Kontzeptua

Oilar jokua

Gaur egun, oilar-jokoa indarkeriazko jolas klasiko gisa agertzen zaigu, gizatalde tradizionalen baitan zeukan kontzeptu orokortuaren aldean, non eginkizun errituala betetzen baitzuen, gazteen indarraren balioa eta potentzialitatea aintzat hartzeko egin beharreko sakrifizioa bailitzan.

Herri-kulturari gagozkiolarik, jardun-esparru anitz sartzen dira herri-kirolen izenaren barruan eta, hauen artean, esangura nabarmena izan ohi dute animaliak baliatuz egiten diten jolas tradizionalek. Jolasok modu desberdinetan egituratu ahal dira, animaliek jolas tradizional hauetan duten eginkizunaren arabera.

Honetara, animaliekin egindako lan esparruko jolasak ditugu (artzain-txakurrak, asto edo zaldi-probak, idi-probak eta beste). Jolas hauetan eguneroko jardun ohikoetan aritzen dira lehian, gizakien lan eta beharretan lagunduta. Beste batzuek, ordea, animalien beraien sen eta instintuetan dute oinarri (emeengatiko nagusitasuna eskuratzeko lehia), ahari eta oilarren borrokak bezala. Edo, bestela, gizataldeak xedaturiko erabilera errituala besterik ez dira eta gizartearen petxero edo opari gisa dihardute (zezenketak, soka muturrak, zezensuzkoak, oilar-jokoak eta antzar-jokoak).

Giza kolektibitate guztiek oro ohikoa izan dute zeinek bere jainkoei eskaintzak egitea, oro har, odol-isuririk zekartelarik. Odola bizitzaren jariakin nagusi eta sinbolikoentzat hartu da beti, ohiko eta beharrezko elementu bihurtzeraino askotariko egitate erritual eta iniziatikoetan.

Funtsezkoa izaten da erritu eta jolas mota hauetan gazteen eginkizuna, gizatalde tradizionaletan gazteak baitira biziaren indarra eta izerdia eta oraindik neurririk gabe ematen den energiaren osotasunaren erreferentea. Honengatik guztiarengatik, gazteria izango da gizataldeari sakrifikatu beharreko ehizakia emango diona, sakrifiziorako aldez aurretik ezarritako erritua beteko duena, jendearen aurrean eta odolarekiko bere dohainak agertuko dituena, arrakasta arrotzezko ospakizunean.

Testuinguru honetan, oilarra abere aproposa izan ohi da sakrifizioetarako, bere odola hamaika zeremoniatan baliatu baita. Euskal kulturaren barruan, martxoko oilarra ongi-egile hegadun izan ohi da tradizioan, oilar beltza aztikeria eta sorginkerien sinboloa da edo, harago, oilarraren kukurrukuak edo kantuak egunaren hastapena edo eguzkiaren agerpena esangura du eta, halaber, gaueko izaki gaiztoen ihesa. Era berean, protagonista ere izaten dira era askotako haurren diru-eske edo postulazioetan (Arrankudiagako Eguen Zuria, Gordexolako Aratusteak, Baztango Egun ttun ttuna edo Aiara bailarako oilarraren jaia); oilarrak fisikoki edo sinbolikoki agertzen dira horietan, bai eta aipatu eta sakrifikatu ere zenbaitetan.

Oilarraren jokoa egiterakoan, aipatu berri dugun testuinguru honetan, lumaduna lurperatu edo kaxoi moduko batean jarri izan da. Eta lehiakideek, begiak itxita daramatzatela, berori bilatu, aurkitu eta gailurra ukitu edo ezpataz moztu behar dute. Hori guztia markatutako mugetatik irten barik eta danbor edo atabal baten erredobleen erritmoan edo, kasuan kasu, txistulariak jotako melodiak orientatuta. Hau da, ez da egiten, beste toki batzuetan egiten den bezala, oilarraren atzetik zaldi gainean korrika eta, eskuaz zein sableaz, esekitako animaliari burua moztu.

Joko hau bi jai zehatzetan agertzen da: inauterietan eta tokian tokiko jai patronaletan. Oso izan da inauteri garaiko jokoa eta esangura berezia izan du bizkaitar Eguen Zurian (Gernika eta Ermua), Baztango haranean oso zabaldutako Egun ttun ttunean edo Orakunde festa eskolarrean eta Aiarako haranean bizi esanguratsua den Oilarraren jaian.

Alabaina, indar bertsuarekin ageri ohi da oilarraren jokoa Gipuzkoako herrietako zaindariaren jaietan (Andoain, Oikia, Aduna, Igeldo, Zizurkil, Aia eta beste), Bizkaian, Oilasko jokoa deituta (Zeanuri) edo Lapurdin (Sara, Ainhoa, Ezpeleta eta Senpere).

  • BENGOA ZUBIZARRETA, José Luís. "Euskal Jokoak / Juegos Vascos". "Temas vizcaínos" 79-80. Bilbo: Bizkaiko aurrezki-kutxa, 1981.
  • CARO BAROJA, Julio. "El Carnaval". Madril: Taurus editoriala, 1965.
  • CARO BAROJA, Julio. "El estío festivo". Madril: Taurus editoriala, 1984.
  • JIMENO JURIO, José María. "Calendario festivo de invierno". Zbkia: 10. Panorama. Iruñea: Editorea: Nafarroako gobernua. Hezkuntza eta kultura saila, 1988.
  • MENDI-ALDE euskal dantza taldea eta DUEÑAS, Emilio Xabier. "Adunako Azeri-dantza eta Oilasko-jokoa" Dantzariak 29. Bilbo: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1985.
  • TRUFFAUT, Thierry. "Contribution á l?etudes des traditions en Labourd" Dantzariak 44. Bilbo: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1989.