Kontzeptua

Nazionalismoa eta hezkuntza Euskal Herrian

Euskal nazionalismoak kulturaren eremuan kapital politiko nabarmena izan du eskuartean euskal komunitatearen kultur nortasuna oinarritzeko garaian, euskal nazioa aldarrikatzeari dagokionez funtsezkoa gertatu dena; euskal kultur nortasunak euskal nazioaren oinarriko ardatza den euskal komunitate nazionalaren ikuspegiari sendotasuna eman dio, ezinbestekoa bihurtuz kontzientzi nazionala eraikitzerakoan. Hala ere, euskal nazionalismoa erronka nagusi bati erantzun beharrean aurkitu da, izan ere kultur garapena neurri batekoa ala bestekoa izan funtsezkoa bihurtzen da Estatu frantsesa eta espainiarraren eskutik bere ustez burutu izan den asimilazioari aurre egiteko. Euskal kultura denik ukatzeko edota gutxiesteko politikak ugariak izan dira bi Estatuetan: besteak beste, oinarrizkoa irakaskuntzaren eremuan buruturiko politika, kultur identitate orokorra (frantsesa/espainiarra) indartu nahian, honi aurre egingo liokeen edo zalantzan jarriko lukeen euskal kulturari eskolaren ateak itxiz edota, eraginkortasun politikoa indargabetzeko asmoz, presentzi folklorikoa/testimoniala eskainiz. Euskal nazionalismoak, garai eta era ezberdinetan, aurre egin nahi izan dio kulturak Estatuen eskuetan jokatu izan duen oinarri legitimatzailearen logikari, esate baterako hezkuntza-sistemaren kontrola arazo nazionalaren ardatz gisa azalduz.

Euskal nazionalismoak, kulturaren kapital politikoaren garrantziaz jabeturik, ulertu izan du euskal kulturak Estatuen pareko kultur garapena izanez gero, ezarri izan duten asimilazioari aurre egiteko egoera hobean egongo litzatekeela Euskal Herria nazio eraikuntzaren ikuspegitik. Azken bi mendeetan, behin baino gehiagotan erreakzionatu izan dute Estatuek -ahal izan duten neurrian bederen- euskal kulturari bizirik irauteko beharrezkoa litzaiokeen babes politikoa ukatuz, orokorrean kultur azpiegituraz gain hezkuntza-azpiegitura ziurtatuko liokeena. Frantziak eta Espainiak, euskal nazionalismoak sarri askotan salatu duenez, Estatu-Nazioaren identitatearekin bat ez datorren bestelako identitate nazionala elikatu zezakeen arrisku politiko gisa hartu izan dute euskal kulturaren presentzia irakaskuntza eremuan. Osatzen den katea aintzat harturik (kultura/nazioa, nazioa/egitura politikoak, egitura politikoak/hezkuntza-sistema, hezkuntza-sistema/kultura), euskal nazionalismoarentzako nahitaezkoa suertatu da hezkuntza-sistema era batean edo bestean kontrolatu nahi izatea euskal kulturak, euskal nazioaren zutabe nagusitzat jo duen heinean, hezkuntza-sisteman lekua izan dezan.

Hizkuntzaren gaiarekin kulturarenarekin egindako antzeko analisia egin daiteke: hizkuntza-komunitatearena garrantzitsuenetarikoa da ideologia nazionala oinarritzen dituzten elementuen artean. Estatuek, nazio-integrazioari begira, beren menpeko lurralde osoan identitate nazional bakarra sortzea izan dute helburu eta, Frantzia eta Espainiari dagokienez, frantsesa eta gaztelera identitate elikagai oinarrizkoak izan dira. Komunitatearena da berriro aintzat hartu beharreko erreferentzi nagusia: hizkuntza edozein giza talderen lokarri indartsua da eta nazionalismo mota askok hizkuntza-komunitatean ikusiko dute nazioaren ezaugarririk funtsezkoena. Bai Espainiari, baita Frantziari, beharrezkoa gertatu zaie komunitate-identitatea eraikitzea eta hizkuntza izan da batasun zutabe nagusia. Horretarako -arrakasta maila berdina izan ez bada ere- herritarren homogeneizazioa bultzatzen saiatu dira hizkuntza nazionalaren itzalpean. Sarritan azpimarratu izan da gizartearen modernizazioak/garapenak ezinbestekoa egin duela hizkuntza batean burutu beharreko populazioaren heziketa eta hizkuntza nazionalaren aukera (Estatu-Nazioarena, alegia) guztiz pragmatiko balitz bezala aurkeztu izan da, beharrari erantzungo liokeena. Neurri mesedegarri gisa aurkeztu izan den eskola-hizkuntzaren aukerak besteko egoera ezin du estali: beste hainbatetan gertatu den bezala, Estatu frantses eta espainiarrarentzako guztiz garrantzitsua izan da herritar bakoitzak normalizatua eta zentralizatua den hizkuntza oinarrizko eskolan ikastea; baina eskolan ikasten ez den hizkuntza ahazteak edota gutxiesteak ez du garrantzi txikiagorik izan. Frantsesak eta gaztelerak komunitate nazionalaren kohesioari dagokionez izan duten protagonismoa aintzat harturik, euskal nazionalismoak -euskal komunitate nazionalaren defentsan- hizkuntzak Estatuek bultzatutako kultur asimilazioaren prozesuan duen garrantzi politikoa nabarmendu izan du.

Estatu frantsesak eta Estatu espainiarrak lotu behar izan dute nazioaren ideologia hizkuntza nazionalaren ideologiarekin; lotura hori era eraginkorrean gauzatzerakoan eratutako hezkuntza-sistema eta eskola egiturak ezinbestekotzat jo dituzte. Hizkuntza funtsezkoa gertatu da frantses Estatua eta Estatu espainiarraren batasunari dagokionez; hizkuntza-batasunak Estatuaren jarduera errazten du, eta ez dagoenean edota egon izan ez denean -Frantzia eta Espainiaren kasu- helburu bilakatu da. Frantsesak eta gaztelerak bazuten eta badute Estatua, eta frantsesa eta gaztelera Estatu frantsesaren eta Estatu espainiarraren hizkuntza nazionalak ziren eta dira. Testuinguru horretan uler daiteke -ezberdintasunak izan baldin badira ere- irakaskuntzan frantsesak eta gaztelerak XIX. eta XX. mendeetan izan duten presentzia zein neurritaraino den garrantzitsua -ez izateak, edo zein neurritakoa, garrantzia duen bezala euskal nazioalismoaren ikuspegitik euskarari dagokionez-. Eta presentzi hori ezin da ulertu, besteak beste, irakaskuntzaren eremuan bai Frantziak bai Espainiak burutu izan duten politika kontutan hartu ezean.