Eskultoreak

Navajas Aguirrezabala, Gabriel

Gabriel Mauricio Julio Navajas Aguirrezabala, eskultore eta dekoratzaile donostiarra. Donostian jaio zen 1892ko irailaren 22an eta hiri berean zendu zen 1972ko martxoaren 26an. Aita Juan Navajas Echave donostiarra zuen eta ama, berriz, Gabriela Aguirrezabala Abruza, Astigarragakoa (Gipuzkoa).

Gabriel Navajas, 1965

Donostiako Jesusen Bihotza ikastetxean egin zituen ikasketan eta, ondoren, marrazketa eta eskultura ikasi zuen Parisen eta bertan bizi izan zen 1914. urtean lehen mundu-gerra lehertu zen arte. Donostiara itzuli zelarik, Gargallo anaien dekorazio-tailerrean hasi zen lanean, hiriaren erdiguneko Printzearen kalean (egun Arrasate kalea). Tailer hartan urte asko eman zituen lanean anaia nagusiaren, Luis Gargalloren, bazkide egin zen arte, eta hiriko arkitekto onenekin egin zuen lan. Luis Gargallo hil ostean, Navajasek hartu zuen Eskultura eta Dekorazio Tailerraren gidaritza 1972. urtean hil zen arte. Maria Cristina eta Londres eta Ingalaterra hotelak, Nautiko Kluba, Erreparazioko Eliza eta Astoria Zinea dekoratu zituen, burutu zituen jarduera profesional askoren artean. Gainera, hiriko etxe zaharretan begiratoki asko modernizatu zituen.

Eskultore modura, garaiko jende garrantzitsuren busto ugari egin zituen, tartean bere lagunarenak, esate baterako, Real Sociedad eta Real Madrid (zenbaitetan bi taldeak aldi berean) taldeetako jokalaria izan zen Alberto Machimbarrenarena (gaur egun klubaren bulegoetan dagoena oraindik) eta Pablo Sorozabalena (1993. urtetik Madrileko Príncipe de Vergara kalean kokaturik dagoena). Halaber, euskaldun esanguratsuen bustoak egin zituen, esate baterako, Juan Cruz Lerchundirena. Busto horrekin Lehen Saria eskuratu zuen Donostiako Ongintza Batzordeak egindako lehiaketa irekian eta, gaur egun, Zorroaga Fundazioaren lurretan dago kokaturik, Amarako auzoan. Halaber, Espainiako politikarien bustoak egin zituen, Calvo Sotelorena adibidez. Beste ohore batzuen artean, Francisco de Aranaz Darrasek, hots, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren (1953) sortzaileetako batek, Maskor originala sortzeko agindua eman zion, jaialdi ezagun horretako ikurra dena egun. Halaber, Donostiako San Ignacio Zirkuluaren erakusketa kolektiboan parte hartu zuen. Erakusketari-talde horren ondorioz sortu zen Gipuzkoako Artisten Elkartea 1949an.

Kirolzale amorratua zen, baina txirrindularitza, pilota eta futbola maite zituen gehienbat. Real Sociedad futbol-taldearekin jokatu zuen Txirrindulari Elkarte izendatzen zenean, XX. mendeko lehen hamarkadan. Fortuna Kirol Klubaren bazkide sortzaile izan zen eta 1961. urtean urrezko ikurra jaso zuen aipatu klubaren eskutik. Orobat, Gaztelupe Gastronomia Elkarteko bazkide izan zen sortu zenetik, eta hainbat urtez bertako presidente ere bai.