Literatoak

Pinilla, Ramiro

Ramiro Pinilla García Bilbon jaio zen 1923an, baina hainbat urte dira Getxoko (Bizkaia) Walden etxean bizi zela. Barakaldon zendu zen 2014ko urriaren 23an.

Arte eta Ofizio Eskolan Industria Maisu ikasketak egin zituen lehenengo, eta Nautika Eskola Ofizialean ere ibili zen. Bi urte egin zituen itsas gizon, itsasontzietako makinen arduradun gisa; alabaina lana bertan behera uztea erabaki zuen egiazko bokazioari heltzeko: literatura idazteari.

Hirurogeigarren hamarkadako Espainiako egile berrietako bat izan zen, eta arrakasta nabarmena izan zuen argitaratutako lehenbiziko lanekin; alabaina, argitaletxeen politikarekin eta editoreen jardunarekin pozik ez zegoela eta, argitaletxe propioa sortzea erabaki zuen, Libropueblo izenekoa. Bertan (esan nahi baita, Pinillaren beraren ardurapean) kaleratu zituen bilbotarrak bere ipuin eta eleberriak hogeita hamar urtean, harik eta 2000ko hamarkadaren erdialdean Tusquets argitaletxe handiko ateak jo zituen arte. Kritikak nahiz irakurleek harrera izugarri ona egin zieten Pinillaren obra berriei, eta gaur egun Euskal Herrian gaztelaniaz idazten duten idazle arrakastatsuenetarikoa da. Besteak beste, Nadal Saria (1960), Espainiako Kritika Saria (2005), Espainiako Narratiba Sari Nazionala (2005) eta Euskadi Saria (2005) irabazi ditu. 1972an, bestalde, Planeta Sariko finalista izan zen; zehazki, bigarren geratu zen. Pinillak berak aitortu izan du beragan idazle gisa gehien eragin duten egileak Henry David Thoureau (estatubatuarraren obratik atera zuen bere Getxoko etxearen izena) eta William Faulkner izan direla.

Gaztea zelarik, hainbat polizia-eleberria irakurri zituen Pinillak, eta kaleratu zuen lehenbiziko eleberria ere genero horretakoa da. Misterio de la pensión Florrie (1944) [=Florrie ostatuko misterioa] dauka izena, eta "Romo. P. Girca" ezizenarekin sinatu zuen. Eleberria, berez, Earl Derr Biggers estatubatuarrak idatzitako Seven keys to Baldpate (gaztelaniaz Siete llaves [=Zazpi giltzak] izenburuarekin argitaratu zen) polizia-eleberria imitatuz eginiko lan laburra (88 orrialde ditu) da. Biggers-en lana oinarritzat harturik pelikula bat ere egin zen, eta Ramiro Pinillak berak aitortu izan du eleberri eta pelikula haiek berebiziko eragina izan zutela beragan.

Ezer argitaratu gabe hamasei urte igaro ondoren, El idolo (1960) [=Idoloa] kaleratu zuen bilbotarrak, gaur egun egileak berak txartzat jotzen eta gaitzesten duen nobela. Lan horrekin, berez, El Mensajero saria irabazia zuen 1958an. Hasierako bi lanak, bada, ez ziren oso arrakastatsuak ziran, baina handik gutxira egoera goitik behera aldatu zen.

Las hormigas ciegas (1960) [=Inurri itsuak] lanak ezezaguntasunetik atera zuen Pinilla, eta Espainiako zenbait sari garrantzitsu irabazi zituen obra horri esker, hala nola, 1961. urteko Nadal Saria eta Espainiako Kritika Saria. Egileak berak azaldu du nolatan egon daitekeen hain alde handia hasierako bi eleberrietatik Las hormigas ciegas lanera: bien bitartean, William Faulkner irakurri zuen; are gehiago, Pinillaren azalpenei jarraiki, hirugarren eleberri hori idazten hasi aurretik egunero irakurtzen zuen Faulkner apur bat, estatubatuarraren "idazkien musika" bere egite aldera. Eta egia da, obrari Faulkner-en eragina dario hasieratik amaieraraino. Las hormigas ciegas-en edizio berria eta behin betikoa 2010ean kaleratu zuen Tusquets argitaletxeak.

