gizartearen eragina antzematen da eta nola Pizarrok sintesi lana bat egin nahi duen.

Fase horri, postmodernoa esan diezaiokegu eta Zumarragan bertan dagoen beste lan baten bitartez amaitu zen, Osasun Mentalaren Egoitza (1995). Ziurrenik horixe da bere lan guztietatik postmodernoena, inspirazioz klasikoa izateaz gain hainbat elementu apaingarri gisa erabiltzen baititu. Baina hiru urte beranduago gazteei zuzendutako etxebizitza multzo bat Toledon eraikitzen duenean (1998), bat batean, Pizarro desberdin bat aurkituko dugu, arrazionalistagoa, sinple eta xumeagoa, baina aurreko maisutasun berarekin. Agian testuinguruaren aldaketa eta tipologiaren eragina ere -joera hori aurreko etxebizitza multzoetan ere erakutsi baitzuen- bere ibilbidea beste ildo batetik sartu dute.