Politikariak eta Kargu publikoak

Pinet, Jacques

1754an Saint-Nexant-en (Dordoina) jaiotako Konbentzio Gerran Pirinioetako armadan Herriaren ordezkaria. 1789 baino lehen, Perigordeko legelari ilun bat zen. Iraultzaren garaian, hain sutsu besarkatu zituen printzipio iraultzaileak, ezen 1790ean Baionako (Lapurdi) administratzaileetako bat izendatu baitzuten, eta hurrengo urtean, Dordoinaren departamenduko diputatu Biltzar Legegilean, non ezkerrari atxiki baitzitzaion, alderdirik muturrekoenarekin, tribunan inolako esku-hartzerik izan ez bazuen ere. Gero, departamentu berak Konbentzio Nazionalerako hautatua izan zen, eta Mendiarekin bat egin zuen, Marat eta Robespierreren ondoan, kasu guztietan erabaki bortitzenak hartzeagatik nabarmendu zelarik. Luis XVI.aren prozesuan bere heriotza bozkatu zuen herriaren aurrean apelaziorik egin gabe eta atzerapenik gabe.

Handik gutxira, Mendebaldeko Pirinioetako armadaren komisario gisa bidali zuten (793ko azaroaren 18an), Espainiaren aurkako espiazio masiboa antolatzeko. Harisperen ausardia bereizten jakin zuen, gudu-zelaian brigada izendatu baitzuen. Ipar Euskal Herrian Izuaren ordezkari karakteristikoena izan zen. 1794ko apirilean, konspirazio baten salaketa jaso zuen, zeinaren helburua zen Landetako departamenduan altxamendu bat hastea, bere armadari bizkarra emanez gerra zibila ereiteko, espainiarrak aurrez aurre eraso egiten zion bitartean.

Pinet berehala abiatu zen Baionarantz, eta Landetako departamentutik pasatzean atxiloketa ugari egin zituen. 80 izan omen ziren atxilotuak eta horietako batzuei heriotza zigorra ezarri zieten. Bere arazketa-jarduera ez zen Iparraldeko euskal biztanlerian soilik gauzatu, baita Gipuzkoakoan ere, azken hau armada iraultzaileak inbaditu baitzuen. Bere jokabide baldar eta harroputzak probintziako elite frantsestua besterendu zuen, are gehiago Diputazioa edo Junta Baionara eramatera behartu zuenean. Bere Gipuzkoako aldi laburra, gainera, elizei egindako lapurretagatik ezaugarritu zen, hauei bitxiak eta artelanak kendu zizkielako. Bere misioa 1794ko irailaren 10ean amaitu zen.

9. thermidorearen ondoren, kexa ugari iritsi ziren Konbentzio Nazionalera, eta herrialdeko tradizioak eta oroitzapenak bat datozen arren Pineti krimen guztien errua leporatzeko orduan, uste dugu Monestier eta Cavaignac lankideek ere izan zutela parte handi bat. Atxilotuta, amnistiatua izan zen, baina Inperioaren garaian kargua utzi zuen. 1816an erregizidagatik ihes egin behar izan zuen baina 1830ean itzuli zen eta 1844ko azaroaren 8an hil zen Bergerac-en.

Erref. Edouard Duceré: Dictionnaire historique de Bayonne, 2 vols, Baiona, 1911-1915.