Istorioa Ingalaterratik ikatzez beterik datorren itsasontziak Bilboko itsasadarraren aurrealdean hondoa jotzen duenean hasten da. Istripuaren ondorioz, itsasontzia apurtu eta zeraman ikatza irteten hasten da, eta Getxoko Algorta auzora iristen da. Bada, hainbat eta hainbat getxotarrek hondartzetara eta itsaslabarretara jotzen dute olatuek ekarritako ikatzaren bila. Tartean daude Sabas Jáuregi eta bere senideak, baserrirako ikatza behar dutenak eta tragedia zuzenean biziko dutenak. Eta tartean daude, halaber, asmoen porrota, tragedia, muturreko egoera latzak, gizakien kemena eta duintasuna, bizimodu eta bizileku ilunak, eta abar. Pinillak eleberrirako hautaturiko hizkuntza lakarra eta iluna da, eta kritikariek eleberria eraikitzeko Pinillak hautaturiko egitura goraipatu izan dute.

60ko hamarkadan bertan beste bi lan kaleratu zituen Getxora joandako bilbotarrak: El héroe del Tonkin (1961) [=Tonkineko heroia] eta En el tiempo de los tallos verdes (1969) [=Zurtoin berdeen sasoian]. Alabaina, ez zuten Las hormigas ciegas-ek besteko arrakastarik izan. 1972an, baina, Seno kaleratu zuen, eta Planeta sari ospetsua irabaztekotan egon zen. Pinillak berak azaldu du sari-banaketaren aurretik egin zen afalordura arte, behintzat, bere lana izan omen zela saria irabazteko aukera gehien zuena; alabaina, azken orduko aldaketaren bat egin omen zuen antolatzaile nagusiak, bilbotarrari bigarren saria eman zioten eta.

Esan daiteke egun horretatik aurrera hasi zirela okertzen Ramiro Pinillaren eta argitaletxe handien nahiz editore ospetsuen arteko harremanak. Planeta sarien antolatzaileekin haserre, beste argitaletxe batzuek ere bere obrarekin egindakoa ere ez zuen ontzat hartu. Esate baterako, Las hormigas ciegas lanean oinarritutako pelikula egiteko eskubideak saldu zituen Destino argitaletxeak, egileari berari ezer esan barik. Apurka-apurka, hoztu egin zen Pinillaren eta bere argitaratzaileen arteko harremana, eta, arestian esan den bezala, azkenean bere argitaletxe propioa sortu zuen bilbotarrak.

Libropueblo izeneko argitaletxea sortu eta bertan kaleratu zituen Pinillak bere obrak hogeita hamar urte luzez. Egileak berak kudeatzen zituen argitaratutako liburuak eta argitaletxea bera; hortaz, ez zegoen inorekin haserretzerik. Alabaina, argitaletxearen mugak nabarmenak izan ziren, batik bat liburuen zabalkundeari dagokionez, Bilbo aldean besterik ez zirelako saltzen.

70eko hamarkadan bertan argitaratu ziren El salto (1975) [=Jauzia], Recuerda, oh, recuerda (1975) [=Gogoratu, oh, gogoratu], Guía secreta de Vizcaya (1975) [=Bizkaiko gida sekretua], Antonio B., el Rojo, ciudadano de tercera (1977) [=Antonio B. "Gorria", hirugarren mailako herritarra], Primeras historias de la guerra interminable (1977) [=Gerra amaiezinaren lehenengo istorioak] edo La gran guerra de doña Toda (1978) [=Toda andrearen gerra handia] lanak. Horien guztien artean, ziur asko Antonio B., el Rojo, ciudadano de tercera da arrakastatsuena. Seiehun orrialde baino gehiago ditu, eta Tusquets etxean kaleratu zen eleberri horren azken bertsioa, 2010ean, Antonio B. el Ruso, ciudadano de tercera izenburu aldatuarekin.

