Eskultoreak

Orduna Lafuente, Fructuoso

Eskultore nafarra, Erronkarin 1893ko urtarrilaren 23an jaioa.

Hamalau urte zituela, Zaragozako Lasuen eskultorearen ikasle gisa hasi zituen ikasketak. Gero, 1915etik 1918ra bitartean, Benlliureren gidaritzapean ikasketak aurrera eraman zituen.

Nafarroako Aldundiak 1918an diruz lagundu zuen eta Madrilen 1920an ospatutako Arte Ederren Nazio Erakusketan lehen aldiz esku hartu zuen. Bertan, hirugarren saria lortu zuen bi lan hauen eskutik: Roncalés, artistaren aitaren erretratua erakusten digun marmolez egindako burua, eta Pelotari. Saria erabaki zuena lehendabiziko lan hori izan zen eta, orduz geroztik, Madrilgo Arte Modernoko Museoan dago.

Foru Aldundiak diru laguntza areagotu egin zuen atzerrian ikasketak egin zitzan. Orduan Italiara joan zen, bertan italiar artea ikasiz. Italian, Post Nubila Phoebus multzoa sortu eta 1992ko Erakusketan aurkeztu ondoren, saririk gorena jaso zuen: Lehen Saria, Urrezko domina eta guzti (Arte Garaikideko Museoa). Nafarroako Aldundiak, Arte Modernoko Museoaren Zuzendaria zen Benlliureren eskariz, 7.000 pezeta eman zizkion lan hori brontzera urtu eta horrela Museoko Aretoetan erakutsi ahal izateko. Berez, Museoko araudiak behin betiko materiazkoak, brontzea eta marmola alegia, ez ziren lanak erakustea debekatzen zuen. Bere lehen lanen artean honako hauek aipa daitezke: Julián Gayarreren bustoa, lehengaiak baino jarri ez zituen Erronkariko hiribilduari eman zion. Honako idazkuna hau darama: "Bere herrikideek Julián Gayarreri 1917an", Gayarrek berak pilotalekuan bertan jarri zuenaren ordainez. Bestalde, Madrilgo Almudenako Gure Amaren hilerrirako triptikoa da beste lan aipagarria. Bere ekarpen handiena Kristoren irudia da; eta hain zuzen ere, horrek berak dakar antzinako irudien berrikuntza handiena, antzinakotasuna eguneratzen den heinean ideia eta sentiberatasunean oinarrituz, anatomiaren edertasuna eta harrizko erliebe biren estilizazio sinbolistaren eskutik. Beste lana Gayarreri egindako hilobi-harria da, honako inskripzioarekin: "Bere herrikideen omenaldia", konposizio ederra, marra banaketa aproposa eta zorroztasun konstruktibo aparta. Bertan, gainera, emakume nafarraren irudi ikusgarria aurkitzen da, artistaren lur berean jaiotako Erronkariko emakumezkoa. Garaioan (Aezkoa) ezarritako Ciriaco Morearen erretratua. El Irati Elkarterako Domingo Elizondoren erretratu. Sevillanoko Dukesarentzako Kristoren irudia eta beste bi irudi. Berez, Kristoren irudia Madrilgo Sorkundearen Elizako kriptan ezarri zen eta beste bi irudiak Escosura eta Estulz ingeniari sortzaileen Madrilgo Meatze Eskolan. Madrilgo Justizia Jauregiko etxaurrerako Papiniano erromatar juriskontsultoaren irudia. Bi erliebe handi, bata Las Ciencias en Comentario y Estudio izenekoa, eta bestea La Vida, biak Madrilgo Ramon y Cajal Instituturako eginak.

1923. urtean Ordunak bere lanei buruzko erakusketa eskaini zuen eta urte horretako abendutik 1924ko urtarrilera iraun zuen. 1926. urtean Veneziako Nazioarteko Erakusketan eta Parisko Udazkeneko Aretoan parte hartuko du, toki bietan arrakasta handia lortuz. Madrilen bizi izan zen, udaran Erronkarira joanez. Geroztik lan garrantzitsu asko egin zituen, besteak beste honako hauek: Pedro Nafarraren oroimenez Garde herrian eraikitako oroigarria; Iruñan, Julian Gayarreri eraikitako estatua; edo Nafarroako Foru Aldundiko Jauregiaren etxaurrean azaltzen diren errege-estatuak; eta Karlos III Etorbidera ematen duen frontisaren goialdean diren erliebeak. 1961. urtean San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kide izendatu zuten, berez 1963an sartu bazen ere. Erakunde horretako kide izateko bere sarrera-hitzaldia La Necesidad de las Bellas Artes en la Vida Humana izan zen. Iruñan zendu zen 1973ko abuztuaren 27an.

  • ANTOLIN PAZ, Mario. Diccionario de pintores y escultores españoles del siglo XX. Madril: Forum Artis, 1994.
  • ARAHUETES, Clara. El Escultor Fructuoso Orduna. Iruña: Nafarroako Gobernua. Argitalpenen Baltzua, 1987.
  • AZANZA LOPEZ, José Javier ... [eta beste batzuk]. Guía de escultura urbana en Pamplona. Iruña: Iruñako Udala. 2010.
  • PRECKLER, Ana María. Historia del arte universal de los siglos XIX y XX. Madril: Konplutensea, 2003.