Dantza

Mutil-dantza

Bi dantzen multzoari Iturenen Zortziko esaten zaio, baina berez mutil dantza bat da, txapelaren agurraren eta elkarri "aunitz urtez" opatzearen errituarekin eta ondoren egiten da Soka dantza, eta hemen bai, hemen zortzikoaren erritmoak ageri dira. Mutil dantzak beti izaera dotorea izan du eta txistuaren eta danbor-jolearen erritmora dantzatzen da Aurtitz auzoan agintarien eta erretorearen aurrean, San Martin egunez, azaroaren 11n, San Joan egunez, ekainaren 24an eta beste zenbaitetan Mendaurko Trinitatearen jaitsieran edota banda edo cantamisa bezalako festa herrikoi batzuetan. Ostatuan dantzatzen denean izaera askeagoa hartzen du, eta antzina, talderen batek besterik esan bazuen ere, bere erritmoa mantsoagoa zen.