Arkitektura

Mutrikuko lonja

Mutrikuko lonja hartzen duen eraikina San Pedroko Nabigatzaileen Kofradiaren (Mutrikuko lehen arrantzale-kofradia) ekimenez eraiki zen. Eraikin horren funtzio nagusia arrain freskoaren salerosketa zen. Hori dela eta, eraikinaren arkitekturan erabilera praktikoa lehenesten da, estetikaren aurretik. Eraikin enblematikoa da Mutrikun. Antzinako estilo errenazentistakoa dela esan daiteke, nahiz eta historian zehar sarritan eraberritu eta zaharberritu den.

Lonja 2010
Lonja 1920-1924

Eraikin estilizatu eta zabala dugu aurrez aurre. Fatxada nagusia erdi puntuko hiru arkuz (zortzi zutabetan banatuak) hornitutako beheko oinak, oin nagusi batek (bertan arkuekin lerrokatutako hiru leiho nabarmentzen dira) eta ganbarak (goitegia) osatzen dute. Fatxadaren burualdean diagonalean kokatutako zurezko habexkaz hornitutako teilatu-hegala ikus daiteke.

Alboko fatxadetan erdi-puntuko arku bana ikus daiteke, beheko oinean.

Eraikinaren zati handiena harlangaitzez eraikia dago eta, ohikoa den moduan, silarria angelu, zutabe, arkuetako dobela eta leihoetako markoetan erabiltzen da.



  • MARTÍNEZ ÁLAVA, Carlos J. Mutriku: historia eta ondarea = Mutriku: historia y patrimonio. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2009.