Pintoreak

Oliver, Juan

Margolaria. Nafarroako Errege-gortearen zerbitzura egon zen XIV. mendean. Ziurrenik, ingeles jatorria zuen, eta dokumentazioan, "Joannes Oliveri" izenez ageri da.

Nafarroan estilo gotiko-lineala sartu zuen, eta Iruñeako katedralaren jangelako horma-irudiak egin zituen, gero Nafarroako Museora lekualdatu zirenak. Pasioa islatzen duten irudiak 1330ean sinatuta eta datatuta daude. Margoek garai hartako ingeles miniaturen antzeko estiloa dutenez, pintorea britainiar jatorrikoa zela ondorioztatu da; baina baliteke frantsesa izatea.

Oliverrek itzala utzi zuen Nafarroan, eta haren eragina bereziki nabarmena da Roque de Artajona maisuaren margoetan eta Ekaiko San Martin elizaren irudietan eta Gareseko Gurutzefikan.