Kontzeptua

Ohiturak

"Ohitura" hitzaren jatorria "zerbaitetara ohitu" bezala itzultzen den latindar suesco hitzean datza.

"Ohitura" hitzaren definizioa egile ugarik ezarritakoa izan da. Ciceronentzako,

"ohitura, legearen parte hartzerik gabe, herriaren borondateagatik denboraren joanean derrigorrezko bihurtzen den zuzenbidea da".

Definizio desberdinak ohituraren ezaugarri bereizgarri guztiak agertararazten dituzte. Ahozko erabilera juridikoa dugu, denboraren joan-etorrian oinarritua eta lurralde jakin bateko biztanleriak onartutakoa.

Erromatarren konkistaren aurretik, kristau aroaren hasieran, herriak tribuetan bizi ziren eta eurenak zituzten erabilera juridikoak zituzten. Herri bakoitzak bere zuzenbidea zuen. Zuzenbidea ohitura izaeraduna zen, ahozkoa eta lurraldetarra; lurralde, bailara edota herri jakin baten erabiltzen zen. Caracalla enperadore erromatarrak, 212an, inperioko gizon aske [biztanle] guztiei zuzenbide erromatarra ezarri nahi zien. Hala ere, tokiko ohiturek, lekuen arabera, zuzenbide erromatarrak asko-gutxi eraginda baina, iraun egin zuten. Euskal Herrian, Ediktu hori "eraginik gabekoa" izan zen. Egile latindarrek saltus vasconum "res barbara" bezala izendatu zuten. Germaniarren IV eta V mendeetan izandako indarrezko etorrerek eta Inperio zaharrean sortutako erresumek, sistema juridiko berriak ekarri zituzten. Eta horrek anabasa sorrarazi zuen. Botere legegilerik ezak eta Carlomagnok Inperio erromatarra berrezartzeko ahaleginak egin zituen arren, herriek euren ohiturak zaharrak erabiliz jarraitu zuten. Ondorioz zuzenbide anitz ugari izan zen. Gényk dioen bezala,

"ohitura ezin sortu daiteke gune itxi baten ez bada, ohituraren zehaztasunak gizarte-atmosfera oso homogeneoa eta eragin berdinak nabarmenak diren esparru estua suposatzen duelako".

Orduan, Euskaldunak bizi ziren lurraldean zehar, hizkuntzarekin gertatzen den bezala, sintaxia bera izan arren toki batetik bestera hiztegian aldaerak dituen ñabardura desberdineko funtsezko printzipio juridiko berberak aurkitzea oso garrantzitsua da.

Ohiturazko zuzenbidea, izatez, herrikoia, berezkotasunez sortua dugu. Gizarte-aldrak emana, edozein orientazio sistematikotik at bere sakoneko joera eta beharrizanen arabera sortu du. Beraz, ohitura sortu duen herriaren sakon sakoneko berezitasunak adierazten dizkigu. Euskal Herriko batasun juridiko horrek, batasun politikorik ez den arren, Pirinioen eta Bidasoaren alde bietan herri bakar bat besterik ez denaren adierazpena ematen digu, erromatar inperioaren eraketatik, Iparraldeko eta Hegoaldeko Euskaldunak bananduak izan ziren bitartean, horretarako bi probintzia desberdin eratuz: Tarraconense Hispaniaren Iparraldean eta Galia Akitania Galien Hegoaldean.

XII. mendearen hasieran Zuzenbidearen esparruan garrantzi handiko gertakari bat izan zen. Zuzenbide erromatarraren berpizkundea. Justinianoren Digestoaren eskuizkribu bat Italiako iparraldean aurkitu zen, Bolonian zuzenbidearen eskola eratuz. Eskola horretan justiniar Konpilazioa jatorrizko testuetan ikasten zen. Eskola hori hain izan zen aurreratua ze Europa guztia erakarri zuen. Legelariek zuzenbide teknikoaz, idatzia eta jakintsua, jabetu ziren. Zuzenbide hori unibertsitateetan irakasten zen benetako zientzia izan zen, Europa guztian zehar Zuzenbide Erromatarrarekiko lilura ikaragarria sorrarazi zuena eta aldi berean toki guztietan nagusi bihurtu zena, hirien eta merkataritzaren zaharberritzearen garaian ohiturazko zuzenbidearen hutsunea betetzera zetorrena izanik. Legelariek, unibertsitateetan heziak, ohiturazko zuzenbidearengan euren eragin handiagoa edo txikiagoa tokien arabera, izan zuten. Frantziar Midi guztian jasoa izan zen bitartean, Cataluñan eta Espainiako esparru handi baten, zuzenbide erromatarrak ez zituen Euskal ohiturak aldatu, oso azaletik baino. Eta aipatutakoa horrela izan zen, agian euren ohituren itxuragabetzea ekiditeko, eta Frantziako iparraldetik iritsitako Printze batek, Champagneko Teobaldok, hildako erregearen amaren aldeko lobak, 1234an Nafarroako jargoia oinordetzan hartu zuelako ere eta nafarrek eurenak zituzten ohiturak lehen aldiz idatziz ezarri zituzten, 1238 urtean Nafarroako Foru Nagusia izenekoan bilduz. Foru horren ondoren 1373ko Aiarako Foruak eta 1452an. Bizkaiko Foruak jarraitu zioten.

