Literatoak

Mendiburu, Sebastian (1989ko bertsioa)

"Jesusen Compañiaco A. Sebastian Mendiburuc Euscaraz eracusten duen Jesusen Bihotzaren Devocioa" lana Donostian argitaratu zen 1747an. Lau urte beranduago Iruñean agertu zen lan bera, baina izenburua apur bat aldatuta. Jesusen Bihotzaren deboziozko tratatuan, Aita Larramendi idazleari idatzitako gutun bat barneratzen da hitzaurrean. Loiolako zigilua daraman 1747ko gutun horretan, Michelek aipatzen duenez, Mendiburu atsegintsu eta pozik azaltzen da, erlijio kristauaren egiak euskaraz ematen direlako, modu argi, zehatz eta ederrean. 1760an Mendibururen lanik on eta luzeena argitaratu zen Iruñean. "Jesusen Amore-Nequeei dagozten cembait otoitz-gai" edo Algunas materias de oración y meditaciones sobre el amor y los sufrimientos de Jesús izenburupean. Lan horretan Jesusen Bihotzari buruzko laurogeita zortzi meditazio eta bestelako gai elizkoi batzuk barneratzen dira, ziur aski, gaztelaniaz argitaratutako antzeko lanetik itzuliak. 1762an "Euscaldun onaren biziera" argitaratu zuen.