Arkitekto eta hirigile arabarra. Gasteizen jaio zen 1752ko abuztuaren 7an. Jaioterrian bertan zendu zen 1818ko otsailaren 10ean.
Neoklasizismoko euskal arkitekto nagusia izan zen. Madrileko San Fernando Arte Ederretako Akademian egin zituen ikasketak 1779-1781 bitartean. Han Ventura Rodriguez eta Juan de Villanueva ezagutu zituen.
Alamedako Markesa, Ramon Maria de Urbina, Arabako hiriburuko alkatea zelarik (Olaguibelekin batera Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Arabako taldean izen zena), 1781ean, Gasteizko Plaza Berria eraiki zuen. Hori izan zen "berrikuntza akademizistaren" barnean herrialdean egin zen tamaina handiko lehen obra, barrokoaren ia berrehun urteko nagusitasuna mehatxatuz. 1790ean hasi zen "los Arquillos" lanarekin, hots, Gasteizko goiko zonaldearen (zaharra) eta behekoaren (modernoa) arteko desnibela gainditzeko ikusmolde arkitektoniko burutsua. 1804an amaitu ziren hartako lanak.
Jose Morazarekin batera Gasteizko Brigaden portada egin zuen 1784-1786 bitartean. Eta 1806an Diaz de Espadaren jauregia eraiki zuen Armentian, zeina "San Prudentzio etxe" gisa ezagutzen baita. Lan ugari egin zituen Arabako parrokietan. Horien artean hauek nabarmendu behar dira: Foronda (erretaula, 1795), Arriaga (elizpea, 1789; dorrea, 1790), Langraiz Oka (gurutzadura, 1792), Eltziego (San Andres parrokiako sakristia, 1789-1794), Burgu (dorrea, 1796), Pariza (Trebiñun, 1789), Berrikano (1785), Estibalitz (1793), Arkaia (1786), Biasteri (1797), Kanpezu (bataiarria, 1799), Amarita (1800), Aberasturi (elizpea, 1801), Gamarra Nagusia (beheko korua eta burdina-sarea) eta Betoñu (1807). Gasteizko parrokietan eta horien baitako etxeetan hainbat laginketa eta erreforma burutu zituen, bereziki San Miguel eta Andre Mariako Katedral Zaharrean.
Olaguibelen obrek oihartzun handia izan zuten Espainian eta Europan, jarraitzaile ugari izan zituelarik. Escorial entzutetsua egin zuen Herreraren miresle sutsua izan zen. Gainera, Ventura Rodriguezekin batera arkitekturan erreakzio neoklasikoa barneratu zuen Espainian Carlos IIIaren erregealdian. XVIII. eta XIX. mendeko hastapenera bitartean Penintsulako zientzia arloko pertsonaia garrantzitsuenetakoa izan zen.
- CENDOYA, Ignacio. "Justo Antonio de Olaguibel y la reconstrucción del Convento de la Purísima Concepción de Mondragón." Ondare. Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales, 20. Donostia: Eusko ikaskuntza, 2001. 5-14 or.
- LARUMBE MARTIN María. Justo Antonio de Olaguibel. Arquitecto neoclásico. Vitoria: Diputación Foral de Álava, 1981.