Ohituren bilduma horiei Foruak izenez eman zitzaien, agian auziak herriko enparantzan, forum izenekoan, epaitzen ziren garaian erabiltzen zen zuzenbidea zelako. Hitz hori testuetan zuzenbide berria izendatzen zen "zuzenbide" hitzari, zuzenbide erromatar kanonikoa, unibertsitateetan irakatsitako zuzenbide jakintsuari aurkaritzen zitzaion. Forua hitzak hirigintzaren berpizkundearen garaian beste esanahi bat hartu zuen: hiriak biztanlez hornitzeko, Gaztelako erregeak Forua hitzez ere izendatu zituen Pribilegio Gutunak ematen zizkien. Baina agiri horiek zuzenbide publiko eta zigor zuzenbidearekiko xedapenak izaten zituzten bereziki, ohiturazko zuzenbideek zuzenbide pribatuko arauak biltzen dituzten bitartean. Gainera, pribilegio-gutunak Erregeek emandakoak ziren, ohiturazko zuzenbidea herriak sortutakoa denean.

Idatziz ezarriak izan arren, ohiturek, hala ere, gizartearen bilakaeraren arabera aldatuz jarraitzen dute. Hori dela-eta mendeen joan-etorrian zehar aldatuz joan izan dira ohitura-bildumak. Nafarroako Foru Nagusiak "hobekuntza" batzuk izan zituen, berezitasunez 1330ean, 1418an... Novisima Recopilación izenekoa 1735ekoa da, eta horren ondoren 1716tik 1841era arteko Gorteetako Koadernoak egin ziren. Azkeneko eguneratzea 1973ko martxoaren legeak onartutakoa izan zen, 1983ko Legeak aldatua. Araban, Aiarako Forua, ohituren idazkuntzaren garaian bizkaitar federazioaren partaide izan zen Aiarako Jaurerrian erabilia zen. 1469an eraberritua izan zen. Bizkaian, 1452ko Foru Zaharra 1506an eraberritutakoa izan zen. Foru Berria 1526koa dugu eta geroztik Francoren garaian Foru Zuzenbide zibilari buruzko bilduma bat egin zen.

1978ko espainiar Konstituzioaren estalpean idatzi berri bat egin zen. 1992ko uztailaren 1eko Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilaren Legea, Aiarako eta Bizkaiko foruak gaurkotzera zetorrena, baina ohiturarik inoiz idatziz jarri ez zen Gipuzkoako Lurraldeari ez dizkio artikulu bi besterik eskaintzen, behin betiko idatzi ofiziala hurrengo garai baterako utziz. Hori izan zen 1999ko azaroaren 16ko Legearen edukia, aurrekoari elkartutakoa alegia. Hori da egun Euskadiko Autonomia Erkidegoko eremu forudunetan indarrean dagoen zuzenbidea.

Frantzian kokatuta dauden hiru euskal lurraldeetan, idazketa ofiziala berantiarragoa izan zen. Jada zentralizatuta zegoen aginte zentralaren sustapenaren ekoizkina izan zen. Carlos VIIak, 1454ko apirileko Montils les Tours Justiziari buruzko ordenantzako 125. artikuluan "bailliages y senechaussées" 1 izenekoen inguruan erresumako ohiturak idaztea agindu zuen. Baina garairako ezarritako prozedura, are ikaragarriagoa zen: ohiturak desnaturalizatu egiten zituen, erregeari toki garrantzitsua emanez berak bestek ez zuelako behin bere Kontseiluan edota Legebiltzarraren bitartez baieztatu ondoren aitortzeko erabaki indarrik. Ohitura bakar bat, Borgoñakoa, idatziz jarri zen orduan. Erregearen agintea eta neurri horien eragina jasaten zuen herriaren adostasuna elkartuz prozedura arrazoidunago bat ezarri zuten Carlos IIIaren 1498ko gutun patenteen eta 1505eko Luis XIIaren agindu baten ondorengo unera arte ez zen idazkuntza benetan hasi. Idazkuntza erregearen aginduz egiten hasi zen: Legelariek eta tokiko nobleek idatzitako egitasmoa izan zen. Geroztik Labourren eta Soulen, lurraldeko Batzar Nagusien pean, Biltzarra Labourren eta Corte de orden Soulen; erregearen ordezkari bi, batzarkideen artetik hautatuak eta erakunde horren baitan aipatu barrutia izanik, izan bitez euskal lurraldeetarako, Burdeosko Legebiltzarra, enparantzan azaldu eta publikazio batzarra mahaiburutzen dute: egitasmoaren irakurketa egiten da, artikuluz artikulu, aurkaritzarik ez baldin badago artikulua "onartua-hitzartua" da eta horrela ez bada, eta inolako akordiorik izanen ez balitz "ez hitzartuak" aurkitzen da; Labourreko Ohituraren artikulu guztiak "hitzartuak" izan ziren, baina Soulen nobleziak eztabaidetan parte hartzen zuen eta artikuluren batzuk ez ziren Aitzin Erregimenaren azkenera arte eta 1794ko Otsailaren 26ko Legearen (Loi de ventôse an II izenekoa) 7. Artikuluak ohituren ezabapena ezarri arte hitzartuak izan.

