Kontzeptua

Oroimen historikoa

Francoren diktadura iraganaren oroimena monopolizatzen saiatu zen, honi gerra zibilean garaitu zutenei komeni zitzaien ezaugarriak emanez, honela diktadura justifikatzeko helburuarekin. Baina gaur egun gero eta argiago dago Francoren diktadura garaian nagusitu zen iraganaren ikuspegia diktadura bera baino gehiago luzatu zela denboran; izan ere, demokraziarako trantsizio prozesuan zehar mantendu egin zen eta demokrazia ezarri berriarengan ere bere eragina hedatu zuen.

Gure historiaren azken hamarkadak ikertu dituztenen arabera, espainiar demokraziarako transizio prozesua "isiltasun paktu" batean oinarritu zen. Espainiar trantsizioan ahanztura sistematiko bat jarri zen martxan, egoera politiko berrian gerra zibileko eztabaida eta borrokak helburu politikoekin erabiliak izan ez zitezen. Ez hori bakarrik, isiltasun paktu horretaz gain, garai hartako espainiarrek iraganarekiko oso axola gutxi adierazten zuten.

Trantsizio urteetan, gerra zibilaren oroimenak demokrazia berriak aurretik izandako eredu demokratikoarekin -II Errepublika- bat egitea ahalbideratuko zuen oroimenaren politika bat aurrera eramatea ekidin zuen. Adostasun beharraren ideiak, frankismoaren errepresioa sufritu zuten eta frankismo garaian askatasunaren alde borrokatu ziren haien oroimena oroimen publiko berriaren ardatz bihurtzea galerazi zuen. Denbora luzean, frankismoak sorturiko oroimen politikari ez zitzaion erreferentzia demokratikoetan oinarritzen zen oroimenaren politika berririk kontrajarri. Trantsizio garaian espainiarrek nahi zuten etorkizunari buruz lorturiko kontsensuak ez zuen benetazko islada eduki iraganaren inguruan zuten irudi eta oroimenean.

Egoera hau da azken urteetan aldatzen ari dena: oroimenaren inguruan eztabaida bat sortu da espainiar eta euskal gizartean eta ikuspegi kritikoak gero eta ugariagoak bihurtu dira. Gizarte zientzietan adituak, oroimen historikoaren berreskurapenean lan egiten duten hainbat elkarterekin batera, frankismo garaitik jasotako oroimena gaitzesten dute. Espainiar historiaren azken mendearen oroimena argi berri batez begiratzea proposatzen dute, gerra galdu ondoren zapalduak izan ziren eta bere oroitzapenak isiltasunera kondenatuak ikusi zituzten haien oroimen historikoa berreskuratzeko ahaleginak egiten dituzten bitartean. Askoren ustetan, hau funtsezko pauso bat da trantsizio prozesuari amaiera bat eman eta benetazko demokrazia baten oinarriak ezartzeko. Pauso honek, baita ere, oroimen bat baino gehiago elkarrekin bizi daitezkeela aditzera ematen du.

Gizartean aldaketa bat eman da azken urteotan, eta trantsizio garaiko isiltasun eta ahanztura paktu horretatik oroimenaren inguruan diskurtso berri bat eraikitzera pasatzen ari gara. Aldaketa hau azaltzen duten faktoreak askotarikoak dira, azken hamarkadetan mundu mailan eman diren bilakaerak isladatzen dituzte, baita Espainia barruan eman diren aldaketa politikoak ere. Izan ere, XX mende amaieran munduko herrialde desberdinetan aurreko hamarkadetan gertaturiko giza eskubideen urraketak salatu eta justizia eskatzeko mugimendu zabala hedatu zen. Azken urteetako gertakari kultural eta politiko harrigarrienetako bat mendebaldeko gizarteetako kultura eta politikan sortu den iragana eta oroimenarekiko kezka da. Protagonismo honen arrazoiak azaltzerakoan, mendebaldeko gizarteek XX mendeko historia gatazkatsua oraindik onartu gabe daukatela esan ohi da, baita zalantzak nagusitu direla gizarte hauek orain arte gidatu dituen aurrerabidearen ideiaren inguruan. Shoa-ren inguruko eztabaidak, diktadura gogorrak atzean utzitako Hego Amerikako hainbat herrialdek edota Afrika Hegoaldeko apartheid-aren amaieran martxan jarritako "egiaren batzordeak", baita orain arte zapalduta egon diren hainbat talde minoritarioren oroimenaren berreskurapenaren errebindikazioa, egoera berri honen adierazle dira.

Espainian, aldaketa honen lehen zantzuak 1980 hamarkadan aurki daitezke, frankismo garaiko errepresioari buruzko tokian tokiko ikerketak ugaritzen hasi zirenean. Honen ondoren oroimen errepublikarraren loraldi bat egon da, gizarte zibilean oroimen historikoaren berreskurapenerako mugimendu zabal bat bultzatuz. 2000 urtean Asociación para la Recuperación de la Memoria Histórica (ARMH) elkarteak -Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz- gerra zibil garaian eraildako pertsonen gorpuen desobiraketa lanak hasi zituen, espainiar gizartean katalizatzaile moduan eraginez eta oroimenaren berreskurapenaren aldeko mugimenduan hainbat ekimen martxan jarriz. Pixkanaka, gizartean ahanzturaren paktua zalantzan jartzen hasi zen eta gizarteko sektore desberdinetan iraganarekiko jarrera berri baten beharra errebindikatzen hasi ziren. 2004 urteko martxoan PSOE-k hauteskundeak irabazi zituenean, erakundeek frankismo garaian isildutako oroimen historikoaren berreskurapenerako neurriak hartzen hasi ziren eta pixkanaka oroimenaren politika berri baten ardatzak ezarri dituzte, gizartean aurreko urteetan hedaturiko mugimenduari erantzuna eman nahirik.

Jarrera aldaketa honen ondorioz, oroimen historikoaren berreskurapenaren inguruko eztabaida piztu da espainiar eta euskal gizartean. Oraindik ere jarrera oso desberdinak aurkitzen ditugu, iraganeko zauriak ez irekitzeko aurreko mendeko gertakizunei ez begiratzea defendatzen dutenetatik, barkatzea eta berradiskidetzea ahanzturarekin nahastu nahi ez duten horietara. Eztabaida hau, espainiar gizarteak bere iraganari aurre egiteko eta pasadizu ilunenak gainditzeko dauzkan arazoen islada da. Polemika honen adierazle dira oraindik ere sortzen diren istiluak frankismo garaiko sinbolo eta oroimen lekuen inguruan. Oraindik ere kale askoren izenak, kaleetan dauden monumentuek, etab. frankismo garaiko oroimen politika gogora ekartzen digute; eta hauek kendu behar direla planteatzen denean, gizarteko sektore batzuetan protesta handiak sortzen dira.

Oroimen historikoaren inguruko interesa handitzen ari da, neurri batean azken urteetan oroimena borroka kultural eta politikorako arma bilakatu delako. Historigile eta gizarte zientzilarien foro mugatuetatik kalera atera da gaia, gizarteak berak bultzatuta, eta komunikabideak ere gero eta interes handiagoa eskeini diote aurreko mendeko gertakizunen ezagutzari.