Irakasleak

Mitxelena, Mari Karmen

Andereño. Usurbilgo San Esteban auzoan jaio zen, 1938an.

Maritxu Olariaga donostiar euskalduna izan zuen lehen maistra, nahiz eta ikasketa erregelatu guztiak gazteleraz jaso zituen, diktadura frankistak aginduta zegoen bezala. Lehen ikasketak amaituta, maistra haren bitartez batxilergoa egitera aldatu zen Donostiara, teresartarren ikastetxean.

Horren bukaeran, fabrika batean lanean hasteko egokiera suertatu zitzaion baina Magisteritzarako erakarpen naturalak tiratuta, nonbait, Ategorrietako Magisteritzako Eskolan hasi zen eta bertan eman zituen karrerako hiru urteak. Amaitu aitzin, ordea, ordurako andereño lanetan ari zen Jone Forcada irakaslearen eskariari jarraikiz, Elbira Zipitriarekin praktikak egiteko aukera paregabea sortu zitzaion. Horrela ekin zion Donostiako Kaiko ikastola txiki batean, berez frantses eskolako ikasle ziren lau neska-mutili euskarazko klasea emateari. Ume haiei idazten eta irakurtzen irakasteaz gain ipuinak ere kontatzen zizkien eta Jaunartzerako euskarazko prestakuntzaz ere arduratzen zen.

Horrela abiatu zen Mari Karmen Mitxelena euskarazko irakaskintzan, 1956an. Handik urtebetera, behin praktikak eta karrera amaituta, modu profesional bete-betean abiatu zen euskarazko irakaskuntzan, hain zuzen ere Kaiko ikastola txiki hartan, Forcadari erreleboa emanez. Mitxelenak berak dioenez, "Oso urte politak izan ziren haiek, baina baita gogorrak ere, klandestinitatean aritu behar izan baikenuen". Kaiko ikastolan hamaika urte eman zituen.

Ikastolak hedatzen hasi ziren Euskal Herri osoan eta pertsonal egokia prestatzeko premiak oso handiak ziren. Hori dela eta, Donostiako bere ikastolan andereño gazteentzako urtebeteko praktikak ahalbidetzeari ekin zion Mitxelenak, Elbira Zipitriaren metodologia ahalik eta zehatzen aplikatuz. Material pedagogiko eskasiaren ondorioz, zuzeneko ezagutzan oinarritu zuten irakaskuntza, egun konstruktibismo deitzen den metodologia erabiliz.

Ikastolen mugimendua zabaltzen joan zen neurrian, hezkuntzako ikuskari eta funtzionarioen begi luzeetatik libre egotea konplikatuagoa bilakatzen zen egunetik egunera, irakaskuntzako sarean toki bat egiten ahalegintzen ari ziren zentroetan. Egoerari nolabaiteko normalkuntza eman nahian Elbira Zipitria, Koro Aldanondo, Miren Terese Aleman eta Mari Karmen Mitxelenak apustu erabakigarria egin behar zutela iruditu zitzaien eta zituzten ikasleen gurasoen laguntzarekin Elizara jo zuten, lehenik, babes bila, eta jarraian Orixe Kultura Elkartea sortu zen, honen helbururik nagusiena legez onartutako ikastola bat bultzatzea izango zelarik.

Nolanahi ere, behin betiko legeztatzea gertatu zen bitartean, ikastola txiki haien eguneroko bizitza zailtasunez beterik egon zen, ikastolaren legeztatze prozesua bera arriskuan behin baino gehiagotan jarriaz. Azkenik, oztopo guztiak gaindituta 1969-70 ikasturtean baimena eman zieten, irakaskuntzarako leku aproposagoak lortzeko betebeharrarekin. Ordurako Orixe Kultura Elkartea horretan ari zen eta, beraz, ibilbide berriari ekin ahal izan zioten. Era horretan, aro garaikideko lehen ikastola donostiarra abian jarri zen.

Mari Karmen Mitxelenak Orixe ikastolan garatu du bere ekintza pedagogikoa ordudanik, hain zuzen ere 2001ean erretiroa hartu arte. Berrogeita bost urte eman zituen, beraz, euskarazko irakaskuntzan.

XX. mendeko hirurogeietako hamarkadan gipuzkoar andereñoen mugimenduak adierazitakoa nolabait eskertu nahian, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eskaini zion kolektiboari, 2009an. Mari Karmen Mitxelenak berak hartu zuen andereño guztien izenean gipuzkoar erakundearen golardoa.