Les Coustumes generales, gardées et observées au pays et bailliage de La Bourt et ressort dicelluy Burdeosko Legebiltzarrak 1514ko maiatzaren 10ean erroldatu zituen eta Pays de Solleekoak, 1520ko urriaren 21ean, Lege indarra aitortuz. Behe Nafarroako Foruaren idazketa berantiarragoa izan zen, XVIII. mendean lurralde hori oraindik Nafarroako Erresumaren pean baitzen. Nafarrek garai hartan Nafarroako Foru Nagusia eta ahozko izaeradun tokiko ohiturak zeuzkaten. 1512an Aragoiko Fernandoren gudarosteek Nafarroa menderatu eta Juan de Albret eta Nafarroako Katalina erregeen Pirinioetatik haratagorako, Portuez haraindiko Merindadean, atzerriratzearen ondorioz, bere iloba Enrique IIIa, Nafarroako Erregea, Frantziako erregea zenaren urruneko ahaidea eta frantziar monarkiaren lege nagusien arabera Frantziako errege-aulkiaren legezko oinordea zena, 1589an Frantziako eta Nafarroako Errege bilakatu zen. 1608ko martxoaren 14an, Nafarroako erreinuko ohiturak argitaratzeko ardura zuen batzordea, izaera askoz ere murriztuagoa zuena, izendatu zuen. Monarkia absolutuaren hastapenean, idazketarako prozedura ez zen XVI. mendean zenaren berdina izan; errege-ordezkariek herri-batzarra ordeztu egin zuten. Prozesu horretatik eratorritako testuak ez ditu toki-ohiturak egoki islatzen. Nafarren gaitzespenak gorabehera, ohiturak errespetatzeko erregearen ohiko zinik eza batez ere egozten zielako, Luis XIIIak 1611ko apirileko "gutun patenteak" izenekoen bitartez honako hau agindu zuen: "ordezkariek argitaratutako ohiturek gaurtik aurrera Nafarroako Erreinurako Lege izan daitezela...", baina Nafarroako Kantzelaritzak ez zuen 1622ra arte erroldatu eta 1644ra arte argitaratu, Nafarroako Legebiltzarraren agindu bat egikarituz.

Iparraldeko hiru ohiturak Pierre Haristoy-k argitaratuak izan ziren (ikusi Bibliografia).

Aiarako, Bizkaiko eta Nafarroako Foruek ez bezala, euren arauak ordezko izateaz gain askatasunarenganako begirune handiaren erakusle izanik, Iparraldeko Ohiturak hainbat aginduzko xedapen biltzen dituzte. Zuzenbide Erromatarra ohituraren tradizio juridikoa errotik aldatzera zetorren garai baten, idazleek dirudienez euren erabilerarik oinarrizkoenak gizarte antolaketarako era seguruan, bere deformazioa ekidinez, ezarri nahi izan zituzten. Terminologian besterik ez zioten Zuzenbide erromatarrari jarraitu. Notaritza zeregineko ekimenak argi nabarmentzen zuten antzinako erabilerak 1789ko Iraultza zaharrean oraindik ere errespetatzen zirena, eta, askoz beranduago ere, erromatar terminologiara egokitu izan arren.

Euskal zuzenbidea bere antzinakotasunagatik nabarmentzen da, mendeetan zehar aldaketa sakonik izan ez duela. Ohituren lehendabiziko idazkera ofiziala egin zen 1237 urtetik Iparraldean izandako Frantziako Iraultzara arte, baserri aldean gaur arte ere, euskal zuzenbidea bereizten duten funtsezko printzipioak berdinak dira tokien araberako ñabarduraren batzuk gorabehera.

Ohiturak, herriarengandik sortutako zuzenbidea, hizkuntzarekin batera, herri bat bereizgarri egin eta bere nortasunaren fede ematen duten elementuak dira.


1Frantziar iraultzaren aurretik izan ziren administrazio-, epai- eta finantza-batasuna zeukaten lurralde-barrutiak