1891ko martxoaren 7an jaiotako atleta gipuzkoarra. XX. mendeko lehen erdiko abiadura-lasterkari onena izan zen. Espainiako txapelduna izan zen 7 aldiz (4 aldiz 100 metrotan 1917 eta 1920 artean, markak: 11.4, 11.0, 11.4 eta 11.2, eta 3 200ean 1917 eta 1919 artean, markak: 24.8, 23.8 eta 24.2). 1918ko urriaren 13an egin zuen 11.0ko marka historikoa, Espainiako errekor gisa 1931 arte iraun zuen, eta Euskal Herriko eta Gipuzkoako errekor gisa 1958 arte (bezperako bere 10.8a haizetsutzat jo zuten finalerdian, nahiz eta garai hartan ez zegoen anemometrorik, eta ondorioz ez zen homologatua izan). 200 metrotan ere Espainiako errekorduna izan zen, 1918an 23.8rekin (2 urte geroago Ordoñez herrikidea izan zen haren ordezkoa, 23.4 metrorekin). 1924an Espainiako errekorra hautsi zuen 4x100 erreleboko kidea izan zen, 46.4 denborarekin. Luzeran 6,14 jauzi egin zuen 1918an Oñatin, euskal errekorra 6,13 izanik, baina ez zen homologatua izan, jauzkariak ez zituelako gutxieneko baldintza teknikoak betetzen. Olinpikoa izan zen Anbereseko eta Parisko Jokoetan. 1920an, 2. izan zen, bai seriean, bai final-laurdenetan, eta 5. geratu zen 100 metroko finalaurrekoan; 200 metrokoan, berriz, kanporatu egin zuten, 3. geratu baitzen. 1924an, 100 metroko seriea irabazi zuen, 11.4rekin, baina final-laurdenetan kanporatua izan zen, 6. iritsi zenean; 200 metrokoan, seriean kanporatua izan zen, 4. geratu zenean. 1959an hil zen, bere errekorra galdu eta hurrengo urtean.
José Mª GARCÍA MARTÍNEZ DE MURGUIA (2007)
