Musikari gipuzkoarra, 1888an Irunen jaioa. 80 urte zituela hil zen, 1968ko azaroaren 29an.
13 urte zituela sartu zen Udal Bandan, 1901ean; 1904an klarinete bakarlari izendatu zuten, eta garai hartako onentzat jo zuten. Regino Arizen dizipulu kuttuna izan zen. 1914an Irungo udal bandako zuzendari izendatu zuten eta 1918an Musika Akademiakoa. 1947an, Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak Murua Alfontso X.a Jakitunaren Ordena Zibilean sartzea erabaki zuen, eta hori zela eta, omenaldia eskaini zitzaion. Bandan egin zuen emanaldiak distira nabarmena ekarri zion musika irundarrari.
Taldea maiz kontratatzen zuten Espainiako eta Frantziako hainbat hiritan jotzeko. Arrakasta handiak izan zituen 1936ra arte, orduan desegin baitzen. 1945ean berrantolatu zen. Muruak zuzenduta, Akizen (1952) eta Albin (1955) aritu zen, arrakasta handiz. Frantziako prentsak laudorio beroak eskaini zizkien Bandari eta bere zuzendariari. Maisua 1961ean erretiratu zen, eta bere eskoletatik ehunka musikari igaro ziren gerora. 1901etik 1961era, San Martzialeko Alarde guztietan parte hartu zuen.
