Pintoreak

Oscariz, Ramon de

XVI. mendeko nafar margolaria, Menaut de Oscarizen semea. 1575. urtean hil zela uste da.

Obren artean, nabarmentzekoa da Egiarretako erretaula, haren aitak hasitakoa. 1551 eta 1553 urteen artean margotu zuten, eta margolariaren lehen aroari dagokio. Aginagako erretaula ere azpimarratzekoa da. Lan ibilbidearen arorik gorenean margotu zuen, eta bertatik, ezin uka liteke Ocarizenak direla Hortuko otoitza, Atxiloketa, Zigorraldia eta Eraistea. Halaber, Akerretako erretaula egin zuen, eta Sarrigureneko, Berriogoitiko, Irotzeko eta Leteko erretaulak hasi zituen, besteak beste.

Ramon de Oscarizen estilo piktorikoak flandestar eta italiar joeren eragina du. Flandestar estiloen eragina nabarmenagoa da, eta eszenen dramatismoan, karikaturara hurbiltzen den keinu-adierazkortasunean eta paisaia landuetan nabari dezakegu. Italiar margotik hartutako ezaugarrien artean, figurak modu manieristan luzatzea eta zenbait eraketa-eskema ditugu.

Horrez gain, gure margolaria arma-errege izan zen. Erregeak izendatutako kargua zen hori, eta armategiko liburuak zaintzea eta kaparetasun-tituluak igortzea zituen betebehar.

Erref. Príncipe de Viana, 1969, 114-115 zk., 5. or.; Príncipe de Viana, 1965, 98-99 zk., 103. or.