Lan horretako pertsonaien eta gertakizunen oinarria egiazkoa omen da. Pinillak gizon baten bizimodua kontatzen du, Leongo herri txiki batean hogeita hamargarren hamarkadan jaio zenetik hirurogeita hamargarren hamarkadara arte. Bien bitartean daude Espainiako Gerra Zibila eta Francoren diktadura luzea. Inolako baliabiderik gabe bizi den gizona da Antonio, lapurretan ibili behar du bizirauteko eta inork ez dio inolako laguntzarik ematen, ez lagunek, ez amak. Are gehiago, arbuiatu egiten dute. Zorigaiztoko patutik ihesi, Euskal Herrira doa, eta bertan bizimodua aldatzea eta, are gehiago, egonkortzea, lortzen du.

80ko eta 90eko hamarkadetan ez zuen liburu askorik argitaratu Pinillak, eta aipagarrien artean edo Andanzas de Txiki Baskardo (1979) [=Txiki Baskardoren ibilerak], Verdes valles, colinas rojas (1986) [=Haran berdeak, mendixka gorriak], Quince años (1990) [=Hamabost urte] eta Huesos (1997) [=Hezurrak] daude. Bada, 80ko hamarkadako Verdes valles, colinas rojas hura azken urteotan argitaratutako trilogiaren aurrekaria izan zen, non Baskardotarrak berreskuratu baitzuen.

Arestian esan denarekin bat, 2000ko hamarkadaren erdialdean Libropueblo argitaletxea alde batera utzi eta argitaletxe handietara jotzea erabaki zuen Pinillak. Ordurako esku artean zuen Euskal Herrian eta Espainian azken hamarkadetan argitaratu den obra luzeenetariko bat: Verdes valles, colinas rojas lana. Orotara 2.500 folioko luzera zuen lanak mekanografiaturik (hemeretzi urteko lana da), eta tamaina zela eta, Pinillak ez zuen itxaropen handirik argitaletxeetan; izan ere, tamaina horretako obrak ez datoz bat gaur egun saltzen diren eta argitaletxeek bilatzen dituzten obrekin. Espasa argitaletxera bidali zuen lana, eta zeuzkan beldurrak egiaztaturik gelditu ziren: ez argitaratzea erabaki zuten editoreek. Tusquets-era jo zuen ondoren, eta hango erantzuna bestelakoa izan zen: prest zeuden lana argitaratzeko, eta hiru liburukitan kaleratu zen: La tierra convulsa (2004) [=Lur asaldatua], Los cuerpos desnudos (2005) [=Gorputz biluziak] eta Las cenizas del hierro (2005) [=Burdinaren hautsak].

Verdes valles, colinas rojas trilogian Euskal Herriko azken mendeko historia kontatzen da, kokalekutzat Getxo hartuta. XX. mendeko Euskal Herria etengabe aldarazi zuten garai eta egoerak markotzat baliatuz, aldaketa etengabe horretaz jabetzen diren pertsonaiek (batzuk aldaketaren aldekoak eta beste batzuk aurkakoak) osatzen dute nobela. Politikak, gizarte-maila eta ezberdintasunek, handinahiak, botere nahiak, ideologiek, tradizioak, berrikuntzek... elementu horiek guztiek eta beste askok dute lekua eleberrian.

La tierra convulsa liburuan Cristina Onaindiaren eta Ella-ren arteko norgehiagoka ageri da. Lehenengoa aristokraziako kidea da, eta bigarrena izenik gabeko neskame zuhurra, egoera aldarazten duena seme ez-legitimoa edukiko duela azaltzen duenean. Tartean daude Manuel maisu zaharra eta Asier Altube ikaslea, eleberriko istorio nagusien inguruan aritzeaz gain, istorio nagusi horiekin lotutako beste hainbat istorio ezagutzen eta kontatzen dituztenak.

