Literaturakoak

Ostegunak (1997). Jon Arretxe

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Bidaia kontakizunen exotismoa alde batera utzita, hiriko unibertsitate ikasleen giro alai eta arduragabea dakarkigu Jon Arretxek (1963) trilogia bateko lehen alea den Ostegunak narrazio liburuan. Hurbiletik ezagutzen duen mundua agertu du idazleak, Egin egunkariak egindako elkarrizketan aitortzen duen bezala (Egin, 1997-XI-11): "...parranda giroko ipuinak dira, eta ganberro samarrak gainera. Giro ganberro hori ondo ezagutzen duen idazle ganberro samar batek idatzia, irakurle ganberroentzat".

Liburua osatzen duten bost ipuinotan unibertsitateko giroa, itxura baten ikasleen arteko ohiko giro arduragabea ageri da batez ere: ikasketa gutxi eta txuleta ugari, artaburu izatera ere heltzen ez diren irakasleak, ikasle ligezale amorratu eta patetikoak, pisukide nahiko arraro, berezi eta arketipiko-topikoak eta idazleak esan bezala, ganberradak ugari , lehen ipuinean ageri den euskaldun zintzo itxurako tuno-killer "xinpatikoaz" gainera.

Ikasle giroko bost ipuin idatzi ditu Arretxek. Ipuinok zenbait anekdota pilatuz osatu dira, baina sarritan anekdoten arteko haria nahiko xumea eta ikusgaitza egiten zaigu. Idazleari egindako elkarrizketetan irakur daitekeenez, badirudi "ganberro" izatea dela garrantzitsu idazki hauetan, eta ematen du eman, ganberrokeriak atsegin izan ahala itsatsi dituela idazleak ipuinotan, beste ikuspegirik kontutan izan gabe. Hori dela eta, anekdotak etengabe pilatzen, eta sarritan topikotasunetik gehiegikeriara bidean doazen anekdoten bidetik lortzen da, itxura batean, idazkion helburu nagusia den umorea, krudel samarra, "korrosiboa" idazlearen esanetan.

Egilea lekuko eta aldi berean hurbileko protagonista den anekdota eta topikoen gehiegikerian oinarrituriko testua da beraz, bestelako lotura agerikorik gabe. Badira bertan elementu komunak (Unibertsitatea, parrandak, lige saioak eta batez ere gazteak, ikasleak) liburuari itxura bateko batasuna ematen diotenak. Baina batasun itxura, hori baino ez da, itxura hutsa protagonistak beti gazteak eta ikasleak diren narrazioetan: Tunoak, kirol hezkuntzako ikasle harroak, ligatzeko estrategia desberdinak erabiltzen dituztenak, txuletak egiten dituena, pisukideak... Lan nekeza benetan hain metro karratu gutxitan horren nabarmen diren tipo-topiko bilatzea. Eta topikotasun hori azpimarraturik ageri da pertsonaien lautasunaz "planotasunaz", ez baita ahaleginik egin haien jarrera edo izaera ulergarri egiteko, anekdotak aurkezteko aitzakia hutsa izanik.

Istorio urbanoak izaki, badirudi hizkuntzaren aldetik ere halako errealismo kutsua islatzen dela elkarrizketa errealak, bat-batekoak eta ahozkotasunari atxikiak emanez. Liburu arina eta irakurterraza da, errazegia zenbaitetan, hizkuntza laua eta gutxi landua erabiltzen du gehienetan, eta lana errealismoari lotu nahirik, sarri ematen zaizkigu ikasleen arteko ohiko esamoldeak.

Dena dela gazte eta nerabeen artean arrakasta izugarri eta jarraipen fidela duen generoari hasiera eman diola onartu behar zaio idazlanari. Eta honez gero hogei edizio plazaratu eta 30.000 ale saldu izanak "euskal best-sellerren" paradigma bihurtu du Arretxeren lana. A. Rabellik (2005, 111) oso zorrozki adierazten duen legez "...literatura onaren eta komertzialaren arteko eztabaida harrotu du. Edozein modutan ere, eztabaida horrek euskal literaturaren gaurko ezaugarriak utzi ditu agerian. Ezaugarri horiek tartean, eskola sistemaren menpeko literatura genuke. Irakurle multzorik handiena eskolako ikasleen artean daukagu eta eurentzako neurriko lanek daukate arrakastarik handiena. Horrela, idazleen partetik eta, are gehiago, argitaletxeen partetik horrelako literatura, eskolarako homologarria, bultzatuko litzateke."

Idazleari egindako zenbait elkarrizketetan, idazleak berak harridura erakusten du liburuak gazteengan, nerabe eta institutuko ikasleen artean, batez ere, izan duen arrakastagatik, ez baitzen bere asmoa gazteentzako literatura egitea (Diario de Noticias, 2000-I-29). Hortxe legoke kakoa agian, gazteentzat eta nerabeentzat saldu eta aukeratu dutela liburu hau irakur zaletasuna eta ikuspegi kritikoa zeharo urritua duten irakasle eta argitaletxe aholkulariek, batez ere irakur erraztasunean eta giro aldetiko ganoragabekerian oinarrituz. Liburua ez da gazteentzat, ez eta ikasleentzat ere bereziki (bertan ikasle eta gazteak protagonista izan arren), hilketa eta misterio liburuak hiltzaile eta irakurle misteriotsuentzat ez diren bezala, edo landareei buruzko liburuak lorategiko arrosari oparitzeko ez diren bezala.