Jon Iriberri.
1963ko abenduaren 17an Oñatin (Gipuzkoa) jaio eta Gasteizen (Araba) bizi den euskarazko idazlea.
Larrosak, noizean behin (Erein, 1990) eta Sagarraren hausterrea (Erein, 1994) bere lehen poesia liburuetan "Jon Iriberri" ezizenarekin sinatu zuen. 1999an argitaratu zuen Hau-lanerako poemategia (Erein), nagusiki lau gai hauek ukitzen dituena, egilearen beraren hitzetan: olerkiak idazteko lana, "neure buruari zertarako eta norentzat galdetuz"; seriotasun falta; "euskal gatazka" deiturikoa, abertzaletasunaren gehiegikeriak jorratzen dituzten zenbait olerkirekin; eta maitasuna. Maitasunari buruzko poemetan, ni poetikoa desagertu egiten da, eta hainbat pertsonaiaren gogoetak eskaintzen dira. Izenburu honek keinu bat egiten dio Ibon Sarasolaren Hau-lanerako hiztegiari eta Xabier Leteren Zentzu antzaldatuen poemategia poema liburuari. Markuletak Hau-lanerako poemategia aurkezterakoan adierazi zuenez, nagusiki "mina sentitzen nuelako" idazten zituen poemak, baita beste arrazoi hauengatik ere: "Herri baten falta, maitasun falta, elkar ulertzeko ezintasuna". Markuleta poesia kalera eramaten saiatu da, eta hainbat poesia errezitaldi antolatu ditu beste poeta batzuekin batera, batez ere Iban Zalduarekin elkarlanean.
Ipuin bilduma bat ere idatzi zuen (Ipuin euskaldunak, Erein, 1999), Iban Zalduaren ipuinak ere jasotzen zituena; eta baita haurrentzako ipuin liburu bat ere, 1994an Zarauzko Udalaren Lizardi Saria irabazi zuena (Asier eta egia gurutzatuen liburua, Erein, 1995).
Julio Cortázarren Oktaedroa (Ibaizabal, Literatura Unibertsala bilduma) eta Poesia katalanen antologia (Ibaizabal, 1997) euskaratu ditu; eta Rikardo Arregiren Kartografia (Bassarai, 2000) poemarioa gaztelaniara itzuli du.
Joseba Jaka literatur sorkuntza beka jaso zuen 2003an, poesia sailean, Batak ez du bestea kentzen proiektuagatik.