Eskultoreak

Mogrobejo Abasolo, Nemesio

Bizkaitar eskultorea. Bilbon jaio zen, 1875eko martxoaren 15ean, eta 1910eko apirilaren 6an hil, Gratzen.

Umea zela, ikastun sartu zen Federico Saenz bilbotar irudigilearen tailerrean, eta, bertan, buztin gaineko modelatuaren eta egur-zizelkatzearen teknikak ikasi zituen, baita igeltsuzko modeloak egin ere. Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan marrazketa ikasi zuen. Paula Schenek austriar ikaskidearekin maitemindu zen, eta bidaiatzeari ekin zioten, 1897an. Harekin ezkontza zibila egin zuen, eta 1898ko apirilaren 22an, Etterbeck-en seme bat izan zuten, Bruselatik gertu. Nemesio Adolfo Leonardo izena jarri zioten, eta ama baino pixka bat beranduago hil zen.

Paularen heriotzak, 1898ko ekainaren 7an, berebiziko haustura eragin zuen Nemesioren obran, eta baliteke hori izatea haren lanen indar etsiaren eta malenkoniatsuaren jatorria. Bizkaiko Aldundiak diru-laguntza eman zion, atzerrian ikasketak egin zitzan. Hala ere, azkeneko unean laguntzari uko egin zion, hasita zituen obrak amaitze aldera. 1898an, izaera eta pentsamoldea aldatu zituen, eta pasio-krisi horren lehen emaitza Paula Scheneck-en hilobia da, Vienan 1899an aurkeztutakoa. Lortutako arrakastari esker, hainbat urte eman ahal izan zituen Gratzen, eta Vienara, Stuttgartera, Munichera eta Parisera (1900) bidaiatzeko aukera izan zuen.

Jakinik Bizkaiko Aldundiak oposizioak deitu zituela lau urteko diru-laguntza esleitzeko, Bilbora joan zen, eta ahobatezko erabakiaz irabazi zituen oposizioak. Firenze bisitatu ostean, Erromara joan zen bizitzera. Bertatik, Risveglio izeneko obra ederra bidali zuen Bilbora. Horren ostean, beste eskultura hauek bidali zituen: Hero y Leandro; Anselmo Guinea bizkaitar margolariaren bustoa eta Eva, gerora haren maisulantzat hartu zena.

1904an, Bilbon denbora labur batez egon ondoren, Firenzera joan zen, eta, bertan, La Muerte de Orfeo modelatzen hasi zen; baina ez zuen amaitu, birikeri gaizto batek eta diru-laguntzaren agorpenak bizitza zapuztu baitzioten. Bilbon, Parisen, Murgian eta Bartzelonan egonaldiak egin zituen. Azkenik, Durtolgo osasun-etxera (Suitza) joan zen, sendatzen saiatzeko. Oraindik ere, Firenzera eta Erromara berriz bidaiatzeko aukera izan zuen. Hilzorian zegoela, Gratzera heldu, eta bertan zendu zen.

Ignacio Zuloaga eibartar margolariaren adiskide ona izan zen, eta hark esan zuen Espainiako lehen eskultore unibertsala zela. Era berean, Miguel de Unamuno idazle herrikidearen adiskide izan zen, eta bere obra orokorretan askotan aipatzen du. Mogrobejoren obra inteligentea Europan zehar sakabanatuta dago, eta gaur egun, Bilboko Arte Ederretako Museoan haren lanaren parte bat ikus daiteke.

Eugenio D'Ors-ek honela ikusi zuen:

"Mogrobejo Canovarengandik gertuago dago Miguel Angelengandik baino, kontuan izanik figuren bizitasuna, dinamismoa eta indarra mende hasierako artista baten eskuetatik jaio dela, eta harengan dekoratibismo modernista nagusi dela. Aitortu behar dugu urte batzuk gehiago bizi izan balitz, espresionismo modernoan murgilduta bukatuko lukeela" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Boyky (Bilbo, 1910):

"Mogrobejok bere figuretan formaren edertasuna eta izpirituaren adierazpena armoniaz bateratzen ditu. Brontzeari bizitza ematea, gauzak arimaz hornitzea da, sortzea da. Horregatik, Mogrobejoren lanen zuzentasunak eta pasioak bizitzaz eta edertasunaz blaitzen dituzte haren estatuak, bustoak eta taldeak, eta, horrela, pertsonal bilakatzen dira" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Juan de la Encina, (Bilbo, 1910):

"Nemesioren obra guztiak, hasierako apaingarriak alde batera utzita, egoera emozional bakar -eta konplexu- baten emaitza dira. Eskulturen formetan, jarraikortasun zorrotza ikus daiteke, eta aniztasun horretan, horrenbesteko bateratasuna dago, ezen -hitzaren esanahia behartu gabe- organiko izenda genitzakeen. (...) obretan dardara sartzen du, haren figurei odola, bihotza, erraiak, giharrak eta hezurrak eman zizkien haragiaren barneko ikara, alegia. Irudi bizidunak egiten zituen eskultore honen talentuan, matematikariaren esentzia dago, Errenazimenduko italiar artista handiekin gertatu bezala. (...) Adierazkortasuna eta edertasunaren izaera menderatzerako joera zuen beti. Erretratuetan soilik hartu zuen bi elementu horiekiko interesa, eta oso era diskretuan erabiltzen zituen, behartu gabe eta edertasunari eta egiazkotasunari etengabean lotzen zitzaizkiela" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).