Los cuerpos desnudos liburuan, berriz, maitale zaharra berreskuratu nahi duen pertsonaia ageri da, ideologikoki gorabehera handiak dituena (batzuetan abertzaleen alde ageri da eta beste batzuetan berrikuntza-nahia erakusten du). Bere bi anaiekin batera Oiarzena izeneko baserri zaharrera erretiratzen dira bizimodu askea izateko, baina bertako sexu-askatasunak tragedia baino ez dakar. Artean, familien arteko botere-harremanak, herentziak, enpresarioen eta langileen arteko tira-birak, elizaren nahiak eta beste hainbat elementu eta istorio nahasten dira elkarrekin, harik eta Espainiako Gerra Zibilak eten bortitza dakarren arte.

Las cenizas del hierro lanaren abiapuntua ere hogeita hamargarren hamarkadan dago, Espainiako Gerra Zibilaren sasoian. Azkenean Bilbo indarrez hartzen duten Francoren soldaduek gudariak txikitzen eta ihesarazten dituzten artean, Bilbo aldeko industrietako zuzendariek konplota egiten dute, Errepublikari uko egin eta Francoren albora lerrokatzeko. Gerra Zibila 1939an amaitu zen arren, 1937rako amaitua zen Euskal Herrian (eta Getxon); hortaz, esan daiteke gerraostea 1937tik aurrera bizi izan zutela bertako bizilagunek. Bada, giro beltz, etsi eta itogarri hartan dago kokaturik hirugarren lan hau, non belaunaldi berrietako gazteak ageri baitira.

Verdes praderas, colinas rojas trilogiak, aurreko lan askok ez bezala, atoan zabaldu zuen Ramiro Pinillaren izena, berriz ere. 2005ean bertan hiru sari garrantzitsu eman zizkioten: Euskadi Saria, Espainiako Kritika Saria eta Espainiako Narratiba Sari Nazionala.

Azken urteotan argitaratutako lanak dira La higuera (2006) [=Ikondoa], Sólo un muerto más (2009) [=Hildako bat gehiago, besterik ez] eta Los cuentos (2011) [=Ipuinak].

Lehenengoan, iraganaren itzulera da Pinillak jorraturiko gaia: aspaldi etxez etxe jendea atxilotzen eta fusilatzen ibili zen Falange-ko kidea kezkaturik bizi da; izan ere, ezin du ahaztu etxe bateko gizona indarrez zeramaten artean gizon haren seme txikiaren begirada, etorkizunean mendekua hartuko zuela adierazten zuena.

Sólo un muerto más lanean, aldiz, polizia-eleberriak idatzi nahi dituen liburu-saltzailea da protagonista. Bada, arazo handia dauka protagonista horrek: idazten dituen lan guztiak itzultzen dizkiote argitaletxeek, harik eta Getxon Gerra Zibilaren aurretik hilketa bat egon zela eta argitu gabe dagoela deskubritzen duen arte. Une horretatik aurrera, idazle ez ezik, detektibe ere bihurtzen da protagonista, eta hilketa hura ikertu ahala, eleberria idazten doa.

Los cuentos liburuan Ramiro Pinillak aldez aurretik idatzitako bi ipuin-libururen azken edizioak ageri dira: Recuerda, oh, recuerda eta Primeras historias de la guerra interminable obretako ipuinak, hain zuzen ere.

Ramon Saizarbitoriarekin batera Eusko Jaurlaritzak emandako Lan Onari 2012 Saria jaso zuen, literatura munduan eginiko lana eta ardura haintzat hartuz.

2012. urtean, Tusquets Argitaletxearen eskutik Aquella edad inolvidable lana aurkeztu zuen eta hurrengo urtean, 2013.ean argitaletxe berarekin, Samuel Esparta detektibea protagonista duen polizia-seriea osatzen duen bigarren titulua argitaratu zuen. El cementerio vacío lanak, egilea polizia-nobelagile bikaina dela baieztatzen du, bere obra garatzen den gerra osteko Getxo batean jakin-mina nahiz giza-emozioa mantentzeko gai izanik. 2014ko urrian argitartu zuen bere ezken lana Cadáveres en la playa (Tusquest), Samuel Esparta pertsonaia berriro ere protagonista izanik.