1973ko azaroaren 16an Zestoan jaiotako txistulari, albokari eta dultzaineroa.
"Euskal Herriko Txistularien Lehiaketa" irabazi zuen 1994 eta 1996ko edizioetan, eta bigarren postua 2002an; halaber, "Errenteriako Txistulari Banden Lehiaketa" irabazi zuen Gasteizko Udal Txistulari Bandarekin 2002an, eta talde horretako zuzendari izan zen 1997tik 2002ra. Ondoren, Donostiako Udal Txistulari Bandako silbotea izan zen urtebetez, eta Bilboko Txistulari Bandako zuzendaria izan zen 2004ko urtarriletik. Horrez gain, Azpeitiko Izarraitz eta Zestoako Idiakaitz txistulari taldeetako zuzendaria da, baita Izturi folk taldeko eta Elgoibarko Dultzaineroen kidea ere. Halaber, txistulari bakarlari gisa aritu da ekitaldi ugaritan, baita ETBko hainbat saiotan ere. Aukeran dantza taldeko albokaria eta Txistu, Dultzaina eta Alboka irakaslea izan da Azkoitiko Bizkargi Musika Eskolan. Grabazio diskografiko ugari egin ditu Gasteizko txistulari bandarentzat, Gibantzar bandarentzat, Juanjo Oconen zuzendaritzapean, edota Izarraitz taldearentzat, Yoyes filmaren soinu bandaren grabazioan parte hartzeaz gain, baita Ttakolo, Pirritx eta Porrotx pailazoen diskoetan ere.
- BASTERRETXEA, I.: Garikoitz Mendizabal ohorezko txistularia. Txistulari, 204, urr.-aza., pp. 33-35, 2005.
