Biografiak

OTALORA, Ines Ruiz de

Amandre Santa Ines izenaz ezagunagoa da euskal hedabide herrikoietan, eta Arrasateko San Juan Bataiatzailearen parrokian dago haren momia. Ines Ruiz de Otalora Valladoliden hil zen 1607an eta bere gorpua Arrasatera eraman zuten, jaioterrira. Otalora familiaren ondorengoa zen, jatorriz Aozaraza-Aretxabaletakoa eta Nafarroako erregeorde izatera iritsi zen Miguel Ruiz de Otaloraren laugarren alaba. Ines Rodrigo de Ocarizekin ezkondu zen, hau ere Arrasatekoa eta Felipe II.aren Errege Etxeko Grefier edo idazkaria Valladoliden. Alargun eta ondorengorik gabe hil zen adin helduan. Herriak lorik ezaren aurkako bertute sendagarriak ematen dizkio, eta hain da herrikoia, non honako kantinela hau ere ematen baitio, lorik egin ezinik geratuz gero errezatzeko: «Amandre Santa Ines - bart egin nuen amets - egin banuen gaitzez -gaur egin dezak onez». 1988ko urrian, Aranzadi Elkarteko aditu-talde batek Inesen gorpuzkin ustelgabeak aztertu eta Zumarragako Ospitalera eraman zituen. Han, azterketa erradiologikoa egin zioten. Hauek osatzen zuten taldea: Francisco Etxeberria, José Angel Barrutiabengoa, Lourdes Herrasti, Angel Armendariz eta María José Zulueta.Bernardo

ESTORNÉS LASA